2009/12/27

Abenduak 19. Warehouse party


Bidaiosteko betebeharrak amaituak genituen jada. Arropatako erabili-usainak leungarriariarenari utzi zion hariartean aspaldian okupatua zuen lekua, Paddy´s azoka eroko eskeintzek uxatuak zituzten azkenaldiko hozkailuko durundi-hots isilak, eta gelak, ospitaleko egongela itxura zuri(egi)a galdu zuen. Dena (gu barne) bere (ez)berezko lekura itzuli zen.


Gure patiora bueltan bi segunduz malenkonia kutsua izan zuen kafe sarigarri hura amaitu orduko jaso genuen Micaelaren esamesa: "Hey! Qtal en NZ? Hoy hay una fiesta en un warehouse y creo que puede estar muy bien. Os apuntaís?". 'Housepartyak', 'Gure Txokoko igandeak', 'ostadar koloreko pubetako giroa', 'Halloween'... Gure zerrendan ez zen 'Warehouse Party' terminoa ageri; eta zergatik ez ba?


Newtowngo Court Housen elkartu ginen larunbateko 9.00pm aldera. Beranduenez askari garaian terrazako mahai baten gainean VB, Cooper´s, Tooheys edo beste garagardo batez betetako jarra bat jarri ezean oso zaila da inon eseri ahal izatea, eta ez genuen zorterik izan.


Maialen eta biok izan ginen iristen lehenak, baina lehenengo burbuilen bizitasuna eztarrian sentitu orduko han ageri zen gure lagun australiarra bere ohiko irriparreaz.


Bapatean, bere atzeko ilunpetik gizonezko batek egin zuen jauzi hango farolak argitzen zuen eremura. Gure lagunarekin etorri arren, ez genuen ezagutzen; ez genuen hari buruz sekula ezer entzun... Baina gugana heldu eta beren edari bila abiatu orduko aurkeztu zigun: "Este es Javi 'el Chamán', de México. Que quieres beber, Javi?". "Ahorita no quiero beber mucho. Es que durante estos cuatro días he hecho mucho ejerzizio tanto con la mente tanto con el cuerpo...". Capoeira egiten ibili omen zen brasildik etorritako 'maestro' horietako batekin, eta egun hauei buruz hitz egiten ari zitzaigun bitartean bere itxura fisikoak esandakoari egin nion men: koleta beltzaren korapiloan luma pare bat, ezkerreko belarritakoan beste bat, begi erne-erneak... "Hau da hau pieza ekarri diguna!" pentsatu nuen.


Oso azkarrak izan ziren ondorengo 30 minutuak. Garagardoa edaten genuen bitartean gure lagun berria ezagutu genuen, (betiko) Javi madrildarra iritsi zen eta Micaelak partyko helbidea jaso zuen SMS bidez...

"Los DJs montan toda la fiesta, y hasta el último momento nadie sabe el almacén donde se celebrará; para que no se entere la poli...". "Bueno camaradas, son las 9.30pm, les propongo que vayamos al bottleshop, compremos unas cervezas y a la party!".


Bidean bi italiar jaso eta bi taxitan Rosebery auzoko industrigune batean agertu ginen. Berehala ohartu nintzen alkohola, droga eta adar kontuez bestelako errebeldia mota bat ere existitzen dela Australian. Lehenengo aldiz, desobedientzia zibil ikutu bat antzeman nion herrialde honi.


Industrigune abandonatu gris ilun hartan oinez gindoazela punk eta hippy itxurako hainbat gazte gurutzatu genuen. Lepoa moztutako Santa Claus batzuk jarria zituzten lurrean. Bapatean, burua jaso eta bapatean gazte andana ikusi nuen baranda baten bestaldean... Eta han sartu ginen.


Adreilu, sare, txarrantxa eta sprayez hornitutako festa bat zen; malabarista eta DJak protagonistak. Porlanezko enparantza hartan koadrila bakoitza bere erara eta denak guztien erara zebiltzan; norbera bere edariekin. Han ez zegoen 'segurata', barman eta agintaririk. Imaginatu Zumaiako Torreaga hustu zenean festa bat antolatu eta denak dantzan...


Enparantza haren lau izkinatan pabiloi bana zegoen; mundu bana bakoitzean. Nahi gabe murgildu ginen neumatiko artean ezkutatuta zeuden foku koloretsuen, graffitien eta musika technoaren planeta ilun haietako batean... (bai, gustukoen dugun musika izan ez arren)


Bapatean hango harmonia desmadratua apurtu zuen argitxo zuri bat somatu nuen; besteak baino intentsitate baxuagokoa. Donald ahatearen moduko txapela zeraman polizia bat zen 'osti txarreko' aurpegiarekin. Hau eta bere atzetik sartu ziren beste alkondara urdindunak zuzenean hango DJarengana joan ziren. "Es que ésto suele ser obra de ellos. Lo organizan todo, lo decoran, meten todos los aparatos, avisan a la gente del lugar donde se celebrará la party, pinchan la música y cuando viene la polizia se comen el marrón", argitu zigun Chamanak. "Gurean ez dizkiat honelako DJ asko ezagutu..." pentsatu nuen.


Han ordea, ez zen ke-hodeirik ere mugitu. Pistola ordez erakutsi zituzten linternek ez zuten irudi agresiboa ematen nonbait! Jendeak oihu egiten zien guztien aurrean antolatzaileekin hitz egiten ziharduten bitartean, eta hauek ezin zuten lotsa aurpegia ezkutatu. "Éstos vienen a buenas, hablan y se van. Luego llegarán otros, más serios. Y ya al final...". Eta hala izan zen. Hamar minutuan polizia gaixoak desagertuak ziren, eta noski, progresiboki musikaren bolumena igotzen joan zen...


Handik ordu pare batera; 2.00am baino beranduago jada, jendeari ezegonkortasuna antzematen hasi ginen. Bizioak gordetzen hasi ziren batzuk; hezkutatzen besteak... Eromen haren erdian gure gelatik atera ginen gertatzen zenaz jabetu ahal izateko. Handik sarbidera begiratu eta inaurri erraldoi ilara bat ikusi genuen; gure Ertzaintza "sinpatikoen" hantza handiagoko patruila batzuk zuzen festaren erdira. "Si tienen mucho dinero de sobra para pagar multas y no les importa rezibir unos porrazos, quedense. Pero yo que ustedes saldría conmigo..." zioen Chamanak.


Gu eta beste ehundaka gazte beraien ondotik irten ginen handik. Ez zuten istilurik nahi; "segurtasuna" eta "ongizate orokorraren izenean" hura hutsik geratzea besterik ez.


Azkenean gehienok kanpoan geunden poliziari txistuka, DJak poliziarekin hitz egiten, gutxi batzuk oraindik saltoka, bat ala beste galduta... Handik urruntzen ginen heinean gaua itzalduz joan zen. Poliziaren hirugarren fasea iritsi berria zen bestelako txakur eta guzti, eta guk taxi bat hartu eta asteburu hartan bere azken taupadak ematen zituen pub "alternatibo" baterako bidea hartu genuen...


2009/12/22

Kia Ora (ondo izan)!


Hementxe gara berriz Sydneyn, Aotearoatik (Zelanda Berria) bueltan. Gezurra dirudi, baina munduaren bestaldean 'etxera' itzuli garela esan beharra... Maoriek 'laino zuri handiaren lurraldea' izena jarri zioten herriko bi irla nagusienetan 5000km inguru egin ditugu campervan pare baten barnean, eta egia esan kontu gehiegi dakartzagu hitzez adierazi ahal izateko. Biblia, Korana eta antzekoekin nahikoa dugula eta, irudiak ekarriko dizkizuegu, txintxeta bezala pare bat hitz jarriko dizkiegu... Eta zuek zeuongan bidaia bana sortu dezazuen bultzatzen saiatuko gara.

