2009/10/09

Urriak 2-5. Zubia Thirroulen


Urriak 5 'Langilearen eguna', jaieguna izan ohi da Australian (ez dakit zergatik aukeratu zuten egun hau). Egia esan, hemen ez dago Euskal Herrian eta beste hainbat lekutan adinako lanerako 'grin' hori edo gehiago esango nuke: ahal den neurrian (eta han baino zabalagoa da) kontrakoa izaten dela.Kontuak kontu, aurtengoan astelehen batean suertatu zen, eta zubi baten aurrean geunden Micaelak proposamen berri bat egin zigunean: "¿Quetal si el puente que viene vamos a la casa que mis padres tienen en un pueblecito de la costa? Está a una hora y media al sur de Sydney, y si hace bueno es un planazo. Además igual tendreís la oportunidad de conocer a los Pattison...". Hasieran baiezkoa gehiagok eman genuen arren baina, Javi, Micaela, Maialen eta ni izan ginen ostiral arratsaldean Central Stationen elkartu ginenak.

Eguraldi aurrikuspenek zubi osoan laino manta baten azpian izango ginela zioten arren gutariko inork ez zuen atzera botatzeko asmorik erakutsi. Azken boladan lan asko egin ostean atseden bila zihoan Javi; esperientzi berrien gosea asetzera Maialen eta biok. Micaela ateak ireki eta familiarekin egotera. Ez genuen gehiago behar.

Trenbidea paisaia ederren artean igarotzen zen arren 17.30ak inguru eta laino mardulak; ilun zen beraz. Lehioetara begiratzeko bi arrazoi bakarrik beraz: nora begiratu ez jakitea eta ispilu efektua. Ez genuen horrelakorik behar izan ordea, Central Stationetik irten eta Central Stationera iritsi bitartean ez baikenuen asper-isiltasun deserosorik izan. Lehenengo gaia: marrazo eta krokodiloen haginkadak.
Bull Shark, White Shark (marrazo zuri fotogenikoak Zumaian lupia baino gehiago ikusten dira nonbait Australiako ekialdeko kostan), ur gazietako krokodiloa... Azken boladan guztiek izan dute nonbait albistegietako beren tartea.

Sydney inguruan adibidez, marrazoek bi ezusteko jarraian eman omen dituzte azken bizpahiru hilabeteotan. Lehenengoa bailaran bertan. Urpeko entrenamendu lanetan ari zen nonbait militar bat marrazo batek gominola bat bezala tratatu eta akabatu zuenean. Aiii regalizak.... Bigarrena hurrengo egunean izan omen zen. Bondi Beach famatuan surflari bat egunero bezala sartu omen zen goizeko seiak inguruan olatu ederrenak berak soilik laztantzeko asmoz. Goizean goiz eta arratsalde amaieran ez da gomendatzen horrela erabiltzea; marrazoaz gosez inguratzen baitira. Eta bai, mutil onek ondo ezagutzen zuen itsasoa, surflari bikaina zen, olatu ederrenak marrazten ibili zen... Baina beso bat izan zen faktura.

Ordu eta laurdenean beste hainbat kontu kontatu zizkiguten eta garbi utzi ziguten hondartza batzuk zergatik egon ohi diren hutsik. Bapatean "
¡Ostia! ¡Que tenemos que bajar!". Bakoitzak bere motxila hartu eta korrika jeitsi ginen trenetik (jeitsi diot, hiru solairu izaten baitituzte [-=-=] eran antolatuak).

Thirroul zen gure herritxoa. Australiako ekialdeko kostan, hondartza luzeak, herritxo lasaia, hotza, euria eta gaua. Etxera bidean BottleShop batera joan (hemen alkola honelakoetan edo tabernatan bakarrik aurkitzen da), garagardo kaxa pare bat erosi eta han abiatu ginen Micaelaren atzetik. Ez genekien zein etxetan egongo ginen hurrengo hiru gauetan. "Es ésta. Vamos". Lotsatu egingo balitz bezala esan zuen. Etxe hura berea izateak graziarik egingo ez balio bezala.


