Iragan asteburuan, kataluniar batzuk antolatutako BBQ batetara zeharka gonbidatuak izan ginen. Iñaki izeneko lagun batek Javi bere lagun mina gonbidatu zuen eta honek, eskubide osoz nonbait, gu. Lehenago izan genuen moduko zita intimo batera erabat ez-ezagunak izanda agertzea biolentzia domestiko mota bat iruditzen zitzaigun, baina lasaigarriak ziren bi adituen hitzak Newtowngo Court Housen garagardo batzuk hartzen genituen bitartean.
Iluntze euritsu bezain hotz bateko 7.30ak ziren, eta aterpean ez zegoen berritsu gazteren bat gainean jasaten ez zuen eserlekurik. Estetika guztietako jendea zegoen han: beren buruari "artista" etiketa jarri nahiean prakak burutik behera jantziko lituzken jendea, heavy tximosoak, alkondara eta korbatak ahal bezain ondoen konbinatzen zituztenak... Denak bero-bero. Eraikin osoa hartzen zuen leku haren barnean zeuden asko. Rusty rolloa gogorarazten zidan hark. Granate koloreko moketa bat beste hainbat koloretako partxeekin, kolore eta forma ezberdinez bordaturiko arkuak, horma beixetan zintzilikatuta esanahi zehatzik gabeko margolanak, armiarmen etxe bilakatutako hainbat liburu apal zaharkituetan, jatekoa eskeintzen zen barra bat, edarientzat beste bat, pipiek jandako egurra, gehiegi zaindu gabeko leihoak, kamarero gazte alternatiboak, xox batzuen truke musika jartzeko aukera eskeintzen duen makina hiperestetiko horietariko bat... Argitasuna eta bertako giroak garbi esaten zuen: ez zen leku zuria; ezta gardena ere.
Kanpoaldeak beste itxura bat zuen ordea. Hemen jaima eta toldoak zuriak ziren eta erdi hildako zuhaitz beltz japoniar politak zeuden hango aterpearen zuritasunean pitzadurak bailiren. Modan dauden perretxiko formako hainbat berogailu zeuden egurrezko mahai, aulki eta tabureteetan eserita zeudenen bizkarrak berotzen. Kanpoaldearekin nahikoa ez, eta garagardo ontzi handien etengabeko joan-etorriek berotzen zituzten barrenak.
Mahai gehienak aurrez erreserbatuak egoten omen dira, baina euri-jasagandik ozta-ozta babestutako mahai bat eta lau taburete topatzeko zortea izan genuen. Australiako ohiturak elkar adina ezagutzeak sortutako lasaitasunaz mintzatzen ziren Javi eta Iñaki. Guda askotan batera ibiliak, lankide eta bizilagun ohiak... Duela lau urte jakin zuen batak nor zen bestea. Maialen eta biok oso eroso sentitu ginen hauekin, baina bagenuen barnean "ondo hartuko al gaituzte?" moduko ezinegon txiki bat; jende berria ezagutu eta esperientzia berriak izateko grina itzaltzeko gai izan ez zena.
Leire, Miky eta Camile iritsi ziren orduan. Lehenengo biak kataluniar peto-petoak ziren bai izakera eta baita hitz egiteko eran ere. Astebete lehenago iritsia eta hirian bere lekua aurkitu nahian zebilen 27 urteko emakumea zen bata; unibertsitate ikasketak eta bizimodu australiarra gurasoen kontura gozatzen zituen 23 urteko mutikoa bestea. Hirugarrena australiar ukituak zituen kataluniar bat zen. Han jaio eta 12 urte zituen Sydneyra etorri zenean. 15 urte zituela bere gurasoek Sydneyko Joko Olinpikoak antolatzea amaitu eta Utah-ra joan ziren Neguko Jokoak antolatzera. Bera hemen ikasten hasia zen eta gay bikote baten eskuetan utzi zuten. Ordundik, behin baino ez da joan Iberiar penintsulara. Weed zalea, alfer samarra da; baina sekulako talentua omen du hiru dimentsiotako diseinuan. Adibidez, Fox Studios aldean sortu zen 'Ice' filmaren egileetariko bat izan zen.
Ordubete inguru hitz egiten egon ostean, Cooper batzuk erosi eta "zain genuen etxera" iritsi ginen. Kanpoan jendeak elkarri besarkadak ematen zizkion; guri beren buruak aurkeztu eta esku bat luzatzen ziguten bitartean (hemen ez da ohikoa norbait ezagutu eta bi musuak ematea, eta hauek ondo ikasia zuten hori). Segundu pare batean etxeko atea ireki ziguten, eta ez zen harreman izoztuetarako tarterik izan.