Hasi aurretik kontu bat. Baliteke eginiko kilometro kopurua bat baino gehiagori astakeria bat iruditzea, baina pentsa egunero 7.00ak aldera martxan jarrita 10.00etarako 200km eginak izan ohi genituela... Lasai ibili ginen. Bigarren kontu bat: tarte askotan argazkirik ez badago, bideoz grabatu genuelako izan daiteke. Etorkizunean agian tarteren bat izango dute...


0.eguna: Sydney > Christchurch

1.eguna: Christchurch > Lake Tekapo > Lake Pukaki > Tasman Glacier > Mount Cook (390 km)
Sekulako behelainoa eta euri txepelaz ekin genion gure ibilbideari. Nahikoa ez, eta ezkerretik gidatu behar izan nuen lehenengoz (bai, lehenengo rotondan...). Goizean goizo abiatuta eguerdirako Tekapo inguruan geunden. Harrigarria da bertako uraren kolore urdin-argia (hondoko eta harrien azido batzuen ondorioa omen da). Pukaki ere antzekoa zen, eta geldialdi laburragoa egin genuen bertan. Handik furgoneta dardarka jarri eta asfaltatu gabeko bide bat igarota Tasman glaziarraren ingurura joan ginen. Ia guztiz urtutako urez betetako zulo galantari begira egon ginen Mount Cook herriskara joan bitartean. Herriska ñimiño hau izen bera duen Aotearoako mendi garaienaren magalean dago (3.750m). Hodeiek ez ziguten tarterik utzi, eta ezin tontorrik ikusi!
Lake Tekapo eta inguruak

2.eguna: Mount Cook > Oamaru > Dunedin > Otago penintsula > Invercargill > Bluff > Oreti Beach > Riverton (760 km)
Goizean goiz eguraldiak hobera egingo zuela zirudien arren okerrera egiten hasi zen, eta Mount Cook inguruari "ez dakigu noiz arte" esatea erabaki genuen Hego Ozeano Pazifikoko kostara iritsi eta hegoalderaka abiatzeko. Eremu gazietara gerturatu ahala eguraldia hobea zen (arratsaldean oraindik eta hobeagoa) eta inguruneaz oraindik ere gehiago gozatu ahal izan genuen. Oamara ingurura gerturatu ginen kafe bat hartu asmoz, eta bertako portuan aske zebiltzan lehenengo pinguinoak ikusi genituen.

Oamaruko portua eta pinguino txiki koadrila eder bat

Handik kostan behera jarraitu genuen Dunedin hiria zeharkatu eta Otago penintsularaino. Bertan Euskal Herriaren antzeko paraje batzuek ikusi ahal izan genituen: mendiak, hondartzak, behiak...

Behi 'sinpatiko' eta guzti Urdaibai ematen du, ezta?


Sekulako kilometrada egitera gindoazela bagenekien arren, handik Hegoaldeko uhartearen behekalderaino joatea erabaki genuen, eta kostaldeko errepide lasai eta politetan murgilduta eman genituen ondorengo orduak Invercargill hirira iritsi ginen arte. Bide batez, goiz edo berandu pasa beharreko Te Anau ingurura gerturatu eta denbora irabaziko genuen honela... Bertan Bluff muturrera joan ginen; Hego Polotik 4.800 kilometrotara, jajja Ez geunden hain gertu beraz, baina hango mendi muinoan hezurretaraino iristen zen haize hotz-hezea somatu ahal izan genuen lotarako leku eroso baten bila abiatu ginen bitartean. Hortan genbintzala, galdu eta bapatean Oreti Beachen agertu ginen. Hainbat eta hainbat ibilgailu zebiltzan bertan Rivertonera bideko autopista izango balitz bezala, baina ederra zen hango panorama. Gure ibilgailuaren adina ikusita ordea (eta 'bond' alu hura ezin genuen galdu) errepidez abiatu ginen. Kilometroko 15 biztanle bizi diren inguru haietan lasaitasun itzelaz egin genuen lo olatuen zipriztinek furgonetatxoa laztantzen zuten bitartean... Esan behar da baita, sekula ez genituela hainbeste izar eta gisa hartako ilargia batera ikusi.


3.eguna: Riverton > Manapouri > Te Anau > Milford Sound > Te Anau > Mosburn (450 km)
Goizean goiz abiatu eta Te Anau zeharkatu ostean Milford Sound fiordora abiatu ginen. Esan beharra dago, 120km baino gehiago dituen tarte hau bi aldiz egin beharra dagoela; bide bakarra baita. Ondorioz, seinale batek dioen bezala, abiatu aurretik gasolina tankea ondo bete behar! Eguraldia ia hango paisaiak bezain zoragarria zen: eguzki izpiei tarterik uzte ez zizkieten basoak, gutxi batzuk zapaldutako mendiak, ispiluak ziruditen lakuak, ur freskodun ibaiak, urjauziak nonnahi... Ohartzerako bertan geunden! 1954.urtean zabaldu zuten Homer Tunnel historikoa ia 1000 metrotara ilunpean igaro eta han ginen, itsasoari mendi ederren artetik heltzen zitzaion fiordoan! Ur-mailara jeitsi eta itsasontzi batetik mirestu genituen hango bazterrak. Bitartean Leylin ezagutzeko parada izan genuen. Sydneytik gora 800km egin eta kostan dagoen Byron Bay-en lursail handiak dituen "nekazaria" da nonbait 70 urte inguruko gizon hau. Euskal Herrikoak ginela esan genionean "What?" galdetu ordez "From the Spanish or from the French part?" erantzunarekin gure eskema guztiak apurtu zituen. Ordutik aurrera hitz batzuk egin, eta berehala gonbidatu gintuen bere "baserrira". Bizikletak eta surfeko tablak prest izango zituela, ingurune ederrak zirela haiek, euskal gatazkaren inguruan ikasi nahi zuela... Zorte ederra gurea!

Bidean topatutako kea (hango loroa) lotsagabe bat

Milford Sound (Fiordland) fiordo ikusgarria


Homer Tunnel "poroa" eta inguruak

Inguruko ibai eta urjauzietako bana

"Munduan oraindik jende ona ere bada ba!" elkarri esaten genion bitartean itzuli ginen Te Anaura. Egia esan eguraldiarekin sekulako adua izan genuen ordurarte, nahiz eta bidean kristalaren kontra bi euri-tanta bi mila zatitan txikitu bitartean ez ginen ohartu. Gure etapa hartako helmugara iristean, lakuaren ondoan leku eder bat topatu genuen lotarako; zoragarria egia esan. Hala ere, ezin da edozein lekutan lo egin (arau hau betearazteko jende ugari dago) eta ametsetako leku hartan oheratu arren beste nonbait lokartu behar izan genuen 500 dolarretako isuna ekidin ahal izateko. Beraz, Queenstown bidean egin genuen lo.

Oheratu ginen tokia, Te Anaun

Hauxe da bada gure lehen egunetako laburpenaren laburpena. Egia esan aspaldian ez dut idatzi eta ez dakit hainbeste eduki nola metatu. Hemendik aurrerako etapak ez dakit bideo edo argazkien bitartez helaraziko dizkizuedan... Hurrengo baterako utziko ditut.


PD. Zer moduz Santotomasetako biharamuna? (Besteak beste) honelakoek sortzen dute herrimina...

2009/11/30

Abenduak 1. Badatoz udako oporraldiak


Abenduaren lehenengoan eta ez 21.enean, Australiako uda ofiziala hasten da. Bai, gure aurtengo bigarren uda. Eta batenbatek "hau da hau parea" esango du, baina uda hau benetako oporraldiekin hasiko dugu Zelanda Berri aldean. Eta bai, benetako oporraldiak izango dira: ez ingeles ikastarorik, ez lanik, ez logela egonkorrik...



Bihartik hasi eta hilaren 18. egunerarte, mugimendua eta askatasuna bermatuko dizkigun campervan bat izango da gure ibilgailua eta gure logela. Hegoaldeko irlako Christchurch ('kristoren eliza?') hirian hasiko dugu gure bidaia, uharte berean egun batzuk igaroko ditugu oraindik norabiderik ez duen bide bat eginaz, ferry batean iparraldeko irlara pasatuko gara eta bertan dagoen Auckland hiriburuan amaituko da gure munduaren beste bazterreko lehen sarraldia... (oraingoan bai; zuengandik gugana 12 ordutako desberdintasuna egongo da. Ezin da gehiago).