Etxera sartu, eta ulertu nuen zergatia. Beste bat zeharo harrotuko litzateke, bularrak atera eta harro esango luke. Honek ordea, ez du honelako handikeriarik. Herri berean etxe txikiago bat balu, isil-isilik hara eramango gintuzke.
Pelikulatako etxe bat zen hau. '
Beverly Hills Sensación de vivir', 'OC' edo ez dakit nola esan. Guztia zen berria, eta etxera sartzerako oinetakoak kendu beharra sentitu nuen. Pasilloetan margolan artean igaro eta etxeko gune ederrenera iritsi ginen: sukalde-egongela-terraza ingurura. Leku zabal bezain goxoa zen hura, sukalde erraldoi bat kalitatezko 2000 trastorekin, sofa eder batzuk, mahai handi bat... Gauzen artean tarte handiak zeuden gainera. Hutsunearentzat ere lekua zegoen han. Bapatean, zutabe batean zegoen monitore antzeko batekin argiak nahi adinako intentsitatearekin piztu eta gune haren alde guztietako pertsianak ireki zituen...


Eta bua, hura zen hura! Ezkerretara mahai handi bat eta BBQ berri bat zituen terraza genuen, eta aurrean... Kristalera
handi bat, eta parean terraza bat itsasora erortzear balego bezela. Magia puntu bat zuen leku honek. Bertan zegoen mahaitxoaren inguruko edozein eserleku edo hamakatan jarri, itsasora begiratu bere haize hotza eta soinua belarrietan sentituz... Hondartza behean genuen; bertan. Bazirudien norbait sonanbulo "esnatu" eta ibiliz gero nahigabean hondar artean edo ur gazitan agertuko zela...

Berandu zen jada, eta afaldu eta kanpokaldean egon ginen Espainia eta Euskal Herriaren inguruko historiaz hitz egiten (errepublikak, feminismoa, borrokak, etab.), Australia ezagutzen, trago batzuk hartzen... Bitartean musika
jarrita zegoen, baina guretzat itsasoaren zarata bezala zen. Hor zegoen, eskertu egiten zen, baina kantu bat amaitutakoan inor ohartzen al zen? Musikari arreta jarri genion une bakarretarikoa Pedro Almodovar zine zuzendariaren musika entzuten zen unea izan zen. 80.hamarkadan musikari ere ematen zion antza, eta "la coca, la coca, me pone me provoca" edo eztakit nola zen estribilloa... Gero kontatu ziguten "utzi edo hil" egoeran aurkitu zenean utzi zuela honek...

Hurrengo egunean etxea txukundu genuen Pattisondarrak etortzerako. Iristen lehena Michelle (ama) izan zen Murphy txakurra eta "Kailen" 7 urteko bilobarekin. Antzematen zen han jendeari harrera egiten ohituta zeudela, eta oso jator egin ziguten. Hurrena Michael (aita) izan zen. Asteburuan Parramata Eels taldeak errugbi australiarreko finala jokatzen zuen Melbourne Stormsen aurka. Berak gaztetan lehenengoan jokatu izan omen zuen, eta Singapurretik (lana han egiten du) propio etorri zen partida ikusteko aitzakiarekin. Jarraian etorri ziren "Kinan" eta "Karl" anaia bikiak lagun pare batekin. Izenak ahoskatzen zituzten bezala idazten ditut gutxi gora-behera...


Ordutik aurrera 9-11 pertsona izan ginen uneoro etxean, eta harrigarria bada ere, ez nuen inoiz itolarririk sentitu. Edozein etxetan kopuru horrekin egia esan... Jarraian, asteburuan zehar hartutako apunte batzuk datoz:

· Australiako ikurra (eskudoa): Emu bat eta kanguro bat dira bertan agertzen diren animaliak. Zergatik? Hemen tipikoak diren animaliak izateaz gain bi hauek ez direlako atzeruntz ibiltzeko gai. "Australia, beti aurrera doa!". Ja!. Honi ikusten diodan gauzarik tristeenetarikoa monarkia "beharra" da. Libre izan edo konportatzeko jarrera lortu bazuten gutxi gora-behera... Zergatik jarraitu Ingalaterrako Elisabeth II erreginatzat onartzen? Txanponetan ere aurpegi bera dago...