Kanpokaldetik begiratuta gurearen moduko etxe tipikoa zen. Barrutik antiolako etxe horietarikoa zen; sabaian erliebean egindako lore eta guzti. Etxea osorik gurutzatzen zuen pasabidetik zuzenean landskapera gidatu gintuzten (lorategiaren lekuan Cementos Rezola konpainia grisak bakarrik egin ahal izango luke negozioa). Berehala joan ziren gure "beldurrak". Hau ez zen guk ezagutu genuen BBQ horietarikoa; festa bat baizik. Haragi zati batzuk erre omen zituzten, baina ez ginen ohartu (eskerrak aurrez badaezpada zerbait afaldu genuen). Hau festa bat zen. Etxearen atzekalde hura jendez gainezka zegoen (43 pertsona inguru etxe batean). Ez zen gonbidapenik behar han egoteko. "Ese subnormal saltó al patio de la vecina la semana pasada... Como la líe otra vez..." zioen Gerard anfitrioiak. Eta beldurrez baietz zioen Carla etxekideak.
Bakoitzak bere edariak eraman zituen, baina beti bezala, bereak hasi aurretik ondokoarenak edaten hasten zenik ez zen falta. Catalunyarrak, frantziarrak, txiletarrak, espainiarrak, suediarrak, italiarrak... denetik ezagutu genuen han. Bitartean, beirazko botilek zaborrontziak inbaditzen zituzten jendea aztoratzen zihoan heinean. Techno musika geroz eta altuago zegoen, hitzak geroz eta garrantzia gutxiago zutela zirudien (eta esaten ziren asko hobe zeuden ezkutuan)... Elvisen erantzun bat gogoratzen dut. 40 urte gertu ditu Valentzia aldean jaiotako australiar honek, eta bere zimurren marrazkiengatik agian, Rolling Stones-en estetika gogorarazi zidan. Kontuak kontu, guri axola ez zigun arren hankatarte inguruan superdotatua zela esana ziguten ilea hartzen ari zitzaion bati honakoa erantzun zionean: "Tú gilipollas. No vayas de chulo, y ¡cállate! Que hasta puedo cambiar la voz". Oso makarra zen tipoa, baina aspaldian entzuten nuen esaldi literarioena josi zuen.
Ohartu ginenerako jende kopurua murriztuz zihoan lau horma horien artean. Gero ohartu ginen etxe barnealdean zebilela jendea! Egongelako sofatan erdi-etzanda, sukaldean dantzan, pasabideetan berriketan... Gu konturatu gabe, garagardo tanta guztiak xurgatu genituenerako gehienak nonbait joanak ziren. Bapatean euria hasi zen, eta etxe barrura gonbidatu gintuzten festari amaiera duin bat emateko. Eta denetarik zegoen: mutila Alemanian utzi eta Australian hiru hilabetez bigarren bikote bat zuela erakusten zuena (mutila berdin ez badabil, gizarajoa), neska japoniar bat beste bat berotu nahiean, sofan erdi lo zeudenak, batzuk ligatu nahiean, "nos vamos" eta irriparrearekin lan on bat egin zutela esanaz agurtzen gintuztenak, beste batzuk popper delakoari tiraka, sandia bat txiki-txiki eginda sukaldean... Baina alkolik ez, festarik ez teoriari heldu zieten etxekoek; eta ordu laurden batean kalean ginen guztiak.
Juergan jarraitu nahi zutenek Kings Cross aldera joatea erabaki zuten. Askok, etxean bertan ligatu ez zutelako. "¿A Kings Cross? Que buena, así vendo mi cuerpo" zioen neska espainiar batek. 3.30 inguru ziren, eta gu konbentzitu nahiean ibili ziren batzuk. Guk ordea, gureari eutsi genion, eta ez ginen taxietan sartu. Nahiago izan genuen etxera bidean oinez abiatu eta beste abenturatxo baten sartu; hiri handiko gure mapan bide berri bat marraztu.
Holako festak latzak izateituk bai hoixe! nei bere garaian tokau zitzaiten anfitrioia izatia.Kaletik daon jendia ta dana sartze zaizu zure etxea. Ta ez dakizu ezta nundik atea dian. Traguak bazkae ta konportatze bazea dnak dia ongi etorriyak
ReplyDeleteZuek lasai house party hauek desmadre bat dia ta!Nik nere logelan jo ta fuego biyau nitun bi pertsona esatiakin ya nahikua da. Take care
mouh!
Aupa pareja zemouz zabiltzate? hilabete zoazte onezkeo ta ikustea ederto moldatzen zeatela.
ReplyDeleteZe parranda amerikano tipokua etxian sartu,alkohol mordo bat eran ta benga a liarla.
bueno Ima eta Maia oso ondo izan, surf asko praktikau(goizian goizo ez bestela hankik edo beso gabe bukaukoezue),know a lot of people from all over the world and enjoy a lot with australian culture, people and places. BYE BYE TA BESARKADA HAUNDI BAT.
sesmaaaa hire tabakua motxilan zioooook ya!!
ReplyDeleteazkenian topatu zaituztet!!
ReplyDeleteasko pozte nau ondo moldatzen ari zaretela jakiteak. asteburu hontan juxtu, zumaira bueltatu naiz bixitan, curasanekin europaldetik bi asteko gira bukatu ondoren. kasualitatez ala ez, gaur garatekin topatu ta zuei buruz galdetu diot. erantzuna, australiadak! jaja..
benetan ideia aparta bikote!
besarkada handi bat biontzat.
zaitu!