Irailak 23 asteazkena. 4.00 a.m. New South Walesen. "Sesma, Sesma! Zer da hau?". "Eh??". "Behitu leihotik! Hau ezta normala!". "Eh??". Azkenean ohetik jeikitzea lortu nuen, eta Maialenek arrazoi zuen. Zerua gorri-gorri. "Hemengo ekaitzen bat izango da ez? Edo argitasun berezi batek joko ditu lainoak...". Minutu erdi bat pasatu genuen zeruari begira, gure gelako goxotasunetik. Kanpoan euri tantarik ez; haizea besterik ez. Leihoa zerbait esan nahian ari balitz bezala jotzen zuen aire erdi-solidoa zirudien.
"Auskalo!", eta ohearen deiadarrei erantzunez ohera sartu ginen berriz. Artean ongi esnatu gabe geunden, eta zuzenean REM fasera birsartu ginela uste dut.
9.00 a.m. Azkenean benetan esnatu ginen, begiak eta burua irekita. Lehiotik begiratu, eta asiar pare bat ikusi genituen gripe A famatuaren antzerako supermaskarak jantzita. Zeruak ez zuen bost ordu lehenagoko gorritasun hura, baina kanpoko guztia betaurreko zikin batzuk jantzita bagenitu bezala ikusten nuen. Hiria filtro marroi baten atzean ezkutatuta zegoela zirudien. "Jo, ba zeoze pasa da hemen...". Orduan konturatu ginen zerbaiten aurrean geundela. Gure ustetan, Australia hego-ekialdean ohikoa izan zitekeen zerbait.
Oso desatsegina izan zen kalera irtendakoan topatu genuena. Lehenengo begiradan, hipermetropia-edo nuela sentitu nuen; ez bainitzen egunero gure kalearen punto de fuga inguruan ikusten ditugun dorreak ikusteko gai. Nonbait desertutik etorritako hondar eta hauts tona batzuk ziren tartean. Estreinekoz arnasterakoan ere galdategi (fundizio planta) batean bezala sentitu nintzen. Airea sudurretik hartzean kilika somatzen nuen; eta ahotik hartzen saiatzerakoan, ez zen batere ederra hondarra gingilari itsatsita banu bezala sentitzea.
Hartu beharreko neurriak hartu, eta goiz-pasa egin genuen kaleetan zehar. Jendea ohituta egon balitz bezala ikusten genuen, eta horrelakoak normalak zirela suposatu genuen. Hala ere, jendea leihoetan arropa astintzen zebilen, jendea nonbaiten eseri zela eta propaganda ipurdian zeramala, lurreko bazter guztiak zerri-zerri zeuden, semaforotako kotxe garbitzaile bat sekulako negozioa egiten... "Horrelakoek ezin dute oso gauza normala izan!".
Etxera itzulitakoan informatzea erabaki genuen. DUST STORM deitzen zaie honelako fenomenoei eta guk ezagututakoa aspaldiko indartsuenetarikoa omen zen. Haizete gogor batek desertu aldetik jo eta tarteko guztia laino marroi dentso batek estaltzen omen du ekaitz baten laguntza aprobetxatuz. Bideo batzuetan herritxo batzuk irensten ikusi, Sydneyko argazki ikusgarri batzuk mirestu, berriak entzun, Euskal Herriko jendea gutaz oroitu zela sentitu... Ezohiko kontua zirudien. Baina guri ez zaigu hainbesterainokoa iruditu. Egia esan, hemengo medioak anglosaxoi peto-petoak dira. Sentsazionalistak. Baina beno, guk ere ez dugu bete-betean ezagutu pasatu dena...
Hala ere polita da honek sor dezakena. Haurrek arazo gutxiago izango dituzte beren margolanetan zerua eta itsasoa bereizteko. Zergatik marraztu ohi da itsasoa beti urdinez? Eta zeru eguzkitsu bat? Agian zerua gorriz eta itsasoa gris-turkesaz margotuko duen belaunaldi bat sortuko da hemen...
Kontuak kontu, polita izan da honek azpian harrapatzea. Tutatixek lagun gaitzala...jaja
ba guapua izan ber uan!
ReplyDeletedana ondo ziakela emateik ez?
bea ba ondo segi ta informetzen jarraitu
Pff gustoa ikusiko nian olako zeoze, emen enbatak bakarrik eoteituk ta azken urtetan oso xistriñak gainea. bo bikote txintxo ta segi horrela, gu informatzen
ReplyDelete