· Eta koala zer? Ikusi dudanez, marsupial honek hemen ez du atzerrian bezain fama "ona". Eta egia esan, dokumental batean ikusitakoarekin... Ur falta ikaragarria dagoen uharte erraldoi honetan, ur gutxirekin bizirauten jakin beharra dago, eta koala da ondoen egokitutakoa. Txikitatik, amaren gorotza jaten dute "ontzi" bertatik. Eta hortik aurrera? Esango ez da ba beti lasai-lasai dagoela animalia? Berez oso petralak omen dira, baina noski, bizitza osoa eukaliptoa jaten pasatzen du. Eukaliptoak pozoia dauka, eta koalak dira hau jaten dutenak. Gero ordea, egunean 19 ordu pasatzen dituzte lo, eta 5 ordu jaten. "Kolokatuta". Gero zuhaitzetatik erotzen ikusten ditugu... Beste datu bat: ur eta oxigeno (erregai) gutxiago behar izateko garun txikia dute. Etxean garbi ikusi dugu zergatik ez diren hain maitatuak...

· Jabe izan, eta gozatu: Asko gustatu zitzaidan Michael jaunak etxean egon zen lehenengo gauean ohera joan aurretik egin zuena. Bere gaztaroko rock musika itsasora begira zegoen terrazan entzuteko moduan jarri, hamaka mahaiaren ondoan ondo kokatu, ardo beltz kopa bat mimoarekin prestatu, hotzari aurre egiteko moduan jantzi eta han jarri zen, itsasoari begira. Oinak mahaitxoaren gainean jarrita, orduerdi inguru pasa zuen han bakar-bakarrik, haizeak aurpegiko azala estutzen zion bitartean. Gaztaroan bere emaztearekin dantzaturiko lehen abestia zela zirudien entzuten zuenak. "Singapurren gauzak ondo egin, hegazkina hartu, eta hemen nago nire familiarekin. Beti nahi izan dudan etxea, itsasoa, familia itzela, eta guztiek maite naute" pentsatzen zuela zirudien.

Asko gustatu zait hori egin izana. Askok, honek duen guztia edukita ere ez bailukete apreziatzen jakingo. Objetu bat bezala tratatuko lukete guztia; sentimendu eta bizipenei tarterik utzi gabe. Hori gutxi balitz, handik jeiki bezain laster gurekin apur bat hitz egiten egon da euskararen inguruan, bere jatorri irlandarraren inguruan... Jaten erabilitako ontziak garbitu ditu gu ohartu gabe, eta lasai, ohera joan da.

· Errugbia: Parramata Eels (aingirak) eta Melbourne Storms (ekaitzak) elkarren aurka jokatzen zuten igandean errugbi australiarreko final handia. Errugbi australiarra beste errugbitik bereizten duena erritmoa da; jokoa ez baita geratzen baloia duena lurrean estaltzen duten bakoitzean. Jokalari gehienak Sydneykoak izaten omen dira, baina Melbourneko taldea gailendu zitzaion hiri handiko taldeari. Hala ere bi kontu izan dira niretzat deigarrienak. Lehenik eta behin, guztiak partidaren zain bazeuden ere (Michael Singapurretik hau ikustera etorri omen zen) gizonezko guztiak ia partida erdia Youtuben boxeo ikusten egon zirela eta Michelle izan zela partida bizi izan zuen bakarra.

