2009/10/30

2009/10/27

Irudi batzuk (koloretan)








Urriak 20. Bill hizkuntzalea


Ferry bat hartu eta Manly auzora joan nintzen Gartxotekin bigarrenez elkartzekoa nintzenean. Hango kaian zegoen nire lagun (Zapurdo sendiko kide) donostiarra nire zain hondartzara zihoan jende guztiaren artean igaro eta burua altxa nuenean. "Zemouz?" galdetu nion. "Earki hi, auzo hau gustatzen ari zaidak: lasaitasuna zeukak, hondartza... baina aldi berean denetik du, eta bertakoak bertan egiten dute beren bizia; hirira noizean behin bakarrik joaten dituk".


Zuzenean bera eta pixukideen pisura gidatu ninduen; hondartzako lehenengo lerroko eraikin batera. Kalifornia eta Ingalaterrako lau neskekin bizi da ikasleena dirudien txoko horietariko batean: altzari gutxi, koltxoiak lurrean, sala erdian ezinezkoa dirudien puzzle handi bat... Baina moketa, argitasuna eta beraien harremana dela-eta, etxe goxoa da.


Bera partaide den Madelein talde donostiarraren abesti batzuk lehenengoz entzun eta hondartzara joan ginen Gartxot, gitarra eta hirurok. Hango olatuen artean "a pelo" saio eder bat egin, gitarraren akordeen laguntzaz abesti batzuk gogoratu eta auzoa apur bat ezagutzea erabaki genuen, Shelly Beach atzeko baso ingurutik hasita.


Bidean Bill jauna ezagutu nuen. Bost minutu lehenago esan zidan Gartxotek: "Shelly Beach bidean aitona bat eotek hizkuntzak elkarbanatzeko goguakin ta ola, istorio mordoak dakizkila... Hitz egiten hasi ginen, eta nongoa nintzen esandakoan "Kaixo" erantzun zidan". Gazteagoa zenean unibertsitateko irakaslea eta bidaiari peto-petoa, lagun baten konpainian itsasoari begira zegoen. Eguzkiagandik babesteko txapela eta betaurrekoa, bainujantzia, alkondara... Etxean bezala sentitzen zela ikusten zitzaion. Bere altxorra ondoan zuen. Bidaiarientzat prestatutako hizkuntzen inguruko liburuak: mandarina, frantsesa, japoniera, italiera... Atzerrian bizi izan den bakoitzean erabiliak dira nonbait, eta saldu ez, baina edonori hizkuntza horiek irakasteko prest agertzen da gizona.


Are eta bereziagoak ziren hitzen eta ipuinen bildumak. 700 hizkuntzatan bildua du "Kaixo!", 550etan "Bai", eta beste horrenbestean "Ez". Kaletik berari begira geratzen den edonorekin hitz egiten hasten da; eta hori izan da bere altxorraren oinarria. Orain, berak idatzitako ipuin xume bat ahal bezain hizkuntza gehienetara itzultzen saiatzen ari da. Dagoeneko 50 hizkuntza inguruan dauka, baino ez euskaraz; eta Gartxoti eskatu dio berak prestatutako tarteen azpian euskara fonetikoan idazteko. "Eup! Ebaki bat aterako faborez?", "Zemouz? Hainbestean", "Ze berri? Zaharrak berri"... Bere apuntetxoak irakurriaz bere euskara praktikoa erakutsi digu ondoren; eta joan aurretik berak antolatutako musika brasildar festara gonbidatu gaitu.


"Bere altxorrekin egunero txoko horretan eseri, edonorekin hitz egin, bere altxorraren berri eman eta laguntza eskatu, guzti hori antolatu, bizitza osoan zehar hizkuntza ez-hain-erabiliak ere ikasten jarraitu... Honelakoak ere ba al dira?" galdetzen nion nire buruari agurtutakoan. Bizitza osoa ikasi eta irakasten eman du gizon honek, pentsioa jasotzen du eta mundu osoan zehar ibilia da. Orain, munduaren txoko horretan eseri eta unibertso osoko hizkuntzek ipuin berbera konta dezaten dihardu lanean. Edonori edozein hizkuntza musutruk erakusteko eskeintzen da. Benetan egiten duena bizi du; ordainetan jakinduria beste ezer jasotzea espero gabe. Poza eman dit honelako lanak paperaz, boligrafoz eta bihotzez egiten dituen norbait ezagutu izanak.


Bapatean, "Ze Sesma, ze birra nahi dek?". Manly aldetik buelta eder bat eman eta garagardotegi moduko batean geunden. Garagardo mota ugari egiten dituzte bertan, eta batzuetan "txotx" moduko bat egin omen daiteke. Hori bai, zure eserlekutik mugitu gabe; tanta bat alferrik galdu gabe. Beroak, ibilaldiak eta itsasoaren gatzak sortutako egarria baretu eta beren etxera joan ginen zerbait jatera: eraikinera atzeko atetik sartu, igogailuan igo, atea giltzik gabe ireki, eta balkoira zuzenean.


Han musika entzuten genuen bitartean itsasoari begira jan genuen. Australia, musika, Sydney, musika taldeak, ikasketak, gure musika taldea... Kontu ezberdinen inguruan filosofatzen igaro genituen ondorengo orduak. Ea gure ametsak sekula asetze ez diren...


2009/10/23

Txorixiriña hartu edo ez?


Gauzak idatzi nituen moduan idatzita logikoa da batzuek hegazti batek opari bat bota zidala ulertu izana... Baina ez. Ez zen txorikaka edo behikaka izan egun hartan toatu zidana; zortearekin (ona edo txarra ikusiko dugu) zerikusia zuen zerbait baizik.

Kontua da, egun eguzkitsu batean txigor harrikada izan balitz bezala erori zitzaidala gertakizun bat... Oraindik itxurarik hartu ez diodana. Apur bat hollywoodiensea... Zer ote da? Ona ala txarra? Zuek ze uste duzue?

To be continued...

2009/10/22

Urriak 16. Surf & Live


Urriak 16, ostirala. Surfaren munduan bataiatua izan nintzen Neptunoren babespean. New South Walesgo udaberriko egun eguzkitsu horietako batean izan zen. Ipar mendebaldeko haize epela, zeruan urdinaren uniformetasuna apurtzeko bi hodei zuri... Aitor azpeitiarrak Anthony Astorkia australiarraren gonbidapena helarazi zidan; eta ezin ezetzik esan.


Manly, Dee Way, etab.autobusean pasa eta goizeko 9.30ean jo genuen bere etxeko atea. Jatorri euskalduneko gure lagun biziak berehala ireki zizkigun ateak. Begiak ondo zabalik eta lepoa tente daraman horietarikoa da 40 urteko gure laguna. Dena du eskeintzeko, beti parrez... Eta australiar surfzale autentikoa da ("argazki hau Balin atera nuen... Nire laguna bigarren izan da Mundakako txapelketan..."). Argazkitan berehala gogorarazten du Kelly Slater. Bi seme ditu, emakume batekin ezkondu den bakoitzeko fruitu bat, eta bietan banandu egin da. Berak barre egiten du ordea hori gogorarazterakoan. Hemen ia familia guztietan daude honelako hainbat istorio.


Hondartza ondoko etxetxo polit praktiko batean bizi da bere aitarekin (duela apur bat mugitu da aita semearengana), eta olatuak ikustera joan gara. Ez dugu zorterik izan. Olatu txikiak, aztoratu egiten dituen haize txepela... Panorama ikusi eta itsasoaren inguruko bost minutuko azalpenak eman ondoren, skipsurf (edo antzeko hitz bat) egitera gonbidatu gintuen. Bere kamioitxoan Narvile, Collaroid eta inguruko herrietatik bueltatxo bat eman, eta gurpil handiko skate antzeko harekin maldan behera zarta eder batzuk hartzea ekiditeko eseatzen eman genuen hurrengo ordubetea.


Gure zorte ona agortzear zegoela ikusi eta olatuak hobetu ziren ala ez begiratzea proposatu zigun Anthonyk. Baina ez. "OK! Ba goazen Blowholera!". Bere etxera itzuli ginen neoprenozko traje banaren bila. Bere aitak "hor jende asko hiltzen da... ea zortea duzuen..." eta antzekoekin "broma" bat bestearen atzetik jaurtitzen zigun bitartean, leku hura zer zen azaltzen zigun gure lagunak; berriz ere kamioitxoan sartu eta hara abiatu ginen bitartean.


Surflari moduan jantzi, Zarautzen ikusten direnak bezala kostara oinez abiatu, eta bapatean han geunden, haitz zati eder batzuen gainean. "Hemendik jeitsi behar dugu, eta gero igeri eginez joango gara. Hor dago-eta!", eta hala egin genuen. Traje estuekin eskaladarako genuen trebezia frogatu, zakur erara -haitzik ez jotzeko- uretan ibili eta han geunden hirurok; harrizko horma naturalak eta zulo ilun bat zeuden tokian. Hura zen Blowhole.


