Hementxe gara berriz Sydneyn, Aotearoatik (Zelanda Berria) bueltan. Gezurra dirudi, baina munduaren bestaldean 'etxera' itzuli garela esan beharra... Maoriek 'laino zuri handiaren lurraldea' izena jarri zioten herriko bi irla nagusienetan 5000km inguru egin ditugu campervan pare baten barnean, eta egia esan kontu gehiegi dakartzagu hitzez adierazi ahal izateko. Biblia, Korana eta antzekoekin nahikoa dugula eta, irudiak ekarriko dizkizuegu, txintxeta bezala pare bat hitz jarriko dizkiegu... Eta zuek zeuongan bidaia bana sortu dezazuen bultzatzen saiatuko gara.
Hasi aurretik kontu bat. Baliteke eginiko kilometro kopurua bat baino gehiagori astakeria bat iruditzea, baina pentsa egunero 7.00ak aldera martxan jarrita 10.00etarako 200km eginak izan ohi genituela... Lasai ibili ginen. Bigarren kontu bat: tarte askotan argazkirik ez badago, bideoz grabatu genuelako izan daiteke. Etorkizunean agian tarteren bat izango dute...
0.eguna: Sydney > Christchurch
1.eguna: Christchurch > Lake Tekapo > Lake Pukaki > Tasman Glacier > Mount Cook (390 km)
Sekulako behelainoa eta euri txepelaz ekin genion gure ibilbideari. Nahikoa ez, eta ezkerretik gidatu behar izan nuen lehenengoz (bai, lehenengo rotondan...). Goizean goizo abiatuta eguerdirako Tekapo inguruan geunden. Harrigarria da bertako uraren kolore urdin-argia (hondoko eta harrien azido batzuen ondorioa omen da). Pukaki ere antzekoa zen, eta geldialdi laburragoa egin genuen bertan. Handik furgoneta dardarka jarri eta asfaltatu gabeko bide bat igarota Tasman glaziarraren ingurura joan ginen. Ia guztiz urtutako urez betetako zulo galantari begira egon ginen Mount Cook herriskara joan bitartean. Herriska ñimiño hau izen bera duen Aotearoako mendi garaienaren magalean dago (3.750m). Hodeiek ez ziguten tarterik utzi, eta ezin tontorrik ikusi!
Lake Tekapo eta inguruak
2.eguna: Mount Cook > Oamaru > Dunedin > Otago penintsula > Invercargill > Bluff > Oreti Beach > Riverton (760 km)
Goizean goiz eguraldiak hobera egingo zuela zirudien arren okerrera egiten hasi zen, eta Mount Cook inguruari "ez dakigu noiz arte" esatea erabaki genuen Hego Ozeano Pazifikoko kostara iritsi eta hegoalderaka abiatzeko. Eremu gazietara gerturatu ahala eguraldia hobea zen (arratsaldean oraindik eta hobeagoa) eta inguruneaz oraindik ere gehiago gozatu ahal izan genuen. Oamara ingurura gerturatu ginen kafe bat hartu asmoz, eta bertako portuan aske zebiltzan lehenengo pinguinoak ikusi genituen.
Oamaruko portua eta pinguino txiki koadrila eder bat
Handik kostan behera jarraitu genuen Dunedin hiria zeharkatu eta Otago penintsularaino. Bertan Euskal Herriaren antzeko paraje batzuek ikusi ahal izan genituen: mendiak, hondartzak, behiak...
Behi 'sinpatiko' eta guzti Urdaibai ematen du, ezta?
Sekulako kilometrada egitera gindoazela bagenekien arren, handik Hegoaldeko uhartearen behekalderaino joatea erabaki genuen, eta kostaldeko errepide lasai eta politetan murgilduta eman genituen ondorengo orduak Invercargill hirira iritsi ginen arte. Bide batez, goiz edo berandu pasa beharreko Te Anau ingurura gerturatu eta denbora irabaziko genuen honela... Bertan Bluff muturrera joan ginen; Hego Polotik 4.800 kilometrotara, jajja Ez geunden hain gertu beraz, baina hango mendi muinoan hezurretaraino iristen zen haize hotz-hezea somatu ahal izan genuen lotarako leku eroso baten bila abiatu ginen bitartean. Hortan genbintzala, galdu eta bapatean Oreti Beachen agertu ginen. Hainbat eta hainbat ibilgailu zebiltzan bertan Rivertonera bideko autopista izango balitz bezala, baina ederra zen hango panorama. Gure ibilgailuaren adina ikusita ordea (eta 'bond' alu hura ezin genuen galdu) errepidez abiatu ginen. Kilometroko 15 biztanle bizi diren inguru haietan lasaitasun itzelaz egin genuen lo olatuen zipriztinek furgonetatxoa laztantzen zuten bitartean... Esan behar da baita, sekula ez genituela hainbeste izar eta gisa hartako ilargia batera ikusi.