Australian beti bakea bizi izan dute, ez dute benetako arazorik eduki, eta arlo guztietan antzematen da. Beharrezko-beharrezkoa ez den ezergatik ez dutela borrokatzen iruditu zait orainarte, eta berdin gertatzen da kirolarekin. Etxeko gizonak Parramata taldean jokatu omentzuen, milaka kilometro egin ditu partida ikusteko ("
behin iritsiko taldea finalera eta..."), etab. baina bere taldeak 6 puntuko jokaldia egindakoan ez zaio antzematen. Ezta kontrako jokaldietan ere. Politika kontuekin berdin gertatzen zaie... Hori bai, partidan erabiliko zen baloia nola iritsi zen zelai erdira asmatuko al zenukete? Armadako helikoptero batek eraman zuen...

· Jateko ohiturak: Igandean ere ez dute batera bazkaltzen. Afaldu agian bai, 17.00 aldera. Jatordua iristen denean, erosketak lau zatitan egiten dituzte; behin joan, zerbait ahaztu, itzuli, gutxiegi ekarri dutela ohartu, berriz ere joan...

Jakiak prestatzerakoan Micaela eta gonbidatuak ziren sukaldariak. Baina jaterakoan... Jakiak mahai gainean utzi bezain pronto, prestaketa lan guztien bitartean telebista ikusten edo surfean ari zirenak jaten hasten dira; besteak noiz eseriko zain egon gabe. Jan eta berehala, besteak bukatu duten begiratu ere egin gabe jeiki egiten dira, eta kitto. Besteek ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dute; berdin dio hamaika pertsonatik bi bakarrik gelditzen badira eserita.


Esker ona bai; hori beti erakusten dute. Gero berriz ere berdina egin ordea. "
Eskerrik asko sukaldarioi eta prestatzen lagundu duzuenoi, benetan". "Eskerrik asko berriz ere". Benetan eskertzen dutela dirudi. Egia esan, sentsazioa da norbaitek prestatu ezean patata frijituak, txokolatinak eta garagardoarekin nahikoa izango luketela. Ez luketela guk "bazkaldu" eta "afaldu" deitzen diegunen antzekorik egingo.

· "Rollo" ona: Gurasoak, seme-alabak eta hauen lagunak ondo baino hobeto eramaten dira. Surfa ere guztiek batera egiten dute (gizonezko guztiek egin dute surfa eguraldi txarrarekin ere, eta pena berandu esnatu nintzela). Erlazio ona erakusten duen adibide garbi bat igande eguerdian gertatu zen. Bikietako bat lagun min batekin agertu zen etxera aurpegi ez-oso-onarekin. Gurasoek lagunari galdetu zioten orduan "atzoko juerga oso gogorra izan zen, edo porro eder bana erre duzue?". Eta lagunak orduan, bitan pentsatu gabe "Ummm... biak, jajjaj (kar, kar)". Eta guztiek egin zuten barre. Ikasten egon zirela eta ogitarteko bat jan zutela kontatu balute bezala erreakzionatu zuten guztiek. Agurtzerakoan guztiek elkarri "beti da plazer bat zuekin egotea" esan, eta hurrenarte!


· Thirroul: Eguraldiak bi tarte egin zizkigun herritxoa ezagutu ahal izateko; bat egunez, eta bestea gauez. Gris argia zen batean irten ginenean, hondartza(k) ezagutzera joan ginen. Etxetik eskilarak jeitsi behera, eta iparralderako norabidean. Hondartza bat amaitzen zen lekuan, haitz-sorta txiki bat topatzen genuen. Atzetik beste hondartzatxo bat... Eta horrela amaieran kantina batean eseri ginen arte. Hondartza bazterretan belarra, haitza eta etxeak zeuden. Ez da Euskal Herrian bezala dena urbanizatuta aurkitzen; noizbehinka bakarrik. Eta itsaskiak? Maoliyo eta lapa mordoa ikusi dugu eskura. Inork ez omen ditu horrelakoak jaten hemen, eta niri ere beldurra eman dit hartu eta jateak... Azken batean, ez dugu mediku asegururik.