15 urte inguruko gazte ilehori dozena bat zebilen han, schoolhollyday garaian nonbait. "G´day" eta geroarte esan genien guk; tunelean zehar abiatu ginenean. 30 metro inguru zituen zulo hark, eta olatuen bultzakaden laguntzaz, aise gurutzatu genuen. Bestaldean, metro bateko garaiera zuen hormatxo bat igo, eta hiru Inpernupe adinako "enparantza" moduko batean geunden. Marea jeitsi eta itsasoak biluzten duen eremu eder horietako batean. Han azaldu zigun Anthonyk pasa berri genuen zuloan jendea hil egiten dela. Antza denez, olatu handiekin ere jendeak bertan sartzeko arraultzak/obarioak omen ditu, eta noski, hauekin batera batzuen buruak sabaian lehertu izan dira. Blowhole izena ere hortik omen dator. Itsasoaren maila gorago dagoenean olatuen indarrarekin han olatuen "sifoiak" deitzen diegunaren modukoak gertatzen omen dira neurri handiagoetan. Norbaitek ahoa urez bete, pajita bat hartu, eta ura bere indar guztiekin bertatik botako balu bezala gutxi gora-behera.


Azalpenak eman ondoren, haitz batzuetatik igo eta mortal batzuk eskeini dizkigu. Guk, lotsati, jauzi batzuk egin ditugu zulora. Eta azkenik, inguru hura aztertzeari ekin diogu. Ikerlariek aurkitu-berri zuten eremu bat zirudien: oskolik gabeko barraskilo erraldoiak eta zortzi besotako mila koloreko itsasoko izar mordoa putzuzulotan; aparteko neurritako lapa eta maoliyuak haitz-gainetan; uso eta usategi andana han ondoan zegoen koba txiki batean... Eta ia ikutu gabeko ingurua zen hura.


Australiako natura basatiaren baitan nengoela sentitu nuen lehen aldiz. Uraren gainean balkoia zirudien haitz irten batean etzan eta inguru hark sortutako harriduraz mintzatu ginen eguzkipean hurrengo ordu-laurdenean; handik behera jauzi egin eta atzera-bidea egin genuen arte. Hori bai; kontua apur bat borobiltzeko, arrantzale bat blackfish pieza eder bat uretatik ateratzen ikusi genuen. Ez dakit zehazki Euskal Herrian honelakorik baden; baina "ballesta" hortzaundien tankera hartu nion...


Autora itzuli, eta haizea xalotu egin zela ohartu ginen; olatutxoak erabiltzeko modukoak zirela. Une hartan, bakoitzak bere surfeko taula hartu eta han inguruan zegoen hondartzetariko batetara joan ginen. Anthonyk olatuak marrazteko sekulako erraztasuna erakutsi zuen, Aitor hirugarrenez ibili zen eta ni, bere moduan, han nenbilen, lehenengo aldiz tente behar bezala jartzeko nire esku zegoen guztia egiten. Azkenean SURFA eta AUSTRALIA binomioa bete da nigan ere. Hemendik aurrera, izango dut nahikoa asti zerbait egiten ikasteko. Bestela ez naiz itzuliko...



Gaualdean Gartxotek deitu du gure telefonora: "Ieuuuu!!! Ya Sydneyn naoo. Arde Sydney...!"...


2009/10/19

Urriak 13. Asteartez gainera.


"En martes y trece, ni te cases ni te embarques" diote batzuek. Batek jakingo du esaera zahar honen jatorria, (des)arrazoia. Zergatik ote batzuentzat biharamun gogorreneko eguna dena eta zenbaki sorgindua elkartzen direnean. Auskalo. Baina zergatia ulertu gabe nire garuneko artxibategian ez dago honentzako data zehatzik. Ikasi gabe guztiok dakigun zerbait da.

Kontuak kontu, urriak 13 asteartean zerbait arraroa gertatu zitzaidan. "When a bird shits on you..." diote angloparlanteek. Txorikaka gainean erotzea zortearekin ezkondua dagoela. Orain ez dakit ontzira igo behar dudan edo ihes eginiko transatlantikoa den...

2009/10/13

Catalunya´s Party


Iragan asteburuan, kataluniar batzuk antolatutako BBQ batetara zeharka gonbidatuak izan ginen. Iñaki izeneko lagun batek Javi bere lagun mina gonbidatu zuen eta honek, eskubide osoz nonbait, gu. Lehenago izan genuen moduko zita intimo batera erabat ez-ezagunak izanda agertzea biolentzia domestiko mota bat iruditzen zitzaigun, baina lasaigarriak ziren bi adituen hitzak Newtowngo Court Housen garagardo batzuk hartzen genituen bitartean.


Iluntze euritsu bezain hotz bateko 7.30ak ziren, eta aterpean ez zegoen berritsu gazteren bat gainean jasaten ez zuen eserlekurik. Estetika guztietako jendea zegoen han: beren buruari "artista" etiketa jarri nahiean prakak burutik behera jantziko lituzken jendea, heavy tximosoak, alkondara eta korbatak ahal bezain ondoen konbinatzen zituztenak... Denak bero-bero. Eraikin osoa hartzen zuen leku haren barnean zeuden asko. Rusty rolloa gogorarazten zidan hark. Granate koloreko moketa bat beste hainbat koloretako partxeekin, kolore eta forma ezberdinez bordaturiko arkuak, horma beixetan zintzilikatuta esanahi zehatzik gabeko margolanak, armiarmen etxe bilakatutako hainbat liburu apal zaharkituetan, jatekoa eskeintzen zen barra bat, edarientzat beste bat, pipiek jandako egurra, gehiegi zaindu gabeko leihoak, kamarero gazte alternatiboak, xox batzuen truke musika jartzeko aukera eskeintzen duen makina hiperestetiko horietariko bat... Argitasuna eta bertako giroak garbi esaten zuen: ez zen leku zuria; ezta gardena ere.


Kanpoaldeak beste itxura bat zuen ordea. Hemen jaima eta toldoak zuriak ziren eta erdi hildako zuhaitz beltz japoniar politak zeuden hango aterpearen zuritasunean pitzadurak bailiren. Modan dauden perretxiko formako hainbat berogailu zeuden egurrezko mahai, aulki eta tabureteetan eserita zeudenen bizkarrak berotzen. Kanpoaldearekin nahikoa ez, eta garagardo ontzi handien etengabeko joan-etorriek berotzen zituzten barrenak.


Mahai gehienak aurrez erreserbatuak egoten omen dira, baina euri-jasagandik ozta-ozta babestutako mahai bat eta lau taburete topatzeko zortea izan genuen. Australiako ohiturak elkar adina ezagutzeak sortutako lasaitasunaz mintzatzen ziren Javi eta Iñaki. Guda askotan batera ibiliak, lankide eta bizilagun ohiak... Duela lau urte jakin zuen batak nor zen bestea. Maialen eta biok oso eroso sentitu ginen hauekin, baina bagenuen barnean "ondo hartuko al gaituzte?" moduko ezinegon txiki bat; jende berria ezagutu eta esperientzia berriak izateko grina itzaltzeko gai izan ez zena.


Leire, Miky eta Camile iritsi ziren orduan. Lehenengo biak kataluniar peto-petoak ziren bai izakera eta baita hitz egiteko eran ere. Astebete lehenago iritsia eta hirian bere lekua aurkitu nahian zebilen 27 urteko emakumea zen bata; unibertsitate ikasketak eta bizimodu australiarra gurasoen kontura gozatzen zituen 23 urteko mutikoa bestea. Hirugarrena australiar ukituak zituen kataluniar bat zen. Han jaio eta 12 urte zituen Sydneyra etorri zenean. 15 urte zituela bere gurasoek Sydneyko Joko Olinpikoak antolatzea amaitu eta Utah-ra joan ziren Neguko Jokoak antolatzera. Bera hemen ikasten hasia zen eta gay bikote baten eskuetan utzi zuten. Ordundik, behin baino ez da joan Iberiar penintsulara. Weed zalea, alfer samarra da; baina sekulako talentua omen du hiru dimentsiotako diseinuan. Adibidez, Fox Studios aldean sortu zen 'Ice' filmaren egileetariko bat izan zen.


Ordubete inguru hitz egiten egon ostean, Cooper batzuk erosi eta "zain genuen etxera" iritsi ginen. Kanpoan jendeak elkarri besarkadak ematen zizkion; guri beren buruak aurkeztu eta esku bat luzatzen ziguten bitartean (hemen ez da ohikoa norbait ezagutu eta bi musuak ematea, eta hauek ondo ikasia zuten hori). Segundu pare batean etxeko atea ireki ziguten, eta ez zen harreman izoztuetarako tarterik izan.


