Australiako kirol nazionaletako bat ezagutu genuen asteazken batean: BBQ. Dena inprobisatua izan zen. Arratsaldeko bostak aldera, Wendyren dei bat jaso nuen "¡Que pasa! ¿Quetaaaal? Oye, que Gorka y yo hemos pensado que como hace buen tiempo podemos hacer una BBQ. ¿Si quereís venir...?". Egunero debalde jasotzen ditudan ingelera bi ordutxoetatik irten berri eta Maialenekin elkartzekotan nintzen, nola ez ba! Gonbidatu izana eskertu eta haruntz abiatu ginen.
Iritsi orduko aipatu ohi ziguten BBQ. Kirolen bat zela uste zenutenontzat, barbie edo barbakoa da. Antipodatan sekulako ohitura omen da kea eta haragia nahasten diren bitartean garagardo batzuk edan eta solasaldi luzeekin gozatzea, eta ezin genuen aukera hau galdu. Newtown amaieran bizi da bikotea, eta han bilatu behar genuen hauen etxea; hasi orduko Town Halleko tren geltokian galdu ginen ordea.
Hiriaren erdigunean, lurrazpian solairu ezberdinetan banaturik dauden zazpi errailek osatzen dute. Ordurarte trena aireportutik hirira bidean bakarrik hartu genuen. Autobus batzuk, ferry pare bat eta gure oinak izan ziren gure ibilgailuak ordundik. Bapatean, zentzu guztietan erdi-korrika zebilen jende andanaren erdian aurkitu ginen. Bazter guztietan publizitate panelak, nasa ezberdinen izen eta zenbakiak, informazio guneak. Gorri, hori, berde, more... Ez genuen guk hartu beharreko bidearen izenik aurkitzen, ezta tiketak erosteko lekurik ere, nora joan behar genuen argi ez eta nondik gutxiago, plaka fluoreszenteen argi artifiziala... Egoera itogarria zen han barruan. 17.30 aldera, "horapunta" zen nonbait...
Halako batean panel batean Newtown irakurri genuen (geroago jakin genuen ez zela hura joan beharreko geltokia). Linea morea zen hara zijoana; lehenengo nasa geltoki hartan. Ados. Eta tiketak? Jende artean tarte bat egin zen une batean ozta-ozta topatu genuen makina, eta trena hartzeko prest ginen beraz. Pare bat solairu beherago joan, eta arratoien hiriaren altueran geundela, ikatz koloreko giro batean egon ginen trenaren zain. Jende asko, gehiegi, ke usaina eta argi falta ziren nire zentzumenek han hautematen zituztenak.
Gure geltokira bidean hirietan ohikoak diren atzekaldeak ikusten joan ginen: hodien amaierak, inora heltzen ez ziren kable korapilatuak, adreilu eta porlanezko paisaiak kolore alaiez janzten zituzten grafitiak... Eta azkenik iritsi ginen "Camden Town kutsuko" auzora. Beheraino zeharkatu, kale ilun batean sartu (hemengo auzoetan farola bakan batzuk egoten dira, eta indarra estudio-mahaietakoena adinakoa dute) eta azkenean iritsi ginen Wendy eta Gorkaren etxera.
Azala victoriano estilokoa dela esango nuke; baina barrutik antzematen zen asmo berritzaileak zebiltzala. Emaitza benetan ederra zen, baina ez naiz azalpenetan galduko. Etxeko hoberena sukaldeak eta egongelak hartzen zuten eremu argitsua, kolore bizietakoa eta zabala eta etxearen atzekaldean zuten oihanaren arteko lotura. Oihana diot, ez zelako lorategi klasiko bat. Aitzitik, belarrik gabe, landarez, zuhaitz garaiez eta hamaka pare batez osatua dago. Gorkak badaki zer egiten duen, zerbaitegatik baita Sydneyko Unibertsitateko lorategietako arduradunetariko bat.
Etxea eta bertan zituzten margolan batzuk erakusten ari zitzaizkigun, Javi eta Micaela australiarra agertu zirenean. Dena prest barbakoari ekiteko!
Entsalada, haragia eta garagardoa izan ziren osagaiak; hizketaldi sakon bat eta algara batzuk emaitza (Weed usario arrastoei utzi beharreko tarteen eraginak tarteko). Euskal Herriko gatazka izan zen gaietako bat (edonora joan eta ia betiko gaia). Anfitrioiek erlijio gaien inguruan duten jakituria erakutsi ziguten: kristau anglikano eta katolikoak, budismoa, induismoa... Javi eta Gorkak landareen inguruan ere jarduteko aukera izan zuten... Hala ere Micaela da gehien harritu nauena. 25 urte betetzear dago, eta gazteleraz ingeleraz bezain ondo hitz egiteko gai da.
Historia ikasi zuen nonbait Unibertsitatean, eta Espainiako historia sakonago aztertzeko masterra egin zuen. Gauzak horrela, Andaluzian egon zen hizkuntza gaitasunak garatzen zituen bitartean taberna bateko zerbitzari moduan lanean. Santiago bidea egina du, Salamanka eta Bilbon ere bizi izan da, Bartzelonako mutil bat izan zuen... Nire sentipena zen, Espainiar gehienek baino askozaz hobeto ezagutzen zituela hango kontuak kanpotik joandakoen perspektibak dituen abantailekin. Gaur egun, Unibertsitatean laguntzaile bezala klaseak ematen dituen bitartean bere tesia egiten ari da: emakumeak eta biolentzia II. Errepublika garaian. Artikulu batzuk ere idazten omen ditu, eta mesedez eskatu diot batzuk irakurtzeko aukera eman diezadan. Ea nik ere ikasten dudan...
Bapatean, gutariko batek etxearen kanpoaldea eta barrualdea bereizten zituen beira zati erraldoi ikustezina jo eta min hartu zuen. Kristalean ere armiarma-sare "polit" bat marraztu zen segundu batean, eta gure egonaldiaren tonua barrokoa bilakatu zen. Beraz, ordurarteko sentsazio ona ez zapuzteko bikote bakoitza bere aldetik joatea erabaki genuen; berriz ere elkartuko garelakoan.
Gure etxea urrun dagoela-eta taxi bat hartzea gomendatu ziguten arren, Maia eta biok ezin izan genuen inguru ezezagun batzuetan zehar ibili eta bere erraiak -azaletik izan arren- gauez ezagutzeko tentazioa alde batera utzi. Azken batean, gaueko 12.00ak inguru ziren, eta hurrengo eguna osteguna izan arren ez genuen ohetik askatzeko presa handirik. Txar-txarrenean ere, edonondik ikus zitezken Business Districteko dorreak Ipar Izarraren papera betetzen; edo besoa altxatu eta taxiaren komodina erabiltzeko aukera genuen.
Azkenean, ordubete pasatxo eman genituen etxera bidean pub, mozkor, disco eta bakarrizlari artean. Garagardoaren aparra izerdi artean haizea hartzera joana zen beraz oinek beren larruzko kaiolatik irtetea eskertu zutenean...
xepaxa gardener!! how is it your life going there in Australia?? bueno, ikustet nahiko ondo dijoala dena ez? alojamentua, lana, ingleseko klasek, turismoa...hola bai!
ReplyDeletenoizbehinka sartze naiz zuen berri jakiteko ta zeoze idatzi behar nun so this is it, have fun ta pozte naiz dena ondo jutea!!
bnga ayou!
aitzol
Ondo ondo barbakoa politta, lastima kristaleran kontra jotzia. Bakizue eratian eraginak zeintzuk dian... bueno bikote besarkada bat!!!
ReplyDelete