Gauez irtendakoan, herriko Pub bakarrera joan gara Micaelaren anaiak eta lagunekin. Rock beterano batzuen kontzertuaz gozatu ahal izan dugu hogei minututan zehar eta harrigarria zen dantza egiteko modua. 40 urtetik gorako dozena bat pertsona "a muerte" ari ziren, izerditan blai estilo guztiak konbinatzen zituzten mugimendu puskatzaileekin! Tamalez, kontzertua amaitu eta orduerdira itxi egin digute txiringitoa...


· Txinatarren bisita: Une subrealista eta ahaztezinena. Freuden mundukoa zirudien. Goiz batean Michaelen enpresako sozio txinatarra eta langileak omen zetozen etxera bisita egitera. Eta hala izan zen, Australiako beraien trabesian geldialditxo bat egin eta han agertu ziren 36!! Etxean turistak izatearen sentsazioa bizi behar izan zuten gure lagunek. Agertu orduko, alfonbrei, landareei, margolanei, guri, etab. argazkiak ateratzen hasi ziren. 7 urteko haurra agertu zenean, Brad Pitt sekuestratuta genuela zirudien. 8 pertsonek inguratu eta argazki andana atera zioten! Eskerrak izutu ordez harrotu eta pose ezberdinak probatzen aritu zen...

Bapatean!! "
Look at that! It´s a dolphin!". Ba bai, izurde taldetxo bat zegoen etxearen parean. Imaginatu txinatarren erreakzioa. 20 minutu inguru egon ziren etxean jaten, edaten, argazkiak ateratzen... Guk ezin genuen gertatzen ari zena sinistu. Oraindik erdi-lo eta "nihao" (txinatarren agurra), txinatarren tabakoa, flash-ak... Amets bat zirudien. Ordurarte gertatutakoa gutxi balitz, bapatean txinatar bat etxe aurreko haitz batzuetan arrantzan zebilen batengana joan zela ikusi genuen. Ezer harrapatu ez, eta laster itzuli zen; baina segituan, arrantzalea bera igo zen etxera bi pieza ederrekin!! Imaginatu erreakzioa!! Denak argazkiak ateratzen jardun genuen, familiako argazkia eta guzti atera genuen arrantzalea eta bere bi arrainekin...


Azkenean txoferraren deiari erantzun, eta autobusera joan ziren guztiak, guztioi banan bana agurtu ostean. Jende jatorra eta argazkizalea gure ametsetakoa. Guzti-guztiek egiten zuten berriz ere agur eskuekin autobusaren barrutik; bizi osoan zehar ikusi eta betirako agurtuko bagina bezala. Edo katxondeoa zen?

7 comments:

  1. joee!! gaizkitxo txabola hortan ez? jeje. asteburu honetan guri tokatze zaku puentia, bakizue pikoloen eguna "ozpatu" berra dao kar kar kar. bidalikoizuet mezu bat, zmz jundan asteburua kontatzen. bueno bikote... izan huntxa!!!

    ReplyDelete
  2. jejeje bai hik ospatukoek pikolo eguna ze nik ez!
    nik lanaea jun ber diat baino bueno behintzat larunbata jai!
    zuei pareja! ondo izan ya pixkanaka kango kultuaran murgiltzen hai zeate e?
    bueno oixe besarkada bat biyoi!

    ReplyDelete
  3. Guain ya da momentua baba ateatzen ari zaitena. disfrutau lau egun dia ta!

    Mouh!

    ReplyDelete
  4. (...)el zumaiarra Sesma, lleva ya un mes y pico con su chica en tierras australianas, y nos cuenta sus vivencias en su blog(...)

    ReplyDelete
  5. HI!!
    TRAKBAK BAT IN DIAT!!

    XD

    ReplyDelete
  6. Kriston zubi earra pasazenuela dirudi e? Ametsetako etxia emateu..ke suerte!!gizona terrazan harro jartzeko moukua da bai!!
    Ondo segi mattiak!!!mxux!!!

    ReplyDelete
  7. Hi Ostiralian luntxea bai gaztetxea???? gauza txarrak ere bazazkak atzerrira jutiak. Hi lasai paeten bat lagakoyu pintau gabe dana hiretzat.

    MouH!

    ReplyDelete