Kanpokaldetik begiratuta gurearen moduko etxe tipikoa zen. Barrutik antiolako etxe horietarikoa zen; sabaian erliebean egindako lore eta guzti. Etxea osorik gurutzatzen zuen pasabidetik zuzenean landskapera gidatu gintuzten (lorategiaren lekuan Cementos Rezola konpainia grisak bakarrik egin ahal izango luke negozioa). Berehala joan ziren gure "beldurrak". Hau ez zen guk ezagutu genuen BBQ horietarikoa; festa bat baizik. Haragi zati batzuk erre omen zituzten, baina ez ginen ohartu (eskerrak aurrez badaezpada zerbait afaldu genuen). Hau festa bat zen. Etxearen atzekalde hura jendez gainezka zegoen (43 pertsona inguru etxe batean). Ez zen gonbidapenik behar han egoteko. "Ese subnormal saltó al patio de la vecina la semana pasada... Como la líe otra vez..." zioen Gerard anfitrioiak. Eta beldurrez baietz zioen Carla etxekideak.


Bakoitzak bere edariak eraman zituen, baina beti bezala, bereak hasi aurretik ondokoarenak edaten hasten zenik ez zen falta. Catalunyarrak, frantziarrak, txiletarrak, espainiarrak, suediarrak, italiarrak... denetik ezagutu genuen han. Bitartean, beirazko botilek zaborrontziak inbaditzen zituzten jendea aztoratzen zihoan heinean. Techno musika geroz eta altuago zegoen, hitzak geroz eta garrantzia gutxiago zutela zirudien (eta esaten ziren asko hobe zeuden ezkutuan)... Elvisen erantzun bat gogoratzen dut. 40 urte gertu ditu Valentzia aldean jaiotako australiar honek, eta bere zimurren marrazkiengatik agian, Rolling Stones-en estetika gogorarazi zidan. Kontuak kontu, guri axola ez zigun arren hankatarte inguruan superdotatua zela esana ziguten ilea hartzen ari zitzaion bati honakoa erantzun zionean: "Tú gilipollas. No vayas de chulo, y ¡cállate! Que hasta puedo cambiar la voz". Oso makarra zen tipoa, baina aspaldian entzuten nuen esaldi literarioena josi zuen.


Ohartu ginenerako jende kopurua murriztuz zihoan lau horma horien artean. Gero ohartu ginen etxe barnealdean zebilela jendea! Egongelako sofatan erdi-etzanda, sukaldean dantzan, pasabideetan berriketan... Gu konturatu gabe, garagardo tanta guztiak xurgatu genituenerako gehienak nonbait joanak ziren. Bapatean euria hasi zen, eta etxe barrura gonbidatu gintuzten festari amaiera duin bat emateko. Eta denetarik zegoen: mutila Alemanian utzi eta Australian hiru hilabetez bigarren bikote bat zuela erakusten zuena (mutila berdin ez badabil, gizarajoa), neska japoniar bat beste bat berotu nahiean, sofan erdi lo zeudenak, batzuk ligatu nahiean, "nos vamos" eta irriparrearekin lan on bat egin zutela esanaz agurtzen gintuztenak, beste batzuk popper delakoari tiraka, sandia bat txiki-txiki eginda sukaldean... Baina alkolik ez, festarik ez teoriari heldu zieten etxekoek; eta ordu laurden batean kalean ginen guztiak.


Juergan jarraitu nahi zutenek Kings Cross aldera joatea erabaki zuten. Askok, etxean bertan ligatu ez zutelako. "¿A Kings Cross? Que buena, así vendo mi cuerpo" zioen neska espainiar batek. 3.30 inguru ziren, eta gu konbentzitu nahiean ibili ziren batzuk. Guk ordea, gureari eutsi genion, eta ez ginen taxietan sartu. Nahiago izan genuen etxera bidean oinez abiatu eta beste abenturatxo baten sartu; hiri handiko gure mapan bide berri bat marraztu.


2009/10/09

Urriak 2-5. Zubia Thirroulen


Urriak 5 'Langilearen eguna', jaieguna izan ohi da Australian (ez dakit zergatik aukeratu zuten egun hau). Egia esan, hemen ez dago Euskal Herrian eta beste hainbat lekutan adinako lanerako 'grin' hori edo gehiago esango nuke: ahal den neurrian (eta han baino zabalagoa da) kontrakoa izaten dela.Kontuak kontu, aurtengoan astelehen batean suertatu zen, eta zubi baten aurrean geunden Micaelak proposamen berri bat egin zigunean: "¿Quetal si el puente que viene vamos a la casa que mis padres tienen en un pueblecito de la costa? Está a una hora y media al sur de Sydney, y si hace bueno es un planazo. Además igual tendreís la oportunidad de conocer a los Pattison...". Hasieran baiezkoa gehiagok eman genuen arren baina, Javi, Micaela, Maialen eta ni izan ginen ostiral arratsaldean Central Stationen elkartu ginenak.

Eguraldi aurrikuspenek zubi osoan laino manta baten azpian izango ginela zioten arren gutariko inork ez zuen atzera botatzeko asmorik erakutsi. Azken boladan lan asko egin ostean atseden bila zihoan Javi; esperientzi berrien gosea asetzera Maialen eta biok. Micaela ateak ireki eta familiarekin egotera. Ez genuen gehiago behar.

Trenbidea paisaia ederren artean igarotzen zen arren 17.30ak inguru eta laino mardulak; ilun zen beraz. Lehioetara begiratzeko bi arrazoi bakarrik beraz: nora begiratu ez jakitea eta ispilu efektua. Ez genuen horrelakorik behar izan ordea, Central Stationetik irten eta Central Stationera iritsi bitartean ez baikenuen asper-isiltasun deserosorik izan. Lehenengo gaia: marrazo eta krokodiloen haginkadak.
Bull Shark, White Shark (marrazo zuri fotogenikoak Zumaian lupia baino gehiago ikusten dira nonbait Australiako ekialdeko kostan), ur gazietako krokodiloa... Azken boladan guztiek izan dute nonbait albistegietako beren tartea.

Sydney inguruan adibidez, marrazoek bi ezusteko jarraian eman omen dituzte azken bizpahiru hilabeteotan. Lehenengoa bailaran bertan. Urpeko entrenamendu lanetan ari zen nonbait militar bat marrazo batek gominola bat bezala tratatu eta akabatu zuenean. Aiii regalizak.... Bigarrena hurrengo egunean izan omen zen. Bondi Beach famatuan surflari bat egunero bezala sartu omen zen goizeko seiak inguruan olatu ederrenak berak soilik laztantzeko asmoz. Goizean goiz eta arratsalde amaieran ez da gomendatzen horrela erabiltzea; marrazoaz gosez inguratzen baitira. Eta bai, mutil onek ondo ezagutzen zuen itsasoa, surflari bikaina zen, olatu ederrenak marrazten ibili zen... Baina beso bat izan zen faktura.

Ordu eta laurdenean beste hainbat kontu kontatu zizkiguten eta garbi utzi ziguten hondartza batzuk zergatik egon ohi diren hutsik. Bapatean "
¡Ostia! ¡Que tenemos que bajar!". Bakoitzak bere motxila hartu eta korrika jeitsi ginen trenetik (jeitsi diot, hiru solairu izaten baitituzte [-=-=] eran antolatuak).

Thirroul zen gure herritxoa. Australiako ekialdeko kostan, hondartza luzeak, herritxo lasaia, hotza, euria eta gaua. Etxera bidean BottleShop batera joan (hemen alkola honelakoetan edo tabernatan bakarrik aurkitzen da), garagardo kaxa pare bat erosi eta han abiatu ginen Micaelaren atzetik. Ez genekien zein etxetan egongo ginen hurrengo hiru gauetan. "Es ésta. Vamos". Lotsatu egingo balitz bezala esan zuen. Etxe hura berea izateak graziarik egingo ez balio bezala.


Etxera sartu, eta ulertu nuen zergatia. Beste bat zeharo harrotuko litzateke, bularrak atera eta harro esango luke. Honek ordea, ez du honelako handikeriarik. Herri berean etxe txikiago bat balu, isil-isilik hara eramango gintuzke.
Pelikulatako etxe bat zen hau. '
Beverly Hills Sensación de vivir', 'OC' edo ez dakit nola esan. Guztia zen berria, eta etxera sartzerako oinetakoak kendu beharra sentitu nuen. Pasilloetan margolan artean igaro eta etxeko gune ederrenera iritsi ginen: sukalde-egongela-terraza ingurura. Leku zabal bezain goxoa zen hura, sukalde erraldoi bat kalitatezko 2000 trastorekin, sofa eder batzuk, mahai handi bat... Gauzen artean tarte handiak zeuden gainera. Hutsunearentzat ere lekua zegoen han. Bapatean, zutabe batean zegoen monitore antzeko batekin argiak nahi adinako intentsitatearekin piztu eta gune haren alde guztietako pertsianak ireki zituen...