Bertan egon izan diren askorekin hitz egin dugu leku hari buruz, eta bat berak ere ez digu esan "erdipurdikoa" edo "ps", "bah! Sin más" edo antzeko zerbait denik. Guztiek basatia dela esan digute, lasaia, gozatu egingo dugula, denbora gehiago xahutzea (zentzu hoberenean) gustatuko litzaigukela... Ea ba!


Irudiak, bideoak, kontakizunak... Zuei ahal bezala helarazten saiatuko gara, nahiz eta badakizuen azaleko oilo-ipurdi egoerak eta usainak bezalako sentsazioak hitz-joko hutsez transmititzea zein zaila den...



Hemen informazio praktiko apur bat doakizue; hara joateko kontuan hartu beharreko kontu batzuk:


· Hegaldia. Euskal Herri aldetik bazoazte ez dizue ezer askorako balio izango, baina Australia aldetik doazenentzat, jetstar konpainia interesgarria izan daiteke zerbait merkea nahi izanez gero. Inguru hauetan zerbitzu zabal bat eskeintzen dute.


· Bisa. Europar Batasunaz haratago mugituz gero beharrezkoa izaten da hau; nahiz eta herrialdetik herrialdera baldintzak aldatu egiten diren. Zelanda Berriko kasuan, Espainiar Pasaportea eramatera derrigortuak gaudenok zein beste 53 herrialdetako bidaiariok ez dugu bisarik behar 3 hilabete baino gutxiagorako joanez gero. Hori bai, betebeharreko baldintza batzuk daude: sarrera eta irteerako hegaldien erreserbak erakutsi behar dira, pasaportea baliogarria izan behar du handik irten bitartean, eta 'solbentzia ekonomiko' bat erakutsi beharra dago (lana ilegalki egin beharrik izango ez duzula erakusteko-edo).


· Gidabaimena. Ibilgailuak gidatzea bururatuz gero. Batere gabe bidaiatu izan dutenik ere ezagutu dugu, baina berez, zure herrialdeko gidabaimena eta ingelerara eginiko itzulpen ofizial bat eraman behar dituzu zurekin. Norberak bere herrialdean egin dezake ('trafico' ofizinatan uste dut). Nik ahaztu egin nuen 'nazioarteko gidabaimena' lortzeko itzulpena eskatzea, eta hemen 70$ inguru orrdaindu behar izan nituen.


·'Relocations'. Ibilgailu enpresa batzuek hiri jakin batean dituzten furgoneta eta auto batzuk beste batzuetara mugitu behar izaten dituzte berriz ere zerbitzu jakin bat eskeini ahal izateko. Beraz, bidaiariei interesatuz gero, dolar sinboliko baten truke egun jakin batzuk ematen dizkiete tarte jakin bat betetzeko. Guk adibidez, Christchurchetik Aucklandera eramango dugu 'campervan' bat. 5NZD (2,5€) eta erragaia ordaindu eta bost egunetan zehar gozatuko dugu ibilgailu hau. Gainera, irlatik irlara igarotzeko ferryko autoa eta gidariaren tiketak eurek ordainduko dizkigute. Adibide bat jartzearren...


Eta orain ez zait besterik bururatzen... Gomendioen artean interesgarriak izan daitezken link batzuk jarriko ditut. Eta aurrerantzean izango duzue gure berri...


2009/11/26

Lau mila metro bost minutuan



Azalpen labur batzuk entzun ondoren Wooloogong (NSW) hiriko aerodromo txiki batean geunden Gorka, Wendy, Javi, Belinda (Wendyren txiki-txikitako lagun australiarra), bi mutil indiar, gure monitoreak eta ni gure pospolo kaja hegalaria iritsi zain. Ez zen hura hegazkin erraldoientzat prestatutako lekua, baina handia zen guretzat egitera gindoazena. "Ya está, jajjaa, que ya estamos aquííí... No hay vuelta atrás y vamos a saltar del cielooo..." zioen urduri gutariko batek azkazalei errepaso ederra ematen zien bitartean. "Duela bi egun nire emazteak txakur bat nahi zuela esan zidan..." begirale batek. Bigarren batentzat 16 002. jauzia omen zen hura. Ziur bizi osoan ez dela hainbestetan joan komunera... (Eta nire galdera: zer sentitzen dute hauek hegazkinetik salto egiten duten bakoitzean?)


Halako batean iritsi zen gure patxizahar urdina eta bakoitza gure jauzikidearekin batera sartu ginen. Bertan ahal bezala arraunlarien moduan eseri ginen: bi lerrotan eta bat bestearen atzean (begiraleak gure itzal moduan). Gu konturatzerako, plastiko gardenezko ate fina irekita abiatuak ginen lurrean eserita zegoen indiarraren harridurarako. Lasaitu ederra hartu zuen aireratu aurretik itxi zutenean.


Ordutik aurrera zarata desatsegin artean garaiera egokia harrapatzen joan ginen. Nahiko lasai nengoen nire harridurarako, eta erorketan nire inguruan izango nituen sentsazioak imaginatu ere ezin nituelako izango zela pentsatu nuen. Sekula ez nuen horrelakorik bizi izan; eta ezezagunak ez duela beti beldurra ematen konturatu nintzen. Bapatean, 4 000 metrotako garaierara iritsi ginela-eta, betaurrekoak jantzi eta prestatzeko esan zigun pilotuak. Atetxoa ireki zenean amildegi ertzean eseri zen jauzi egiten lehenengoa zen indiarra; eta hura "zzzzxxxffffff" zarata batekin batera desagertu zenean estutu zitzaidan lehenengoz sabel ingurua...


Haren atzetik bigarren indiarra eta Wendy joan ziren erreskadan, eta konturatzerako "orain gu eseriko gara" ezan zidan nirekin zihoanak. Lehenengoa bota zenetik nire txanda iritsi bitartean dena segundu erdian gertatu balitz bezala zen.... "Ready? Let´s go!!!". Eta bapatean ziztu bizian bueltaka nengoen zeruan.


Ez nuen distantzia eta abiaduraren pertzepziorik, ez zen ez neurri ezta magnituderik somatzen; ezin nuen ezer egin, ez heldu... Askatasun ero bat zen hura! Handik apur batera oihuka hasi nintzen (egin beharra dago, ezta?) ahoa lehortu eta ixtea hobeto zela konturatu nintzen arte. Hutsune hartan apur bat kokatu nintzenean, gorputza guztiz luzatu eta minutu bateko erorketa hura erabat gozatu nuen: Inguruko paisaiak begiratu, abiadura azalean sentitu... Gozamena!


(ondorengo hau Javiren erorketa da)


Bapatean era bertikalago batean jarri ginen, eta sekulako tirakada sentitu nuen, goruntz joan bagina bezala. Paraxuta ir

ekia zen nonbait, eta mantsoagoa zen gure erorketa. Orduan ohartu nintzen nire bizkarrari lotua beste gazte bat nuela... Gidatzeko sokak eman zizkidan erorketa motelago hura nik gida nezan, eta eskubiko soka behera bultza nuen kiribil bizi batzuk eraginez, ezkerrera buelta batzuk gehiago... Gozamena. Bapatean "nahikoa, orain nire txanda da" esan zidan. Orduan itsasoaren gainean kokatu gintuen, apurka hondartzara gerturatu... Eta bapatean zelai batean eseritan geunden... Erorketa hari amaiera gozoa eman zion lurreratzea izan zen hura. Ipurdia jarri eta ohean eseritzea bezala...


Segundu gutxitako oroitzapen-bilduma bat bezala banu bezala sentitu nintzen orduan. Ondoriotariko bat: erne egon beharra dago inguruan gertatzen dena eta bizitzen ari zarena barneratu eta asimilatzeko. Jausgailuen kontu hau bizitza osora aplika daiteke agian, ezta?