3.eguna: Riverton > Manapouri > Te Anau > Milford Sound > Te Anau > Mosburn (450 km)
Goizean goiz abiatu eta Te Anau zeharkatu ostean Milford Sound fiordora abiatu ginen. Esan beharra dago, 120km baino gehiago dituen tarte hau bi aldiz egin beharra dagoela; bide bakarra baita. Ondorioz, seinale batek dioen bezala, abiatu aurretik gasolina tankea ondo bete behar! Eguraldia ia hango paisaiak bezain zoragarria zen: eguzki izpiei tarterik uzte ez zizkieten basoak, gutxi batzuk zapaldutako mendiak, ispiluak ziruditen lakuak, ur freskodun ibaiak, urjauziak nonnahi... Ohartzerako bertan geunden! 1954.urtean zabaldu zuten Homer Tunnel historikoa ia 1000 metrotara ilunpean igaro eta han ginen, itsasoari mendi ederren artetik heltzen zitzaion fiordoan! Ur-mailara jeitsi eta itsasontzi batetik mirestu genituen hango bazterrak. Bitartean Leylin ezagutzeko parada izan genuen. Sydneytik gora 800km egin eta kostan dagoen Byron Bay-en lursail handiak dituen "nekazaria" da nonbait 70 urte inguruko gizon hau. Euskal Herrikoak ginela esan genionean "What?" galdetu ordez "From the Spanish or from the French part?" erantzunarekin gure eskema guztiak apurtu zituen. Ordutik aurrera hitz batzuk egin, eta berehala gonbidatu gintuen bere "baserrira". Bizikletak eta surfeko tablak prest izango zituela, ingurune ederrak zirela haiek, euskal gatazkaren inguruan ikasi nahi zuela... Zorte ederra gurea!
Bidean topatutako kea (hango loroa) lotsagabe bat
Milford Sound (Fiordland) fiordo ikusgarria
Homer Tunnel "poroa" eta inguruak
Inguruko ibai eta urjauzietako bana
"Munduan oraindik jende ona ere bada ba!" elkarri esaten genion bitartean itzuli ginen Te Anaura. Egia esan eguraldiarekin sekulako adua izan genuen ordurarte, nahiz eta bidean kristalaren kontra bi euri-tanta bi mila zatitan txikitu bitartean ez ginen ohartu. Gure etapa hartako helmugara iristean, lakuaren ondoan leku eder bat topatu genuen lotarako; zoragarria egia esan. Hala ere, ezin da edozein lekutan lo egin (arau hau betearazteko jende ugari dago) eta ametsetako leku hartan oheratu arren beste nonbait lokartu behar izan genuen 500 dolarretako isuna ekidin ahal izateko. Beraz, Queenstown bidean egin genuen lo.
Oheratu ginen tokia, Te Anaun
Hauxe da bada gure lehen egunetako laburpenaren laburpena. Egia esan aspaldian ez dut idatzi eta ez dakit hainbeste eduki nola metatu. Hemendik aurrerako etapak ez dakit bideo edo argazkien bitartez helaraziko dizkizuedan... Hurrengo baterako utziko ditut.
PD. Zer moduz Santotomasetako biharamuna? (Besteak beste) honelakoek sortzen dute herrimina...
Santo Tomasak oso ondo baino hi lasai urrengo urten e eukikok ta botatzia parranda. Hi oso argazki earrak dituk... horrea junberra ziok. Nekazariya ke Krack!!!
ReplyDeleteBA santio tomas betez baina ondo
ReplyDeletejo oi dek kilometro pila no? ta etzenuten erruedaik pintxau ajjajaja
bea ondo segi!
aupa pareja
ReplyDeleteearra argazkiak hoeituk txokazuak.
furgonetak itxura ona zakak eh bueno txarra ezin izan hainbeste kilometro iteko.bueno goodbye and enjoy a lot
argazki earrak hi!
ReplyDeletepeioi santotomasan resakak gaur arte iraun dio, oaindik ezta lanian azaldu ta! me ha dejau solo ante el abismo!haha
bueno hi, hmn eztao ezer kontatzeko asike herrimiña ni ostias
Kia Ora!