Eta bua, hura zen hura! Ezkerretara mahai handi bat eta BBQ berri bat zituen terraza genuen, eta aurrean... Kristalera
handi bat, eta parean terraza bat itsasora erortzear balego bezela. Magia puntu bat zuen leku honek. Bertan zegoen mahaitxoaren inguruko edozein eserleku edo hamakatan jarri, itsasora begiratu bere haize hotza eta soinua belarrietan sentituz... Hondartza behean genuen; bertan. Bazirudien norbait sonanbulo "esnatu" eta ibiliz gero nahigabean hondar artean edo ur gazitan agertuko zela...

Berandu zen jada, eta afaldu eta kanpokaldean egon ginen Espainia eta Euskal Herriaren inguruko historiaz hitz egiten (errepublikak, feminismoa, borrokak, etab.), Australia ezagutzen, trago batzuk hartzen... Bitartean musika
jarrita zegoen, baina guretzat itsasoaren zarata bezala zen. Hor zegoen, eskertu egiten zen, baina kantu bat amaitutakoan inor ohartzen al zen? Musikari arreta jarri genion une bakarretarikoa Pedro Almodovar zine zuzendariaren musika entzuten zen unea izan zen. 80.hamarkadan musikari ere ematen zion antza, eta "la coca, la coca, me pone me provoca" edo eztakit nola zen estribilloa... Gero kontatu ziguten "utzi edo hil" egoeran aurkitu zenean utzi zuela honek...

Hurrengo egunean etxea txukundu genuen Pattisondarrak etortzerako. Iristen lehena Michelle (ama) izan zen Murphy txakurra eta "Kailen" 7 urteko bilobarekin. Antzematen zen han jendeari harrera egiten ohituta zeudela, eta oso jator egin ziguten. Hurrena Michael (aita) izan zen. Asteburuan Parramata Eels taldeak errugbi australiarreko finala jokatzen zuen Melbourne Stormsen aurka. Berak gaztetan lehenengoan jokatu izan omen zuen, eta Singapurretik (lana han egiten du) propio etorri zen partida ikusteko aitzakiarekin. Jarraian etorri ziren "Kinan" eta "Karl" anaia bikiak lagun pare batekin. Izenak ahoskatzen zituzten bezala idazten ditut gutxi gora-behera...


Ordutik aurrera 9-11 pertsona izan ginen uneoro etxean, eta harrigarria bada ere, ez nuen inoiz itolarririk sentitu. Edozein etxetan kopuru horrekin egia esan... Jarraian, asteburuan zehar hartutako apunte batzuk datoz:

· Australiako ikurra (eskudoa): Emu bat eta kanguro bat dira bertan agertzen diren animaliak. Zergatik? Hemen tipikoak diren animaliak izateaz gain bi hauek ez direlako atzeruntz ibiltzeko gai. "Australia, beti aurrera doa!". Ja!. Honi ikusten diodan gauzarik tristeenetarikoa monarkia "beharra" da. Libre izan edo konportatzeko jarrera lortu bazuten gutxi gora-behera... Zergatik jarraitu Ingalaterrako Elisabeth II erreginatzat onartzen? Txanponetan ere aurpegi bera dago...

· Eta koala zer? Ikusi dudanez, marsupial honek hemen ez du atzerrian bezain fama "ona". Eta egia esan, dokumental batean ikusitakoarekin... Ur falta ikaragarria dagoen uharte erraldoi honetan, ur gutxirekin bizirauten jakin beharra dago, eta koala da ondoen egokitutakoa. Txikitatik, amaren gorotza jaten dute "ontzi" bertatik. Eta hortik aurrera? Esango ez da ba beti lasai-lasai dagoela animalia? Berez oso petralak omen dira, baina noski, bizitza osoa eukaliptoa jaten pasatzen du. Eukaliptoak pozoia dauka, eta koalak dira hau jaten dutenak. Gero ordea, egunean 19 ordu pasatzen dituzte lo, eta 5 ordu jaten. "Kolokatuta". Gero zuhaitzetatik erotzen ikusten ditugu... Beste datu bat: ur eta oxigeno (erregai) gutxiago behar izateko garun txikia dute. Etxean garbi ikusi dugu zergatik ez diren hain maitatuak...

· Jabe izan, eta gozatu: Asko gustatu zitzaidan Michael jaunak etxean egon zen lehenengo gauean ohera joan aurretik egin zuena. Bere gaztaroko rock musika itsasora begira zegoen terrazan entzuteko moduan jarri, hamaka mahaiaren ondoan ondo kokatu, ardo beltz kopa bat mimoarekin prestatu, hotzari aurre egiteko moduan jantzi eta han jarri zen, itsasoari begira. Oinak mahaitxoaren gainean jarrita, orduerdi inguru pasa zuen han bakar-bakarrik, haizeak aurpegiko azala estutzen zion bitartean. Gaztaroan bere emaztearekin dantzaturiko lehen abestia zela zirudien entzuten zuenak. "Singapurren gauzak ondo egin, hegazkina hartu, eta hemen nago nire familiarekin. Beti nahi izan dudan etxea, itsasoa, familia itzela, eta guztiek maite naute" pentsatzen zuela zirudien.

Asko gustatu zait hori egin izana. Askok, honek duen guztia edukita ere ez bailukete apreziatzen jakingo. Objetu bat bezala tratatuko lukete guztia; sentimendu eta bizipenei tarterik utzi gabe. Hori gutxi balitz, handik jeiki bezain laster gurekin apur bat hitz egiten egon da euskararen inguruan, bere jatorri irlandarraren inguruan... Jaten erabilitako ontziak garbitu ditu gu ohartu gabe, eta lasai, ohera joan da.

· Errugbia: Parramata Eels (aingirak) eta Melbourne Storms (ekaitzak) elkarren aurka jokatzen zuten igandean errugbi australiarreko final handia. Errugbi australiarra beste errugbitik bereizten duena erritmoa da; jokoa ez baita geratzen baloia duena lurrean estaltzen duten bakoitzean. Jokalari gehienak Sydneykoak izaten omen dira, baina Melbourneko taldea gailendu zitzaion hiri handiko taldeari. Hala ere bi kontu izan dira niretzat deigarrienak. Lehenik eta behin, guztiak partidaren zain bazeuden ere (Michael Singapurretik hau ikustera etorri omen zen) gizonezko guztiak ia partida erdia Youtuben boxeo ikusten egon zirela eta Michelle izan zela partida bizi izan zuen bakarra.

Australian beti bakea bizi izan dute, ez dute benetako arazorik eduki, eta arlo guztietan antzematen da. Beharrezko-beharrezkoa ez den ezergatik ez dutela borrokatzen iruditu zait orainarte, eta berdin gertatzen da kirolarekin. Etxeko gizonak Parramata taldean jokatu omentzuen, milaka kilometro egin ditu partida ikusteko ("
behin iritsiko taldea finalera eta..."), etab. baina bere taldeak 6 puntuko jokaldia egindakoan ez zaio antzematen. Ezta kontrako jokaldietan ere. Politika kontuekin berdin gertatzen zaie... Hori bai, partidan erabiliko zen baloia nola iritsi zen zelai erdira asmatuko al zenukete? Armadako helikoptero batek eraman zuen...

· Jateko ohiturak: Igandean ere ez dute batera bazkaltzen. Afaldu agian bai, 17.00 aldera. Jatordua iristen denean, erosketak lau zatitan egiten dituzte; behin joan, zerbait ahaztu, itzuli, gutxiegi ekarri dutela ohartu, berriz ere joan...

Jakiak prestatzerakoan Micaela eta gonbidatuak ziren sukaldariak. Baina jaterakoan... Jakiak mahai gainean utzi bezain pronto, prestaketa lan guztien bitartean telebista ikusten edo surfean ari zirenak jaten hasten dira; besteak noiz eseriko zain egon gabe. Jan eta berehala, besteak bukatu duten begiratu ere egin gabe jeiki egiten dira, eta kitto. Besteek ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dute; berdin dio hamaika pertsonatik bi bakarrik gelditzen badira eserita.


Esker ona bai; hori beti erakusten dute. Gero berriz ere berdina egin ordea. "
Eskerrik asko sukaldarioi eta prestatzen lagundu duzuenoi, benetan". "Eskerrik asko berriz ere". Benetan eskertzen dutela dirudi. Egia esan, sentsazioa da norbaitek prestatu ezean patata frijituak, txokolatinak eta garagardoarekin nahikoa izango luketela. Ez luketela guk "bazkaldu" eta "afaldu" deitzen diegunen antzekorik egingo.