Gutako bat adibidez, lurrera iritsi orduko iada ez zen ezertaz ohartzen... Beretzat hegazkinetik lurrera bitartean ez zen ezer gertatu. Esperientzia hura ez zen ezer berezia izan... Eskerrak bideoa erosia zuen! Niretzat garestiegia zen, jauziaz gain bideoa ere ordaintzea, baina berea ikusi eta nirea gogorarazteko nahikoa dela iruditzen zait...


Nahi baduzue, beraienen link bat bidali dezaket... Edo kontaketarekin nahikoa?


2009/11/22

Azaroak 21. Sesma zerutik erori zen eguna


Hemen jartzen duenaren arabera, hala dirudi behintzat. Nik jauzi egin, eta 'Sesma' abizena erori zen diplomatik... Azalpenak, hurrengoan.

2009/11/19

Eguneroko ogia


Denbora aurrera doa, eta dagoeneko bi hilabete baino gehiago daramatzagu Sydneyn. Ordundik hiria eta inguruetan zehar hainbat kilometro egin ditugu, munduko bazter guztietako lagun ugari, elkarri lagunduaz ingelerazko saio asko eta asko... Lana, ikasi, lantxoak, surfa, parranda, irakurri, ezagutu, begiratu eta galdetu. Apurka, hiriaren udaberriko martxaren parte bilakatu gara; rutina batean sartzera iritsi gabe, erritmo baten elementu ttipi.


Maialen ekialde hurruneko ikaslez jositako hiru gelatako ukitu exotikoa bilakatu da. Korea, Japon, Taiwan eta Tailandiarrez betea dago klasea, eta bera izan ohi da "Europako" ilehori bakarra. Egunean eskola ordu asko eta janari mota ugari elkarbanatzen dituzte; hainbat irriparre. Ingeleran oinarritutako aurkezpen deserosoaren fasea igaro zutenetik ohitu dira elkarrekin zubi hori erabiltzera eta gustura dabiltzala esango nuke.


Imanolen martxa ez da hain erregularra. Ahal duen bakoitzean lorazain lanak egiten ditu baina zoritxarrez larunbat eta igandetara mugatu ohi dira bere lanegunak. Ingelera bere erara hobetzen saiatzen da, surfean ibiltzeko hiruzpalau saio egin ditu, webgunetxoa, bloga eta pare bat azal egiten saiatu da, bere gustuko irakurketa eta margolantxoentzat ere denbora apur bat izan du...


Hala ere, orokorrean ez dakigu hurrengo egunean zer gertatuko den; amaiera ezezaguneko oreka desorekatu batean gabiltza.


Kaosaren erdian etxea izaten omen da lau horma, zorua eta bertako kideak mantentzen dituena. Kaletik etxera sartu, eta sakonki ezagunak direnen artean zer gertatuko den jakin ohi da; nork zer eta nola egin duen espero da. Egoera guztiak kontrolpean izan ohi dira, batek kanpoan jasan ditzaken aldaketa guztiei amaiera jarriz... Baina gurean ez da horrela, eta gogoko dugu.


Flinders Street 58 etxe-backpacker moduko bat dela esango nuke. Norberak bere gelan edo elkarbanatzen duen gelan izan dezaken intimitatean datza etxe batekiko antzekotasuna. Hortik aurrera mila kontu eta aldaketa jasotzen ditugu gure etxearen atzealdeko patioa eta sukaldean... Bi leku horiek izan ohi dira gure elkargunea eta benetan aberatsa da. Egun batean hiru brasildarrekin hartu dezakezu kafea, hurrengoan italiarrekin garagardo bat eta hurrengoan zeuk bakarrik liburu bat irakurri saguzaharren eguneroko erromesaldia ikusten duzun bitartean.


Hauxe da gure etxeko taldea:


· 1 zenbakiarekin ate ondoko postontzia gepardo baten bizitasunaz zainduuuuuuz... Alexis perutik mundura! 21 urte dituen gay gazte hau Estatu Batuetan 10 hilabete pasa ondoren etorri zen Australiara, eta urtebete baino gehiago darama hemen. Hospitality ikasten ari da, eta zerbitzari bezala egiten du lan. Jendearekin harremantzen trebezia aparta du, komeni zaionean bereziki; eta hizkuntza guztiak gustatzen zaizkio. Gaur egun netherlandera ikasten ari da.


· 2 eta 3 zenbakiekin, hegaletik ihes egineeeez... Gokhan eta Alhem turkiarrak. Hirira ingeniaritza ikasketak amaitzera etorri omen dira, baina parrandan ederki ikasi dutela dakigu. Kosta zaigu ezagutzea (duela lau egun hasi ziren gelatik irteten), baino metal-zale jatorrak dirudite. Bigarrenak bazuen Euskal Herriaren berri; harrigarria.


· 4a 5a eta 6a, atzekaldea era sutsu batean zainduuuuuz... Nicola, Nicolo eta Gianluca italiako azzurrak! "Kaixo, zer moduz?", "Gay jendea ez zait gustatzen" da hauen ongietorria. Metal eta arte zale sutsuak, oso jende jatorra dira. Parrandazale eta sukaldariak, etxeari gatz apur bat ematen diote. Vatikano Hiriko ikutuengatik jaso dituzte gay munduaren antinaturaltasunaren inguruko pintzeladak, baina hortik aurrera besterik ez. Batek margolan bat baino gehiago egin ditu, eta beste bat diska bat grabatzen ari da. Bateria, gitarra, baxua, letrak, ahotsa eta portada bereak izango dira.


· 7a... Ez dakit nor jarri, eta SesMaia Euskal Herritik.


· 8a eta 9aaaaa... Marcos eta Bernardo joga bonito aurrelari brasildarrak! Etxe honetan beteranoak dira biak ala biak. Egunero eskua eman, bi musu, zer moduz, dena ondo... Oso jatorrak eta alaiak dira hauek, eta edozertara gonbidatzen gaituzte. IELDS azterketa egin dute eta urduri dabiltza azken egunotan, baina gaindituz gero "residence" delakoa lortuko dute, eta bi urte gehiago egongo dira bertan. Hori bai, bat bi hilabetetarako Brasil eta Patagonia aldera doa. Ez da plan txarra.


· 10arekiiiiiin... ez dut uste inork merezi duenik. Goazen hurrengora.


· 11aaaaaa... Paristik datorren artista: Albo! Gazteleraz zein ingeleraz mintzatu ohi gara 24 urteko frantziar honekin. Mutil argia dela antzematen zaio; denetik egitea gustatzen zaion horietariko bat. Ariketa fisikoa egin, egunkaria irakurri, marraztu... Gaur egun filosofiaren inguruko eleberri bat idazten ari omen da. Laster ordea hegoamerika aldera doa bidaiatzera. Familia omen du Kolonbia eta Argentina aldean, eta aprobetxatzeko.


· Entrenatzailea: Julio Java. Etxeko teknikoa dugu hau. Eguna etxeko puntu garrantzitsuenean dagoen bere gelan ematen du, ordenagailuaren aurrean. Webmasterra omen da, eta etxetik egiteko moduko lan onak errez topatzen ditu. Mutil alaia, beti dago prest solasaldi entretenigarri batzuetarako. Bertan erresidentzia du, eta 2 urte pasa daramatza hirian, eta ez du itzultzeko asmorik. Laster pasaporte germano-brasildar-australiarra izango du barre kutsakorra (zentzu onean) duen honek.


· Delegatua: Jules; bilboko beteranoa. 34 urteko gazte hau hiri honetako bigarren etapan dago. 13 urte lehenago ibili omen zen hemen urte batzutan zehar, gay mundua borborka zegoenean. Ordundik mundu osoan bizi izan da duela bi urte hona iritsi arte. Dagoeneko Sydney ez omen da berdina. Orain tourism ikasten du lana egin ahal izateko, eta jatetxe berri batean ari da beharrean. Bere esperientzia dela-eta, ordundik goruntz doa, eta gaur egun jantokiko arduraduna da. Bere lantoki xelebrearen erdian pin-pon mahai bat dago, zerbitzariak jolasean... Berak ere ez du sinesten hango giro surrealista.


