2009/10/07

Irailak 27. As a gardener II


Igande goiza zen, eta etxe berdinera itzuli ginen bezperan hasitakoa amaitu asmoz. Goizeko zazpiak eta berriz pala eskularruekin helduta. Txorien melodiak eta gure orgaren txirriotza udaberriko eguzki atseginaren azpian. Belar eta ostoak kamionetan bildu bitartean, inguruko etxeetako txakurrek bizilagun goiztiarrak egunkaria irakurtzera ateratzen zituztela ikusi nuen. Haize otzan batek bezperako berriak dantzan jartzen zituen, baina hauek ezta ohartu ere. Lehenengo orria ikusi nuen batek gogorarazi zidan igandea zela, lana egiten ari nintzela, resakarik ez nuela...


8.30 a.m. aldera, martxan jarri zen auzoa, eta martxan jarri zen lanean genbiltzan etxea. Lehenengo Bill atera zen egiten ari ginen lana berrikusi eta ideiarik eduki gabe ere esan beharreko lau kontu intraszendente botatzera. Bai Javi eta bai niretzat ere, "harrokeria" hitzaren "h" hizkia izan zen haren presentzia. Hor zegoen bai, baina ez genion/genuen entzun. Joan zen, eta gurean jarraitu genuen ahal bezain laster amaitzekotan.


Bapatean ondoko etxearen atarira kamioi bat iritsi zen. Barrutik bi gizon atera ziren hainbat kaxa eta poltsa batzuekin. Buelta erdi eman, eta lanean ari ginen etxetik sei urtetik beherako hiru haur irten ziren ziztu bizian. Etxearen inguruan saltaka eta bullaka buelta batzuk eman eta berriz barrura sartu ziren. Orduan emakume bat atera zen laugarren haurrarekin (Australian sekulako laguntzak omen daude haurrak izateagatik; eta antzematen da). "Ondoko etxera goaz; bertako haur batek lau urte egin baititu eta Johnek festa dauka".


"Amerikanada" peto-petoa izan da hortik aurrera festa horren inguruan ikusi ahal izan dugun guztia. Haurrak beren gurasoei helduta iristen ziren banan-bana, bakoitza bere oparitxoa eta irriparretxoarekin. Iritsitakoan, etxearen atzekaldeko lorategian elkartzen ziren gurasoak ardo kopa eta algara artean. Etxe barruan aldiz, pailazoen graziak eta haurren marruak entzuten genituen. Honek luzemetrai hollywoodienseen antzekotasun harrigarria du, ezta?


14.00 aldera amaitu dugu asteburu honetako gure lana eta Javiri nire esker ona adierazi diot. Hasteko xox batzuk irabazteko emandako aukeragatik (logelaren hiru astetako errenta ordaintzeko adina izan da gutxi gora-behera). Bigarrenik, enkargatua izan arren lanean lagun batekin aritu naizela sentitu dudalako. Beti proposamenak egin dizkit; agintera erabili gabe. Eta amaitzeko, hemengo familia baten asteburua nolakoa izan daiteken gertutik ikusteko aukera eman didalako. Ezagutu berri dudan hau oso klasikoa izan dela iruditu zait; ea hurrengoan.


Hori bai. Gauza kurioso eta sinpatiko bat: bizilagun helduak. Hainbat eta hainbatek hanka-puntetan sastrakak okotsaren parean utzi eta "lan ederra egiten ari zarete!" esaten ziguten. Edo "Galdera on bat daukat: ze belar mota da landatzen ari zaretena?". Javik esan dit hori oso ohikoa dela Australian. Bera jatetxe batean zerbitzaria zen garaietan, platerak atera orduko jendeak "oooo... ederra dago! Eskerrik asko!" esaten omen zion zer jatekoa usaindu ere egin gabe. Berari ere itsatsi egin omen zaio portaera hori.


Dutxa eder bat hartu, kosta ala kosta lokatza gainetik kendu, eta Maialen eta biok Euskal Etxean elkartu gara berriz ere nire managerrarekin, Aitorrekin, Gorkarekin, Wendyrekin, Mikaelarekin... Eta han zeuden beste hainbatekin. Lehen ere esan dudalakoan nago, baina bitxia da Gure Txoko. Bertako mapa oraindik ondo definitu gabea dut, eta nahiago dut beranduago deskribatu.


Hori bai; Tooheys, Cooper, La Cabaña... bla-bla-bla, algara batzuk... Eta etxera.


1 comment:

  1. ai ai!!! The gardener. ikasi zak asko geo bueltakuan maritxu ear batzuk hazi ahal izateko.

    ReplyDelete