· "Rollo" ona: Gurasoak, seme-alabak eta hauen lagunak ondo baino hobeto eramaten dira. Surfa ere guztiek batera egiten dute (gizonezko guztiek egin dute surfa eguraldi txarrarekin ere, eta pena berandu esnatu nintzela). Erlazio ona erakusten duen adibide garbi bat igande eguerdian gertatu zen. Bikietako bat lagun min batekin agertu zen etxera aurpegi ez-oso-onarekin. Gurasoek lagunari galdetu zioten orduan "atzoko juerga oso gogorra izan zen, edo porro eder bana erre duzue?". Eta lagunak orduan, bitan pentsatu gabe "Ummm... biak, jajjaj (kar, kar)". Eta guztiek egin zuten barre. Ikasten egon zirela eta ogitarteko bat jan zutela kontatu balute bezala erreakzionatu zuten guztiek. Agurtzerakoan guztiek elkarri "beti da plazer bat zuekin egotea" esan, eta hurrenarte!


· Thirroul: Eguraldiak bi tarte egin zizkigun herritxoa ezagutu ahal izateko; bat egunez, eta bestea gauez. Gris argia zen batean irten ginenean, hondartza(k) ezagutzera joan ginen. Etxetik eskilarak jeitsi behera, eta iparralderako norabidean. Hondartza bat amaitzen zen lekuan, haitz-sorta txiki bat topatzen genuen. Atzetik beste hondartzatxo bat... Eta horrela amaieran kantina batean eseri ginen arte. Hondartza bazterretan belarra, haitza eta etxeak zeuden. Ez da Euskal Herrian bezala dena urbanizatuta aurkitzen; noizbehinka bakarrik. Eta itsaskiak? Maoliyo eta lapa mordoa ikusi dugu eskura. Inork ez omen ditu horrelakoak jaten hemen, eta niri ere beldurra eman dit hartu eta jateak... Azken batean, ez dugu mediku asegururik.

Gauez irtendakoan, herriko Pub bakarrera joan gara Micaelaren anaiak eta lagunekin. Rock beterano batzuen kontzertuaz gozatu ahal izan dugu hogei minututan zehar eta harrigarria zen dantza egiteko modua. 40 urtetik gorako dozena bat pertsona "a muerte" ari ziren, izerditan blai estilo guztiak konbinatzen zituzten mugimendu puskatzaileekin! Tamalez, kontzertua amaitu eta orduerdira itxi egin digute txiringitoa...


· Txinatarren bisita: Une subrealista eta ahaztezinena. Freuden mundukoa zirudien. Goiz batean Michaelen enpresako sozio txinatarra eta langileak omen zetozen etxera bisita egitera. Eta hala izan zen, Australiako beraien trabesian geldialditxo bat egin eta han agertu ziren 36!! Etxean turistak izatearen sentsazioa bizi behar izan zuten gure lagunek. Agertu orduko, alfonbrei, landareei, margolanei, guri, etab. argazkiak ateratzen hasi ziren. 7 urteko haurra agertu zenean, Brad Pitt sekuestratuta genuela zirudien. 8 pertsonek inguratu eta argazki andana atera zioten! Eskerrak izutu ordez harrotu eta pose ezberdinak probatzen aritu zen...

Bapatean!! "
Look at that! It´s a dolphin!". Ba bai, izurde taldetxo bat zegoen etxearen parean. Imaginatu txinatarren erreakzioa. 20 minutu inguru egon ziren etxean jaten, edaten, argazkiak ateratzen... Guk ezin genuen gertatzen ari zena sinistu. Oraindik erdi-lo eta "nihao" (txinatarren agurra), txinatarren tabakoa, flash-ak... Amets bat zirudien. Ordurarte gertatutakoa gutxi balitz, bapatean txinatar bat etxe aurreko haitz batzuetan arrantzan zebilen batengana joan zela ikusi genuen. Ezer harrapatu ez, eta laster itzuli zen; baina segituan, arrantzalea bera igo zen etxera bi pieza ederrekin!! Imaginatu erreakzioa!! Denak argazkiak ateratzen jardun genuen, familiako argazkia eta guzti atera genuen arrantzalea eta bere bi arrainekin...


Azkenean txoferraren deiari erantzun, eta autobusera joan ziren guztiak, guztioi banan bana agurtu ostean. Jende jatorra eta argazkizalea gure ametsetakoa. Guzti-guztiek egiten zuten berriz ere agur eskuekin autobusaren barrutik; bizi osoan zehar ikusi eta betirako agurtuko bagina bezala. Edo katxondeoa zen?

2009/10/08

Irailak 30. The first BBQ


Australiako kirol nazionaletako bat ezagutu genuen asteazken batean: BBQ. Dena inprobisatua izan zen. Arratsaldeko bostak aldera, Wendyren dei bat jaso nuen "¡Que pasa! ¿Quetaaaal? Oye, que Gorka y yo hemos pensado que como hace buen tiempo podemos hacer una BBQ. ¿Si quereís venir...?". Egunero debalde jasotzen ditudan ingelera bi ordutxoetatik irten berri eta Maialenekin elkartzekotan nintzen, nola ez ba! Gonbidatu izana eskertu eta haruntz abiatu ginen.


Iritsi orduko aipatu ohi ziguten BBQ. Kirolen bat zela uste zenutenontzat, barbie edo barbakoa da. Antipodatan sekulako ohitura omen da kea eta haragia nahasten diren bitartean garagardo batzuk edan eta solasaldi luzeekin gozatzea, eta ezin genuen aukera hau galdu. Newtown amaieran bizi da bikotea, eta han bilatu behar genuen hauen etxea; hasi orduko Town Halleko tren geltokian galdu ginen ordea.


Hiriaren erdigunean, lurrazpian solairu ezberdinetan banaturik dauden zazpi errailek osatzen dute. Ordurarte trena aireportutik hirira bidean bakarrik hartu genuen. Autobus batzuk, ferry pare bat eta gure oinak izan ziren gure ibilgailuak ordundik. Bapatean, zentzu guztietan erdi-korrika zebilen jende andanaren erdian aurkitu ginen. Bazter guztietan publizitate panelak, nasa ezberdinen izen eta zenbakiak, informazio guneak. Gorri, hori, berde, more... Ez genuen guk hartu beharreko bidearen izenik aurkitzen, ezta tiketak erosteko lekurik ere, nora joan behar genuen argi ez eta nondik gutxiago, plaka fluoreszenteen argi artifiziala... Egoera itogarria zen han barruan. 17.30 aldera, "horapunta" zen nonbait...


Halako batean panel batean Newtown irakurri genuen (geroago jakin genuen ez zela hura joan beharreko geltokia). Linea morea zen hara zijoana; lehenengo nasa geltoki hartan. Ados. Eta tiketak? Jende artean tarte bat egin zen une batean ozta-ozta topatu genuen makina, eta trena hartzeko prest ginen beraz. Pare bat solairu beherago joan, eta arratoien hiriaren altueran geundela, ikatz koloreko giro batean egon ginen trenaren zain. Jende asko, gehiegi, ke usaina eta argi falta ziren nire zentzumenek han hautematen zituztenak.


Gure geltokira bidean hirietan ohikoak diren atzekaldeak ikusten joan ginen: hodien amaierak, inora heltzen ez ziren kable korapilatuak, adreilu eta porlanezko paisaiak kolore alaiez janzten zituzten grafitiak... Eta azkenik iritsi ginen "Camden Town kutsuko" auzora. Beheraino zeharkatu, kale ilun batean sartu (hemengo auzoetan farola bakan batzuk egoten dira, eta indarra estudio-mahaietakoena adinakoa dute) eta azkenean iritsi ginen Wendy eta Gorkaren etxera.


Azala victoriano estilokoa dela esango nuke; baina barrutik antzematen zen asmo berritzaileak zebiltzala. Emaitza benetan ederra zen, baina ez naiz azalpenetan galduko. Etxeko hoberena sukaldeak eta egongelak hartzen zuten eremu argitsua, kolore bizietakoa eta zabala eta etxearen atzekaldean zuten oihanaren arteko lotura. Oihana diot, ez zelako lorategi klasiko bat. Aitzitik, belarrik gabe, landarez, zuhaitz garaiez eta hamaka pare batez osatua dago. Gorkak badaki zer egiten duen, zerbaitegatik baita Sydneyko Unibertsitateko lorategietako arduradunetariko bat.


Etxea eta bertan zituzten margolan batzuk erakusten ari zitzaizkigun, Javi eta Micaela australiarra agertu zirenean. Dena prest barbakoari ekiteko!