· Aulkian: Nino, Kerem eta beste indiar bat. Hauek kriketa nahiago dute, baina taldean ditugu. Ingeniaritza eta finantzak ikasten dabiltza Quatar aldean batxillergoa amaitu zutenetik (ez dira edozein familiatakoak izango). Beren bikotekidea aukeratzeko "modu bereziaz" hitz egin izan digute: oraindik Indiako kastek eta gurasoek mugatzen diete hontan... Nadia atlantikoan galdutako irla frantziar batean bizi omen da. Gaur egun Europa aldera joana da. Bernardoren bikotekidea hemengo boladan, beti irriparrea zeraman aurretik. Tsarisa tailandiarra eta bere bikotekide japoniarra. Etxean arratoiak sartzen diren bezala sartzen ziren, kasu egin gabe. Noizean behin burua altsa eta "Hi!" esaten zuten; eta beraz, ez dugu hauek ezagutzeko paradarik izan. Orain beste nonbait joanak dira. Beren lekua Vincent eta beste bi neska frantziarrek hartu dute, baina atzo iritsi ziren, eta ez ditugu ezagutzen.


· Armailetan bisitak: Mila taiwandarra (Alboren neska), bizilagun indiarrak, gurea lagunak, besteenak... Ikustekoa da gure aterpea... Gonbidatuta zaudete.



PD. Hurrengoan jarriko ditut etxekideen argazkiak. Ea nor den nor asmatzen duzuen.


2009/11/10

Azaroak 8. Newtown Festival


Urtez-urte bezala urteko azken-aurreko hilabeteko bigarren igandean ospatu zen Newtown Festival; itxuraz zein famaz Sydneyko suburbio "alternatiboeneko" festa. Australiako jaialdi gehientsuenen -edo denen- moduan goizeko 9.30etan hasi eta 17.00 puntuan amaitzen zen, eta gauza bat zela eta bestea zela Gartxot, Maia eta hirurok xirimiri txepel baten azpian 12.30 aldera Town Hall parean elkartu ginen. Onenean iristeko moduan beraz.


Auzora bideko trenean usaindu genuen zer nolako jendea topatuko genuen; eta Newtown geltokiko gure nasa zapaldu, polizia, polizia-txakur eta antzeko guztien ilara artetik igaro eta kaleen janzkera ikusi genuenean zer esanik ez. "Tribu urbanoak" deituriko ia guztiak zeuden han errepresentatuak: metaleroak, emoak, hip-hoperoak, punkarrak, rastafari, retroak... Bakero ajatu-zulo-kate-txapak. Galtza erori-tela-marrazki-pirzinak. Krestak eta rastak. Spray, arraultz-zuringo, laka, tinte eta rapatzeko makinak. Betaurreko txapel eta zapiak... Ez dakit benetako izaera zuten edo modelo autentikoak ziren, baina hori bai; ileapaindegi eta denda "alternatiboek" lan ugari izan zutela garbi geratu zitzaigun.


Kontuak kontu, urtero 80.000 pertsona gerturatzen omen dira jai honetara, eta edizio honetan ez nuke esango gutxiago izan ginenik. Gu iritsi orduko, kale-bazter guztietan jende andana zebilen. Errepideak itxi ez baziren ere, oinezkoek agintzen zuten. Balkoi, aterpe eta txoko guztietan aurki zitezken gazteak edanean. Etxe batzuetan mozorro-festak ikusi genituen, han-hemenka kontzertu alternatiboak... Hala, mila koloreko oihan hura zeharkatu eta -telefono dei batzuen laguntzarekin- iritsi ginen azkenik 'eremura'.


Kontzertuentzako hiruzpalau eskenatoki, jaki ete edari postuak, arropa salmenta guneak, kumun-kabinak... Euri eta guzti, australiar erako gure Kilometroak ospatzen genbintzala zirudien. Alkola sartu ez nezan motxila begiratu zidaten, eta "Enjoy the festival!". Parke handi batean zegoen zalaparta haren arrazoia. Jendea zelai bustian etzanda jaki eta edariak kontsumitzen, batzuk kontzertuetako lehen lerroetan saltoka... Iritsi bezain laster talde gazte baten kontzertuaren amaiera ikusi genuen (beste munduko ezer ez), eta ondoren, lehenengo garagardoa edateko barrara gerturatu ginenean... Adarra ez zigutela joko erabaki genuen. 6.50$ trago bakoitzeko (4€ inguru).


Beraz, jende zaparrada eta euri apurrari geroarte esan eta atzerabidea egin genuen bottleshop batetara. Bidean giro ederrez inguratutako batukada batzuk eta kontzertu alternatiboen prestaketak ikusi genituen, zerua garbitzen ari zela konturatu ginen... eta ohiko preziotako garagardo botilak erosi eta bertan murgiltzea erabaki genuen. Kalean bazen "antzoki" urbano moduko bat, eta bertan jarri ginen talde instrumental baten saioa ikusteko. Hauek askozaz ere soinu lortuagoa zuten; eta hori gutxi balitz, jendearen berotasuna erakarri zuen didgeridoo baten laguntza izan zuten. Ez zuen meritu makala gizonak; beso ortopediko bat baitzeraman. Kontzertuaren inguruan jendearen artelanak ikus zitezken, gizon bat xaboizko puxikak sortu eta haurren arratsaldea borobilduz... negozio kutsu apalagoa eta giro intimoagoa somatu genituen hemen; eta bertan gelditu ginen. Bertan elkartu zitzaigun Aitor azpeitiarra ere.

Halako batean, 'Juji Colective' taldearen emanaldia hasi zen. Ska eta funk ukituak zituen talde honek ahotsik altxa gabe zoro moduan saltoka jarri zituen gerturatutakoak. Mota guztietako jendea zegoen han eserita. Halako batean polizia gerturatu zen. "Hemen ezin duzue edan" esan zidan hori garbi zioen seinalea erakusten zidan bitartean. "OK... Eta non bai?" galdetu nion. "Ezin dizut esan, baina hortik joan eta kitto". Jatorra tipoa. "Bai,bai" esan eta alde egiteko keinua egin genuen bizkarra ematen ziguten bitartean, baina gure ingurukoek bezala, han jarraitu genuen. Eta jendeak saltoka (edo dantzan) jarraitzen zuen...


Halako batean, Javiren dei bat jaso genuen. Eremu garrantzitsuenaren atzekaldean bizi da, eta bere etxean festa bat zegoela gogorarazi zigun. Handik gutxira bertan geunden, eta han zeuden Gorka, Wendy, Camile, Carlas, Iñaki eta gure beste hainbat lagun, backyardean garagardo batzuen konpainian. Ilundu orduko zuhaitzetan zeuden zigalak kantuan hasi ziren, eta musika falta zitzaigula ohartu ginen. Orduan, bi etxe eskuinetara zegoen beste festa batetara mugitu ginen. Bertan musika, gay koadrila bat, neska ero bat... Bestelako giroa zegoen. Hala, bi etxeen artean amaitu zen gure lehen Newtown Festival.


12.30 inguruan Gartxot, Aitor, Maia eta laurok etxera abiatu bitartean algara, solasaldi, barre eta aberia ugari izan ziren bertan... Baina ez dago guztia kontatu beharrik. Ezta?



2009/11/04

Ospakizun eta xelebrekeriekin jarraituz...