Entsalada, haragia eta garagardoa izan ziren osagaiak; hizketaldi sakon bat eta algara batzuk emaitza (Weed usario arrastoei utzi beharreko tarteen eraginak tarteko). Euskal Herriko gatazka izan zen gaietako bat (edonora joan eta ia betiko gaia). Anfitrioiek erlijio gaien inguruan duten jakituria erakutsi ziguten: kristau anglikano eta katolikoak, budismoa, induismoa... Javi eta Gorkak landareen inguruan ere jarduteko aukera izan zuten... Hala ere Micaela da gehien harritu nauena. 25 urte betetzear dago, eta gazteleraz ingeleraz bezain ondo hitz egiteko gai da.


Historia ikasi zuen nonbait Unibertsitatean, eta Espainiako historia sakonago aztertzeko masterra egin zuen. Gauzak horrela, Andaluzian egon zen hizkuntza gaitasunak garatzen zituen bitartean taberna bateko zerbitzari moduan lanean. Santiago bidea egina du, Salamanka eta Bilbon ere bizi izan da, Bartzelonako mutil bat izan zuen... Nire sentipena zen, Espainiar gehienek baino askozaz hobeto ezagutzen zituela hango kontuak kanpotik joandakoen perspektibak dituen abantailekin. Gaur egun, Unibertsitatean laguntzaile bezala klaseak ematen dituen bitartean bere tesia egiten ari da: emakumeak eta biolentzia II. Errepublika garaian. Artikulu batzuk ere idazten omen ditu, eta mesedez eskatu diot batzuk irakurtzeko aukera eman diezadan. Ea nik ere ikasten dudan...


Bapatean, gutariko batek etxearen kanpoaldea eta barrualdea bereizten zituen beira zati erraldoi ikustezina jo eta min hartu zuen. Kristalean ere armiarma-sare "polit" bat marraztu zen segundu batean, eta gure egonaldiaren tonua barrokoa bilakatu zen. Beraz, ordurarteko sentsazio ona ez zapuzteko bikote bakoitza bere aldetik joatea erabaki genuen; berriz ere elkartuko garelakoan.


Gure etxea urrun dagoela-eta taxi bat hartzea gomendatu ziguten arren, Maia eta biok ezin izan genuen inguru ezezagun batzuetan zehar ibili eta bere erraiak -azaletik izan arren- gauez ezagutzeko tentazioa alde batera utzi. Azken batean, gaueko 12.00ak inguru ziren, eta hurrengo eguna osteguna izan arren ez genuen ohetik askatzeko presa handirik. Txar-txarrenean ere, edonondik ikus zitezken Business Districteko dorreak Ipar Izarraren papera betetzen; edo besoa altxatu eta taxiaren komodina erabiltzeko aukera genuen.


Azkenean, ordubete pasatxo eman genituen etxera bidean pub, mozkor, disco eta bakarrizlari artean. Garagardoaren aparra izerdi artean haizea hartzera joana zen beraz oinek beren larruzko kaiolatik irtetea eskertu zutenean...


2009/10/07

Irailak 27. As a gardener II


Igande goiza zen, eta etxe berdinera itzuli ginen bezperan hasitakoa amaitu asmoz. Goizeko zazpiak eta berriz pala eskularruekin helduta. Txorien melodiak eta gure orgaren txirriotza udaberriko eguzki atseginaren azpian. Belar eta ostoak kamionetan bildu bitartean, inguruko etxeetako txakurrek bizilagun goiztiarrak egunkaria irakurtzera ateratzen zituztela ikusi nuen. Haize otzan batek bezperako berriak dantzan jartzen zituen, baina hauek ezta ohartu ere. Lehenengo orria ikusi nuen batek gogorarazi zidan igandea zela, lana egiten ari nintzela, resakarik ez nuela...


8.30 a.m. aldera, martxan jarri zen auzoa, eta martxan jarri zen lanean genbiltzan etxea. Lehenengo Bill atera zen egiten ari ginen lana berrikusi eta ideiarik eduki gabe ere esan beharreko lau kontu intraszendente botatzera. Bai Javi eta bai niretzat ere, "harrokeria" hitzaren "h" hizkia izan zen haren presentzia. Hor zegoen bai, baina ez genion/genuen entzun. Joan zen, eta gurean jarraitu genuen ahal bezain laster amaitzekotan.


Bapatean ondoko etxearen atarira kamioi bat iritsi zen. Barrutik bi gizon atera ziren hainbat kaxa eta poltsa batzuekin. Buelta erdi eman, eta lanean ari ginen etxetik sei urtetik beherako hiru haur irten ziren ziztu bizian. Etxearen inguruan saltaka eta bullaka buelta batzuk eman eta berriz barrura sartu ziren. Orduan emakume bat atera zen laugarren haurrarekin (Australian sekulako laguntzak omen daude haurrak izateagatik; eta antzematen da). "Ondoko etxera goaz; bertako haur batek lau urte egin baititu eta Johnek festa dauka".


"Amerikanada" peto-petoa izan da hortik aurrera festa horren inguruan ikusi ahal izan dugun guztia. Haurrak beren gurasoei helduta iristen ziren banan-bana, bakoitza bere oparitxoa eta irriparretxoarekin. Iritsitakoan, etxearen atzekaldeko lorategian elkartzen ziren gurasoak ardo kopa eta algara artean. Etxe barruan aldiz, pailazoen graziak eta haurren marruak entzuten genituen. Honek luzemetrai hollywoodienseen antzekotasun harrigarria du, ezta?


14.00 aldera amaitu dugu asteburu honetako gure lana eta Javiri nire esker ona adierazi diot. Hasteko xox batzuk irabazteko emandako aukeragatik (logelaren hiru astetako errenta ordaintzeko adina izan da gutxi gora-behera). Bigarrenik, enkargatua izan arren lanean lagun batekin aritu naizela sentitu dudalako. Beti proposamenak egin dizkit; agintera erabili gabe. Eta amaitzeko, hemengo familia baten asteburua nolakoa izan daiteken gertutik ikusteko aukera eman didalako. Ezagutu berri dudan hau oso klasikoa izan dela iruditu zait; ea hurrengoan.


Hori bai. Gauza kurioso eta sinpatiko bat: bizilagun helduak. Hainbat eta hainbatek hanka-puntetan sastrakak okotsaren parean utzi eta "lan ederra egiten ari zarete!" esaten ziguten. Edo "Galdera on bat daukat: ze belar mota da landatzen ari zaretena?". Javik esan dit hori oso ohikoa dela Australian. Bera jatetxe batean zerbitzaria zen garaietan, platerak atera orduko jendeak "oooo... ederra dago! Eskerrik asko!" esaten omen zion zer jatekoa usaindu ere egin gabe. Berari ere itsatsi egin omen zaio portaera hori.


Dutxa eder bat hartu, kosta ala kosta lokatza gainetik kendu, eta Maialen eta biok Euskal Etxean elkartu gara berriz ere nire managerrarekin, Aitorrekin, Gorkarekin, Wendyrekin, Mikaelarekin... Eta han zeuden beste hainbatekin. Lehen ere esan dudalakoan nago, baina bitxia da Gure Txoko. Bertako mapa oraindik ondo definitu gabea dut, eta nahiago dut beranduago deskribatu.


Hori bai; Tooheys, Cooper, La Cabaña... bla-bla-bla, algara batzuk... Eta etxera.


2009/10/06

Irailak 26. As a gardener


Inguru hauetako nire lehen lanorduak. Gure Txoko euskal etxean ezagutu genuen Javi madrildarrak eman zidan bizitzako nire lehen dolarrak irabazteko aukera (orainarte beti euroak izan direlako diot). Peter Fudge Gardens enpresarentzat jardinen mantenu lanetan dihardu, eta lan asko duenean laguntzaile bat kontratatzeko ohitura omen du. "Madrildar bat euskal etxean?". Nik ere berdina, agian berbera pentsatu nuen hasieran. Egia esan, Txoko pekuliarra da ezagutu dugun hau, baina honen inguruan ere sakon hitz egiteko aukera izango dugu.


Goazen harira. "Imanol, ¿quiéres currar el finde que viene?", "¡Jode! DPM, todo lo que sea currar me viene pal pelo...". Larunbateko 7.00 a.m. elkartu nintzen nire manager-arekin. Zerua berriz ere dust storm erara jantzia zegoen; nahiz eta oraingo honetan ez zuen albistegietarako balio. Autoan Fox Studios ingurutik pasa -'Misión Imposible' II nagusiki hemen grabatu omen zen- eta Radwick auzoaren inguruan sartu ginen; Sydney hegoaldean. Bapatean txalet artean ere bereizteko moduko etxe baten aurrean geratu eta "esta es la casa". Hiru pisuko etxe victorianoa, aurretik begiratu eta zinefiloek begiak itxita marraztuko luketen erakoa.


Etxearen aurrekaldean oinezkoen sarrera eta goraka irekitzen den ate horietakoa zuen garajea (lastima ez zuela saskibaloirako arorik). Sarrera parean zirriborro bat zirudien zelaitxo txiki bat zegoen; itxurarik ez hartzeko moduan. Eta atzekaldean? Ziur asmatu duzuela. Jardin bat (hau ere egoera tamalgarrian). Eta jardinean? Ba, zuhaitz batzuk, landaretxo batzuk... Salto egiteko "kamaelastika", zuhaitz artean ezkutatutako txabolatxo horietakoa, etab.