Gauza xelebre asko eta asko entzun eta ikusten dira hemen. Asko Ingelaterrako tradizionalismoarekin lotzen ditut nahi gabe, beste asko Estatu Batuetako tradizionalismoarekin... Hona hemen entzun edo parean aurkitu ditudan horietariko gutxi-gutxi batzuk:


· Melbourne Cup famatua atzo ospatu zen. Ingalaterrako Ascot hiriko zaldi lasterketaren imitazio bat. Funtsean kirol honen inguruko ospakizun bat behar zuen; baina gaur egun nazio-festa bilakatu da. Australia osoa erdi-gelditu egiten da karrerak irauten duen bitartean, eta askok aprobetxatzen dute egun bat edo bitan lanera ez joateko. Zertarako? Bakoitzak bere armairuko jantzi garesti eta eleganteenak jartzen ditu, emakume gehienek ahal bezain txapel berritzaile-apurtzaile-arraroak janzten dituzte, mozkortu egiten dira, festa... Eta apustuak. Gustura jakingo nuke atzokoan dantzan ibilitako dolar kopurua zenbaterainokoa izan zen. Gu Sydneyn geunden, eta hemen ez zegoen lasterketarik. Hala ere, denak dotore jantzi eta pub zein kaleetan kokatutako apustu-makinatan ibili ziren... Ezagun batek 100$ galdu zituen; besteak beste hainbeste... Jendeak jokorako adikzioa du (askoren kasuan arazo bat da), eta bertako gobernuak mugitutako diruaren %17a eskuratzen omen du... Aberastu ziren zalditxoen kontura!


· Australia Day. Urtarrilaren 26.ean ospatzen omen da "australiarra izateko ohorearen" eguna. Australiako lehenengo kolonia europarraren sorkuntza ospatzen dute; Arthur Phillip lehen gobernadorearen aginduetara hartutako Port Jacksongo (gaur egungo Sydneyko bailara) Sydney Coveko kolonia penala alegia. Hiri guztian zehar etengabeko ebentuak antolatzen omen dituzte, eta urteko australiar onenen sariak ematen omen dizkiete australiar jendartea hobetzen laguntzen duten biztanle eredugarriei. Eta nola ez; apustuak. Urte osoan zehar debekatuta egon ohi diren dado-jokuak legezkoak izan ohi dira egun honetan, eta jendeak egun osoa apustuak egiten pasatzen omen du. Eta berriz ere jantzita. Oraingo honetan, "Australian Flag" da gaia: aurpegia margotuta, pegatinak, bandera osatzen duten jantziak... 350 urte ere ez dituen herrialde bati buruz ari gara...


· ANZAC Day. Apririlaren 25. egunean ospatzen da Australia eta Zelanda Berrian bi herrialde hauetako gudarien omenez. Hauetako indar militarren lehen eskuhartzea gogorarazteko sortu zen egun hau. Lehen Mundu Gerran izan zen, Gallipolin. Bertan, ANZAC (Australia New Zealand Army Corps) deituak Britania Handiak deituta beste aliatu batzuekin kokatu ziren. Guda odoltsu bat izan zen, eta erretiratu egin behar izan zuten 1915ko abenduaren 20an. Hemengoen balantza: 8.141 soldadu hildako eta 180.000 zauritu. Emaitza penagarria izan zen; baina hemengoek nazio sorrera egunak bezala kontatzen dute. "Gure soldaduengatik izango ez balitz, zuek ere alemanieraz hitz egingo zenukete" esan zigun hemengo gazte batek berak ere etxean bandera harro igotzen duela artitzen zigun bitartean. Beraientzat harro egoteko moduko zerbait egin zuten: "Jatorri eta klase ezberdinetako gizonek borrokarako gaitasuna erakutsi zuten, presiopeko ohorea, beti lagunari eskua emanez". Orain guzti horri "ANZAC spirit" deitzen diote: ausardia, sakrifizioa eta laguntasuna.


Pentsatzen jarrita, ez zuten beste munduko ezer egin. Baina bertan sekula halako beste ezer izan ez dutenez... Zer dira ba 8.000 hildako, Mundu Gerra batean? Ia ezer ez...


Orain Hyde Park-en dagoen monumentuaren inguruan Dawn Service (egunsenti zeremonia) delako ospakizun espiritual eta irmoarekin hasten da eguna. Turuta batek erretreta tokea jotzen du eta bi minutuko isilunea egiten dute diana batek amaiera ematen dion arte. Ondoren, herri guztietako beteranoen desfileak egoten dira eta hiriburuetakoak telebistan emititzen dituzte. Ibilgailu militarren erakusketak egiten dira...Ordungo soldaduen semeak, semeen semeak, etab. haien dominekin irteten omen da kalera, jendeak negar egiten omen du kaleetan zehar... Gogoetarako eta gerra ezberdinetako hutsalkeriak zein basakeriak gogoratzeko eguna omen da.


· Kristau katolikoen kanpainak. Judaismoa, budismoa, islamismoa, kristau anglikanoak, protestanteak, katolikoak... Hainbat eta hainbat erlijio jarraitzen dira Australian. Baina niri, kristau katolikoek burutzen dituzten ekintzak egin zaizkit deigarriak. Elizatan krisiari aurre egiteko kurtsoak, yoga, ingelesa eta antzekoak antolatzen dituzte, eta positiboa iruditzen zait; gutxienik komunitateari (ez derrigorrez sinesteduna) laguntzen baitzaio. Harrigarria propaganda da: telebistan spot "moderno" bat, autobusetan grafikak, kaleetan adin guztietako jendea panfletoak banatzen eta biblia mikroa eta bozgoragailuekin predikatzen... Eta zeruan hegazkin bat bira eta bira "Jesus is life" idazten!


Ea hurrengoan zertarako gai diren...


2009/11/02

Urriak 31. HALLOWEEN


(All Hallow's Eve = "Santu guztien egunaren" bezpera)


Iragan astean lan dezente izan nuen "lorazain" moduan, orainarte astean behin edo bitan aritu izan banaiz, bapatean bost aldiz jardutea suertatu baitzait. Kontuak ateratzen jarrita bost bat astetako errenta ordaintzeko adina ematen du honek; gure poltsikoentzat oxigeno apur bat alegia. Ordainetan izerdia eta belarriak utzi behar izan ditut, baina beranduago deskribatuko dut arkitektura berdearen artea.


Pasa berri den larunbatean -hau da, urriaren 31.ean- xisko eginda nengoen gure etxeko patioan Maiarekin garagardo bat edaten ari nintzenean.


(Bezperan BBQ lasai bat izan genuen Wendy eta Gorkaren etxean. Gartxoten aurkezpena izan zen, berandutu egin zen... Azkenean hirurok eta ezagutzen ez genuen gitarra bat iritsi ginen etxera. Tontakeriatan hasi eta ordu gutxitxo egin nituen lo...jeje)


Saharako oasi batean aurkitutako sagardo kupel frexko bat bezala zen hura niretzat: bapatean oinutsik nengoen, eguzki izpiak ez zetozen laban moduan, eztarritik likido hotza jeisten zen... Saria! Dena ederra den une horietariko batean nengoen. Zeruan azeri hegalarien arratseko txangoa ikusten, nire azalak tenperatura gabeko haize fin bat bakarrik sentitzen zuen, garagardoa eskuan nuela ere ahaztua nuen, Maiarekin solasaldi polit bat...


Baina Halloween eguna zen, eta bapatean etorri ziren buruhausteak. Bi gonbidapen genituen; besterik ez. Ez mozorro, ez plan, ez juergarako gogo berezirik... Gainera, ez gara sekula anglosaxoiek hainbeste esportatutako kontu hauen inguruko filiarik sentitu dutenetarikoak izan. Baina, "behin Australian egonda eta bertakoen festa bat ezagutzeko aukera izanda, joan beharko, ezta?". Orduantxe, entzun izan baligu bezala, Micaelak ots egin zigun (bera izan zen bere anaien gonbitea helarazi ziguna): "G`day! ¿Quétal? ¡Oye, que esta fiesta ya se está calentando! Podéis venir sin disfrazaros, os pintamos un poquito, y ya está. La casa está a quince minutos de la vuestra...". Goazen ba!