Bapatean, egin beharreko lana aztertzen ari ginela, Bill atera zen gu agurtzera. Geure buruak aurkeztu eta egin beharrekoak azaldu zizkion Javik. "OK!" etxeko gizonak etxera itzuli aurretik. "¿Qué te parece si fumamos un cigarrito antes de empezar y de mientras te explico unos asuntos?". Labur-laburrean egin beharko genuen lana astuna izango zela azaldu eta Australiaren ezaugarri batzuen inguruan hitz egin zidan.


· "¿Quiéres crema?" Eguzkia non zebilen antzematea ere zaila zen, baina hasteko honengandik babesteko krema eskeini zidan. Ez nekien edo ez nintzen gogoratzen, baina Ozono geruzaren zuloa Australiaren gainean omen dago. Dentsitate aldetik hain baxua izanda, azalera kontuan hartuta "gutxien" kutsatzen duen herrialde garatuenetarikoa izango da. Oso ohikoa omen da hemen azaleko minbizia duen jendea ezagutzea. "Yo he conocido a bastante gente que ha tenido cáncer de piel. La mayoría se ha curau; pero otros... Tengo un conocido al que le quitaron una parte chunga de la boca; un trozo de labio...".


· Armiarmak. Ez dira mundu mailan kanguroak bezain ezagunak, baina armiarma eta suge arriskutsu dexente omen dago australian. Lehenengoak sarri ikusten omen ditu gainera lanean ari den bitartean. "Si ves una araña con una raya roja, ni te acerques". Ez omen dira hain ohikoak Sydney hegoaldean; baina bai iparraldean. New South Walesen jardin askotan omen daude. Alargun Beltza (Latrodectus) armiarmari buruz ari zela uste dut. Interneten begiratu eta hauetako 31 espezie existitzen direla ikusi dut. Izena ugalketa ondoren gehienetan arra jaten duelako irabazi omendu; nahiz eta hauek batzuetan ihes egitea lortzen duten. Australiako kasuan, Red Back deitzen zaio (bizkar gorria). Lurra da hauen habitata, eta babesean eta ilun dauden guneetan bizi dira. Lotsatiak, bakartiak, sedentarioak, kanibalak eta gautarrak, ekintza sozial bakarra ugaltzerakoan antzematen zaie. Emeen pozoiak nerbio sistema zentrala gelditu eta giharretako min handiak eragiten ditu. Beste efektu bat gizonen nahigabeko erekzio luzeak omen dira.


Aipatutako bigarren armiarma bat: Atrax Robustus (Hadronyche). Jatorri australiarrekoa, Sydney eta honen inguruko 200 kilometroko erradio baten barnean bakarrik ageri omen da (Sydney´s Funnel Web Spider deitzen diete ondorioz; hau da, inburu armiarma-sarea). Urdin-beltz edo urdin disdiratsu kolorekoa eta ile leunduna. Emeak 7 zentimetrotakoak izan daitezke eta arrak txikiago eta argalagoak izan ohi dira. Bigarren hauek, erasokorragoak dira, eta bero egiten duen hilabeteetan ugaldu nahian ibiltzen dira eme bila. Igerileku eta garajeetara azaldu ohi dira honelakoetan. Hauen pozoinak toxina ezberdin ugari ditu, eta hozkadak mingarriak izaten dira benenoaren azidoaren eta azalean sartzen diren haginen neurriaren ondorioz. Aho inguruko inurridurak, aurpegiko giharren nahigabeko uzkurtzeak, goragaleak, okadak (txala botatzeak), gehiegizko izerditzeak eta arnasteko zailtasunak eragiten ditu. 1981.urtean Melbournen asmatu zen antidotoa, eta eskerrak! Heriotza zor dezakete-eta.


Aipatutako bi animaliatxo mota hauek bost armiarma arriskutsuenen rankinean ageri dira, baina ez dut "zorterik" izan.


· Sugeak. Munduko 10 suge arriskutsuenetatik 8 omen daude hemen. Eta lehenengoa... Taipan! Pozoiaren indarraren ondorioz, hozkada bakar batekin 100 pertsona heldu hil omen ditzake eta tanta batek 12 (minutu gutxitan garaiz tratatuak ez badira). Gutxi gora-behera 1,5 metroko luzera du. Tasmanian ezik Australia osoan zehar omen daude. Buruko mina, botagurea eta sabeleko mina berehala antzematen omen dira. Beranduago datoz giharren ehunak desegitea, gernu odoldua, hemorragia...

Trrrrrrrrrrrrrrrrrrrrr... Eta hurrengoak... Tigre Sugea eta Suge marroia! Hauek ere eriotza eragin omen dezakete, eta beraz, honelakoak gertu ikusitakoan hoberena joan arte geldi geratzea omen da. Beranduegi bada, kolorea gogoratu sugea medikuari deskribatzeko.


Eta nahikoa da, ezta?


Harira zetozela-eta, lanean hasi bezain laster hurrengoan kontatuko ditudan marrazo, krokodilo eta marmoken inguruko istorio batzuk kontatu zizkidan. Egia esan makurtu eta eskuak sastraka artean nituela erne ibili nintzen, eta ez nion behar bezala atenditu. Lanerako nahikoa nuen aurrez esandakoarekin... Argi geratu zitzaidan Australia aipatu eta gehienek koala eta kanguroak aipatzen dituzten arren hurrunetik -nahiz gertutik- ikusten ez ditugun animalia ugari dagoela. Turismoari begira australiarrek kanpo harremanetan lan bikaina egin dutenaren seinale!


"Bueno tú, que ya son las cinco. Ya ha oscurecido, y volveremos mañana". Konturatzerako eguna joana zen. Jardina altxa, belar berria landatu, zuhaitz batzuk landatu... Baina oraindik lan dexente utzi dugu egiteke. Bondi Beach aldera eraman nau, inguru hura erakutsi eta zerbeza baten aparrarekin australian nagoela gogoraraztera... Hori bai momentua!


2009/10/05

Irailak 25. Zumaiar bat parean


Harrigarria. 5.000.000 pertsona hemendik bueltaka, 1 687 kilometro urbanizatuko hiria... Eta zumaiar bat gure parean!


Sydney iparraldean, Manlyn dagoen Shally Beach ingurura abiatu ginen. Olatu eta surfero giro gabeko hondartxa txiki lasai bat da hau, baina honi buruz hitz egingo dugu beranduago. Bapatean, Oxford Street erdialdean gindoazela, mutil bat gelditu zitzaigun, bizikleta gurutzatu eta "aupa!". Iban Iriondo zen. Bagenekien Australiara etorria zela, baina nondik zebilen arrastorik ez genuen. Gu baino denbora gehiago zeraman hirian, eta kurtso batean ingelera hobetzen ziharduen bitartean lan egiten omen zuen kamarero gisa. Parean topatu genuenean, kurrikulumak banatzen ari omen zen.


Kasualitatea bidean gurutzatu eta elkar ikustea! Etxean gosaltzen minutu bat gehiago egon bagina ez ginateke ikusiko. Eta irten eta toalla ahaztu genuela ohartuz gero? Bidean erakusleiho bat ikusten geratuko bagina? Argazki eder bat ateratzeko parada izango banu? Semaforo batek denbora luzean helduko baligu edo bost metro lehenago kalearen bestaldera pasatzea erabakiko bagenu? Eta gurutzatu arren bera ondoan zituen kotxeekin arduratuta eta gu elkarri begira egongo bagina? Eta...? Eta...? Baina ez. Horrelakoak dira kasualitatea eta kausalitatea. Hiri erraldoi batean gurutzatu, elkar ikusi eta hitz egiten egon gara.


Berarekin 10 minututan zehar jardun genuen elkarri intentzioak eta esperientziak kontatzen. Pentsatzen jarri, eta sekula ez nuen hainbeste hitz egin berarekin. Urruti joan behar bertakoekin hitz egiteko! Horrelakoak gara nonbait...


2009/10/02

Irailak 23. Dust storm


Irailak 23 asteazkena. 4.00 a.m. New South Walesen. "Sesma, Sesma! Zer da hau?". "Eh??". "Behitu leihotik! Hau ezta normala!". "Eh??". Azkenean ohetik jeikitzea lortu nuen, eta Maialenek arrazoi zuen. Zerua gorri-gorri. "Hemengo ekaitzen bat izango da ez? Edo argitasun berezi batek joko ditu lainoak...". Minutu erdi bat pasatu genuen zeruari begira, gure gelako goxotasunetik. Kanpoan euri tantarik ez; haizea besterik ez. Leihoa zerbait esan nahian ari balitz bezala jotzen zuen aire erdi-solidoa zirudien.