Gu jantzi orduko Javi gure etxera etorri zen, 24 cage bat hartu genuen, 24 urtetako gidari indiar bakarti baten kotxean sartu... Eta han ginen, etxearen parean! Hura zen desmadrea... Hollywooden motz geratzen dira nonbait. Kalabaza ahohandi estandarrak, kalaberak, gona motzeko sorgin ugari, kupido metrailetarekin eta hildakoak. Sartzerako "Frida" bekainak, bibotea eta odola margotu zizkiguten, eta barrura!


Denetarik zegoen, baina gogoratzen dudana kontatzen hasita...

· Etxeko zelaia (kanpoaldea). Lehenengo garagardoa edan eta gauerdirarte alokatua zuen gaztelu "hintxablera" sartu ginen. Urteak neramatzan honelako batean saltoka eta mortalak egiten ibili gabe, eta egia esan ilusioa egiten zuen. Sorotan Bele taldearen kantuen falta somatu nuen ordea... Esan beharrik ez dago gaztelu barruan zegoen panorama nolakoa zen; erdi-arokoa. Handik irten eta "lorazaintzako katxarruak gordetzeko txabola" horietariko bat zegoen parean. Hori bai, barruan pin-pon mahai bat eta bikote bat zeuden.


Handik lorategiaren beste aldera abiatu ginen. Tartean mutil batzuk sofa batzuetan eserita zeuden, neska batzuk hauen gainean, beste asko dantzan, besteak edanean... Australia eta Txileko batzuk ezagutu, ingelera praktikan jarri eta azkenean iritsi ginen bazter batetara. Eta han izotz puska handi bat ikusi genuen mahai baten gainean. Bapatean koadrilatxo bat gerturatu zen, batek alde batetik sangria basokada pare bat hustu zituen, eta beste aldean makurtu ziren bi tipok trago batean amaitu behar zituzten "errekatxoak". Noski. Guztia edaten zuena txapeldun! Gero ohartu ginen puska handi hartako ibaitxoen meandroek emakumeen gorpua marrazten zutela eta 300$ ordaindu zituztela harengatik...


· Etxearen barrualdea. Erdia baino gutxiago zabaldu zuten ofizialki: egongelatxo bat, sukaldea eta kumuna. Egongelan DJ bat zegoen musika elektronikoa "a tope" jarrita, ta jendea dantzan denak emanda... Parean kumuna zegoen, eta bakarra zenez, sekulako ilara zegoen bertara sartzeko. Eta amaitzeko, sukaldea. Jende andana zebilen bertan, han ere dantzan, beste batzuk futbolinean zebiltzan pilota jo ezinda... Halako batean han ibili ginen gu ere; ezin aukera hura galdu!


· Jendea. Alkola eta sexua ziren party haren ardatza. Gehienak oso ondo mozorroturik zeuden, baina hori bai; neskak herizain, sorgin edo edozertaz jantzita ere gerrikoak baino apur bat zabalagoak ziren gonekin. Mozkorrak ere grabatzeko modukoak ziren (izotz-puskak zerikusia izan zuen hortan). Eta ondorioa... Neskak mutilengana sartzen ziren; mutilak neskengana... Baina ez bakarrarengana! Mutil bat baino gehiago ikusi genuen neska ezberdinekin musukatzen ("...bai, baina niri gustatzen zaidana hura da!" eta gero harekin ere ikusi genuen bat). Edonork edonori eusten zion... Pff! Ez dago gehiago esan beharrik! Guk Jendearekin berriketan, barrez, dantzan eta futbolinarekin ederki pasa genuen. Nahikoa.


Kontuak kontu, orduak aurrera joan ziren, eta geroz eta jende gutxiago zegoen han. Hortaz, taxi bat hartu, Oxford Streeteko Colonbian Hotelen espuela egin Micaela, Javi eta Iñakirekin, eta etxera joan ginen...


2009/10/30

2009/10/27

Irudi batzuk (koloretan)








Urriak 20. Bill hizkuntzalea


Ferry bat hartu eta Manly auzora joan nintzen Gartxotekin bigarrenez elkartzekoa nintzenean. Hango kaian zegoen nire lagun (Zapurdo sendiko kide) donostiarra nire zain hondartzara zihoan jende guztiaren artean igaro eta burua altxa nuenean. "Zemouz?" galdetu nion. "Earki hi, auzo hau gustatzen ari zaidak: lasaitasuna zeukak, hondartza... baina aldi berean denetik du, eta bertakoak bertan egiten dute beren bizia; hirira noizean behin bakarrik joaten dituk".


Zuzenean bera eta pixukideen pisura gidatu ninduen; hondartzako lehenengo lerroko eraikin batera. Kalifornia eta Ingalaterrako lau neskekin bizi da ikasleena dirudien txoko horietariko batean: altzari gutxi, koltxoiak lurrean, sala erdian ezinezkoa dirudien puzzle handi bat... Baina moketa, argitasuna eta beraien harremana dela-eta, etxe goxoa da.


Bera partaide den Madelein talde donostiarraren abesti batzuk lehenengoz entzun eta hondartzara joan ginen Gartxot, gitarra eta hirurok. Hango olatuen artean "a pelo" saio eder bat egin, gitarraren akordeen laguntzaz abesti batzuk gogoratu eta auzoa apur bat ezagutzea erabaki genuen, Shelly Beach atzeko baso ingurutik hasita.


Bidean Bill jauna ezagutu nuen. Bost minutu lehenago esan zidan Gartxotek: "Shelly Beach bidean aitona bat eotek hizkuntzak elkarbanatzeko goguakin ta ola, istorio mordoak dakizkila... Hitz egiten hasi ginen, eta nongoa nintzen esandakoan "Kaixo" erantzun zidan". Gazteagoa zenean unibertsitateko irakaslea eta bidaiari peto-petoa, lagun baten konpainian itsasoari begira zegoen. Eguzkiagandik babesteko txapela eta betaurrekoa, bainujantzia, alkondara... Etxean bezala sentitzen zela ikusten zitzaion. Bere altxorra ondoan zuen. Bidaiarientzat prestatutako hizkuntzen inguruko liburuak: mandarina, frantsesa, japoniera, italiera... Atzerrian bizi izan den bakoitzean erabiliak dira nonbait, eta saldu ez, baina edonori hizkuntza horiek irakasteko prest agertzen da gizona.


Are eta bereziagoak ziren hitzen eta ipuinen bildumak. 700 hizkuntzatan bildua du "Kaixo!", 550etan "Bai", eta beste horrenbestean "Ez". Kaletik berari begira geratzen den edonorekin hitz egiten hasten da; eta hori izan da bere altxorraren oinarria. Orain, berak idatzitako ipuin xume bat ahal bezain hizkuntza gehienetara itzultzen saiatzen ari da. Dagoeneko 50 hizkuntza inguruan dauka, baino ez euskaraz; eta Gartxoti eskatu dio berak prestatutako tarteen azpian euskara fonetikoan idazteko. "Eup! Ebaki bat aterako faborez?", "Zemouz? Hainbestean", "Ze berri? Zaharrak berri"... Bere apuntetxoak irakurriaz bere euskara praktikoa erakutsi digu ondoren; eta joan aurretik berak antolatutako musika brasildar festara gonbidatu gaitu.


"Bere altxorrekin egunero txoko horretan eseri, edonorekin hitz egin, bere altxorraren berri eman eta laguntza eskatu, guzti hori antolatu, bizitza osoan zehar hizkuntza ez-hain-erabiliak ere ikasten jarraitu... Honelakoak ere ba al dira?" galdetzen nion nire buruari agurtutakoan. Bizitza osoa ikasi eta irakasten eman du gizon honek, pentsioa jasotzen du eta mundu osoan zehar ibilia da. Orain, munduaren txoko horretan eseri eta unibertso osoko hizkuntzek ipuin berbera konta dezaten dihardu lanean. Edonori edozein hizkuntza musutruk erakusteko eskeintzen da. Benetan egiten duena bizi du; ordainetan jakinduria beste ezer jasotzea espero gabe. Poza eman dit honelako lanak paperaz, boligrafoz eta bihotzez egiten dituen norbait ezagutu izanak.


Bapatean, "Ze Sesma, ze birra nahi dek?". Manly aldetik buelta eder bat eman eta garagardotegi moduko batean geunden. Garagardo mota ugari egiten dituzte bertan, eta batzuetan "txotx" moduko bat egin omen daiteke. Hori bai, zure eserlekutik mugitu gabe; tanta bat alferrik galdu gabe. Beroak, ibilaldiak eta itsasoaren gatzak sortutako egarria baretu eta beren etxera joan ginen zerbait jatera: eraikinera atzeko atetik sartu, igogailuan igo, atea giltzik gabe ireki, eta balkoira zuzenean.


Han musika entzuten genuen bitartean itsasoari begira jan genuen. Australia, musika, Sydney, musika taldeak, ikasketak, gure musika taldea... Kontu ezberdinen inguruan filosofatzen igaro genituen ondorengo orduak. Ea gure ametsak sekula asetze ez diren...


2009/10/23

Txorixiriña hartu edo ez?


Gauzak idatzi nituen moduan idatzita logikoa da batzuek hegazti batek opari bat bota zidala ulertu izana... Baina ez. Ez zen txorikaka edo behikaka izan egun hartan toatu zidana; zortearekin (ona edo txarra ikusiko dugu) zerikusia zuen zerbait baizik.

Kontua da, egun eguzkitsu batean txigor harrikada izan balitz bezala erori zitzaidala gertakizun bat... Oraindik itxurarik hartu ez diodana. Apur bat hollywoodiensea... Zer ote da? Ona ala txarra? Zuek ze uste duzue?

To be continued...

2009/10/22

Urriak 16. Surf & Live


Urriak 16, ostirala. Surfaren munduan bataiatua izan nintzen Neptunoren babespean. New South Walesgo udaberriko egun eguzkitsu horietako batean izan zen. Ipar mendebaldeko haize epela, zeruan urdinaren uniformetasuna apurtzeko bi hodei zuri... Aitor azpeitiarrak Anthony Astorkia australiarraren gonbidapena helarazi zidan; eta ezin ezetzik esan.


Manly, Dee Way, etab.autobusean pasa eta goizeko 9.30ean jo genuen bere etxeko atea. Jatorri euskalduneko gure lagun biziak berehala ireki zizkigun ateak. Begiak ondo zabalik eta lepoa tente daraman horietarikoa da 40 urteko gure laguna. Dena du eskeintzeko, beti parrez... Eta australiar surfzale autentikoa da ("argazki hau Balin atera nuen... Nire laguna bigarren izan da Mundakako txapelketan..."). Argazkitan berehala gogorarazten du Kelly Slater. Bi seme ditu, emakume batekin ezkondu den bakoitzeko fruitu bat, eta bietan banandu egin da. Berak barre egiten du ordea hori gogorarazterakoan. Hemen ia familia guztietan daude honelako hainbat istorio.


Hondartza ondoko etxetxo polit praktiko batean bizi da bere aitarekin (duela apur bat mugitu da aita semearengana), eta olatuak ikustera joan gara. Ez dugu zorterik izan. Olatu txikiak, aztoratu egiten dituen haize txepela... Panorama ikusi eta itsasoaren inguruko bost minutuko azalpenak eman ondoren, skipsurf (edo antzeko hitz bat) egitera gonbidatu gintuen. Bere kamioitxoan Narvile, Collaroid eta inguruko herrietatik bueltatxo bat eman, eta gurpil handiko skate antzeko harekin maldan behera zarta eder batzuk hartzea ekiditeko eseatzen eman genuen hurrengo ordubetea.


Gure zorte ona agortzear zegoela ikusi eta olatuak hobetu ziren ala ez begiratzea proposatu zigun Anthonyk. Baina ez. "OK! Ba goazen Blowholera!". Bere etxera itzuli ginen neoprenozko traje banaren bila. Bere aitak "hor jende asko hiltzen da... ea zortea duzuen..." eta antzekoekin "broma" bat bestearen atzetik jaurtitzen zigun bitartean, leku hura zer zen azaltzen zigun gure lagunak; berriz ere kamioitxoan sartu eta hara abiatu ginen bitartean.


Surflari moduan jantzi, Zarautzen ikusten direnak bezala kostara oinez abiatu, eta bapatean han geunden, haitz zati eder batzuen gainean. "Hemendik jeitsi behar dugu, eta gero igeri eginez joango gara. Hor dago-eta!", eta hala egin genuen. Traje estuekin eskaladarako genuen trebezia frogatu, zakur erara -haitzik ez jotzeko- uretan ibili eta han geunden hirurok; harrizko horma naturalak eta zulo ilun bat zeuden tokian. Hura zen Blowhole.


15 urte inguruko gazte ilehori dozena bat zebilen han, schoolhollyday garaian nonbait. "G´day" eta geroarte esan genien guk; tunelean zehar abiatu ginenean. 30 metro inguru zituen zulo hark, eta olatuen bultzakaden laguntzaz, aise gurutzatu genuen. Bestaldean, metro bateko garaiera zuen hormatxo bat igo, eta hiru Inpernupe adinako "enparantza" moduko batean geunden. Marea jeitsi eta itsasoak biluzten duen eremu eder horietako batean. Han azaldu zigun Anthonyk pasa berri genuen zuloan jendea hil egiten dela. Antza denez, olatu handiekin ere jendeak bertan sartzeko arraultzak/obarioak omen ditu, eta noski, hauekin batera batzuen buruak sabaian lehertu izan dira. Blowhole izena ere hortik omen dator. Itsasoaren maila gorago dagoenean olatuen indarrarekin han olatuen "sifoiak" deitzen diegunaren modukoak gertatzen omen dira neurri handiagoetan. Norbaitek ahoa urez bete, pajita bat hartu, eta ura bere indar guztiekin bertatik botako balu bezala gutxi gora-behera.


Azalpenak eman ondoren, haitz batzuetatik igo eta mortal batzuk eskeini dizkigu. Guk, lotsati, jauzi batzuk egin ditugu zulora. Eta azkenik, inguru hura aztertzeari ekin diogu. Ikerlariek aurkitu-berri zuten eremu bat zirudien: oskolik gabeko barraskilo erraldoiak eta zortzi besotako mila koloreko itsasoko izar mordoa putzuzulotan; aparteko neurritako lapa eta maoliyuak haitz-gainetan; uso eta usategi andana han ondoan zegoen koba txiki batean... Eta ia ikutu gabeko ingurua zen hura.


Australiako natura basatiaren baitan nengoela sentitu nuen lehen aldiz. Uraren gainean balkoia zirudien haitz irten batean etzan eta inguru hark sortutako harriduraz mintzatu ginen eguzkipean hurrengo ordu-laurdenean; handik behera jauzi egin eta atzera-bidea egin genuen arte. Hori bai; kontua apur bat borobiltzeko, arrantzale bat blackfish pieza eder bat uretatik ateratzen ikusi genuen. Ez dakit zehazki Euskal Herrian honelakorik baden; baina "ballesta" hortzaundien tankera hartu nion...


Autora itzuli, eta haizea xalotu egin zela ohartu ginen; olatutxoak erabiltzeko modukoak zirela. Une hartan, bakoitzak bere surfeko taula hartu eta han inguruan zegoen hondartzetariko batetara joan ginen. Anthonyk olatuak marrazteko sekulako erraztasuna erakutsi zuen, Aitor hirugarrenez ibili zen eta ni, bere moduan, han nenbilen, lehenengo aldiz tente behar bezala jartzeko nire esku zegoen guztia egiten. Azkenean SURFA eta AUSTRALIA binomioa bete da nigan ere. Hemendik aurrera, izango dut nahikoa asti zerbait egiten ikasteko. Bestela ez naiz itzuliko...



Gaualdean Gartxotek deitu du gure telefonora: "Ieuuuu!!! Ya Sydneyn naoo. Arde Sydney...!"...