"Auskalo!", eta ohearen deiadarrei erantzunez ohera sartu ginen berriz. Artean ongi esnatu gabe geunden, eta zuzenean REM fasera birsartu ginela uste dut.


9.00 a.m. Azkenean benetan esnatu ginen, begiak eta burua irekita. Lehiotik begiratu, eta asiar pare bat ikusi genituen gripe A famatuaren antzerako supermaskarak jantzita. Zeruak ez zuen bost ordu lehenagoko gorritasun hura, baina kanpoko guztia betaurreko zikin batzuk jantzita bagenitu bezala ikusten nuen. Hiria filtro marroi baten atzean ezkutatuta zegoela zirudien. "Jo, ba zeoze pasa da hemen...". Orduan konturatu ginen zerbaiten aurrean geundela. Gure ustetan, Australia hego-ekialdean ohikoa izan zitekeen zerbait.


Oso desatsegina izan zen kalera irtendakoan topatu genuena. Lehenengo begiradan, hipermetropia-edo nuela sentitu nuen; ez bainitzen egunero gure kalearen punto de fuga inguruan ikusten ditugun dorreak ikusteko gai. Nonbait desertutik etorritako hondar eta hauts tona batzuk ziren tartean. Estreinekoz arnasterakoan ere galdategi (fundizio planta) batean bezala sentitu nintzen. Airea sudurretik hartzean kilika somatzen nuen; eta ahotik hartzen saiatzerakoan, ez zen batere ederra hondarra gingilari itsatsita banu bezala sentitzea.


Hartu beharreko neurriak hartu, eta goiz-pasa egin genuen kaleetan zehar. Jendea ohituta egon balitz bezala ikusten genuen, eta horrelakoak normalak zirela suposatu genuen. Hala ere, jendea leihoetan arropa astintzen zebilen, jendea nonbaiten eseri zela eta propaganda ipurdian zeramala, lurreko bazter guztiak zerri-zerri zeuden, semaforotako kotxe garbitzaile bat sekulako negozioa egiten... "Horrelakoek ezin dute oso gauza normala izan!".


Etxera itzulitakoan informatzea erabaki genuen. DUST STORM deitzen zaie honelako fenomenoei eta guk ezagututakoa aspaldiko indartsuenetarikoa omen zen. Haizete gogor batek desertu aldetik jo eta tarteko guztia laino marroi dentso batek estaltzen omen du ekaitz baten laguntza aprobetxatuz. Bideo batzuetan herritxo batzuk irensten ikusi, Sydneyko argazki ikusgarri batzuk mirestu, berriak entzun, Euskal Herriko jendea gutaz oroitu zela sentitu... Ezohiko kontua zirudien. Baina guri ez zaigu hainbesterainokoa iruditu. Egia esan, hemengo medioak anglosaxoi peto-petoak dira. Sentsazionalistak. Baina beno, guk ere ez dugu bete-betean ezagutu pasatu dena...


Hala ere polita da honek sor dezakena. Haurrek arazo gutxiago izango dituzte beren margolanetan zerua eta itsasoa bereizteko. Zergatik marraztu ohi da itsasoa beti urdinez? Eta zeru eguzkitsu bat? Agian zerua gorriz eta itsasoa gris-turkesaz margotuko duen belaunaldi bat sortuko da hemen...


Kontuak kontu, polita izan da honek azpian harrapatzea. Tutatixek lagun gaitzala...jaja


Flinders Street 58


Flinders Street 58, Darlinghurst. Sydney 2000 (gure posta kutxa da zenbakia). Gure lehenengo helbide egonkorra antipodatan. Behingoz buzoi bat ireki eta bankukoa izan arren, karta bat guretzat izan daitekela sentituko dugun lekua. Kanpotik begiratuta, England, Wales, Eire... Ez nuke jakingo esaten nongoa den, baina guretzat nahikoa da. Egia esan, hiri honetan oso zaila da lehenengo etxean dianaren puntu gorri preziatua jotzea. Batzuetan 200$ inguru eskatzen dituzte asteko. 800$ (500€ inguru) hilero! Bestetan Asia inguruko jendeak beren herrialdeetako jendea bakarrik onartzen du. Edo "Only for Girls!!!" eta honelako kartel asko ikusten dira.


Zortea izan dugu. Etxe bat elkarbanatuko genuelakoan iritsi ginen hona, eta 9 gela independente (bakoitza bere giltzarekin) dituen eraikin bat konpartituko dugu. Egia esan, sukaldea, komunak, wireless sarea eta patioko egonaldiak dira elkar-erabiliko ditugun gauza bakarra. Eta etxekideak? 16 omen gara, eta denetarik dugu. Brasil, Peru, Frantzia, Tailandia, Italia, India... eta bilbotar bat!


Hemen denbora gutxi egiten da etxean, eta tantaka ezagutzen dugu jendea. Lehenik eta behin, Toscana eta Erromatik etorritako hiru italiar. Ez dira Dolcce Gabanna, gomina eta harrokeriaz jantzitako jendea. Metal musika, margolanak, bizioa eta sukaldaritza gustatzen zaizkie. Zorte ona izan dugu Gianluca, Nicola eta Nikorekin! Pena hauetariko bakarra dela ingeleraz betiko "My name is ... How old are you... What do you like..." jardunetik hurrunago joateko gai. Ikasten badute, lagun handiak egingo gara. Bestela, saiatuko gara.


Sukalde ondoan, hor ikusi dugu mutil argal beltzaran bat ordenagailuak irentsia balego bezala. Julio da. Brasildarra bera. Berehala luzatu digu eskua hortz horidunen gisako irriparre zabal batekin, eta interneten nabigatzeko beharrezko dugun pasahitza eman digu. Horretan ginela, bikote bat pasa da gure atzetik komunera bidean. Toalla banarekin estalita eta erdi-saltaka zihoazela "Hi!" luze bat luzatu digute. Brasildarra omen da bat, eta frantziarra bestea. Lotsatuta ziruditen, baina bai zera! Orduerdi pasa egin dute dutxako ur txorrotaren azpian jolasean...


Etxeko patio-egongelan estreinekoz kafetxo bat hartu eta zigarro batekin behingoz erabat eroso sentitzea erabaki dugu. Maletak bolada eder baterako hustuta, leku intimo batean, etxeko arroparekin, oinutsik, kafe bero baten usaina tabako ikututxoarekin, gure musika jarrita... Etxez-etxe kabi bila ibiltzea deserosoa izaten da. Patxi zahar batek ziur ez duela gogoko uso artean lo egitea. Ezta arrano artean ere. Baina bakoitzetik bakan bat dagoenean, moldatu baietz! Hauek baino errezago ibiliko garela uste dut.


Bapatean bi asiar gure ondotik pasa eta beren gelara joan dira. "Kasurik egin gabe lehor hauek!". Juliori galdetu, eta Tailandiarrak omen dira, kasurik ez omen dute egiten, eta beti gela lubaki gisa erabiltzen omen dute. Beraientzat okerrago, baina pena bat da hauen kulturaren inguruan gehiago janzteko aukerarik ez izatea... Ea zer gertatzen den.


Horrelakoa dirudi gure etxeak. Herrialde desberdinetatik inportutako piezekin eraikitako bizikleta bat. Piezak aldatu ahala hobeto edo okerrago joan daiteke aurrera, baina gutxienez irteera-postu ona du. Flinders Street Oxford Streetekin gurutzatzen den horietako bat da. Taylor Squaren gainera. Oxford, hiriaren erdiguneko aorta dela esan genezake. Jende mordoa kaletik, komertzio xumearen bizitasuna, ibilgailuen joan-etorriak... Oinez joan gaitezke hiriguneko puntu garrantzitsuenetara. Oinez, erosketak egitera. Oinez, autobus publikoen gastuak ekidinez (2€ inguru aurrezten ditugu bidaia bakoitzean).


Egia esan, bizi garen inguru hau gay mugimenduaren epizentrua da. Mundu mailan gainera. Hauentzat San Francisco hiria baldin bada aukera gehien dituena instalakuntza aldetik, Sydney omen da ligatzeko aukera gehien eskeintzen dizkiena. Sekulako homosexual kopurua konzentratzen da bertan; pentsa, mutil bakoitzeko lau neska omen daude! Famatua da bertako Gay & Lesbian´s Mardi Gras desfilea. Otsailean inauterien barruan omen da, eta leihotik ikusteko aukera izango dugu. Kontu honen inguruan hitz egingo dugu, ziur.


Ta olaxe ba! Bi oinak jarri ditugu hiri erraldoi honetan. Hemendik aurrera ikusi ahal izango dituzue etxeko, kaleko eta orokorrean munduaren bestaldeko kontuak... australiadak!