Gauza xelebre asko eta asko entzun eta ikusten dira hemen. Asko Ingelaterrako tradizionalismoarekin lotzen ditut nahi gabe, beste asko Estatu Batuetako tradizionalismoarekin... Hona hemen entzun edo parean aurkitu ditudan horietariko gutxi-gutxi batzuk:
· Melbourne Cup famatua atzo ospatu zen. Ingalaterrako Ascot hiriko zaldi lasterketaren imitazio bat. Funtsean kirol honen inguruko ospakizun bat behar zuen; baina gaur egun nazio-festa bilakatu da. Australia osoa erdi-gelditu egiten da karrerak irauten duen bitartean, eta askok aprobetxatzen dute egun bat edo bitan lanera ez joateko. Zertarako? Bakoitzak bere armairuko jantzi garesti eta eleganteenak jartzen ditu, emakume gehienek ahal bezain txapel berritzaile-apurtzaile-arraroak janzten dituzte, mozkortu egiten dira, festa... Eta apustuak. Gustura jakingo nuke atzokoan dantzan ibilitako dolar kopurua zenbaterainokoa izan zen. Gu Sydneyn geunden, eta hemen ez zegoen lasterketarik. Hala ere, denak dotore jantzi eta pub zein kaleetan kokatutako apustu-makinatan ibili ziren... Ezagun batek 100$ galdu zituen; besteak beste hainbeste... Jendeak jokorako adikzioa du (askoren kasuan arazo bat da), eta bertako gobernuak mugitutako diruaren %17a eskuratzen omen du... Aberastu ziren zalditxoen kontura!
· Australia Day. Urtarrilaren 26.ean ospatzen omen da "australiarra izateko ohorearen" eguna. Australiako lehenengo kolonia europarraren sorkuntza ospatzen dute; Arthur Phillip lehen gobernadorearen aginduetara hartutako Port Jacksongo (gaur egungo Sydneyko bailara) Sydney Coveko kolonia penala alegia. Hiri guztian zehar etengabeko ebentuak antolatzen omen dituzte, eta urteko australiar onenen sariak ematen omen dizkiete australiar jendartea hobetzen laguntzen duten biztanle eredugarriei. Eta nola ez; apustuak. Urte osoan zehar debekatuta egon ohi diren dado-jokuak legezkoak izan ohi dira egun honetan, eta jendeak egun osoa apustuak egiten pasatzen omen du. Eta berriz ere jantzita. Oraingo honetan, "Australian Flag" da gaia: aurpegia margotuta, pegatinak, bandera osatzen duten jantziak... 350 urte ere ez dituen herrialde bati buruz ari gara...
· ANZAC Day. Apririlaren 25. egunean ospatzen da Australia eta Zelanda Berrian bi herrialde hauetako gudarien omenez. Hauetako indar militarren lehen eskuhartzea gogorarazteko sortu zen egun hau. Lehen Mundu Gerran izan zen, Gallipolin. Bertan, ANZAC (Australia New Zealand Army Corps) deituak Britania Handiak deituta beste aliatu batzuekin kokatu ziren. Guda odoltsu bat izan zen, eta erretiratu egin behar izan zuten 1915ko abenduaren 20an. Hemengoen balantza: 8.141 soldadu hildako eta 180.000 zauritu. Emaitza penagarria izan zen; baina hemengoek nazio sorrera egunak bezala kontatzen dute. "Gure soldaduengatik izango ez balitz, zuek ere alemanieraz hitz egingo zenukete" esan zigun hemengo gazte batek berak ere etxean bandera harro igotzen duela artitzen zigun bitartean. Beraientzat harro egoteko moduko zerbait egin zuten: "Jatorri eta klase ezberdinetako gizonek borrokarako gaitasuna erakutsi zuten, presiopeko ohorea, beti lagunari eskua emanez". Orain guzti horri "ANZAC spirit" deitzen diote: ausardia, sakrifizioa eta laguntasuna.
Pentsatzen jarrita, ez zuten beste munduko ezer egin. Baina bertan sekula halako beste ezer izan ez dutenez... Zer dira ba 8.000 hildako, Mundu Gerra batean? Ia ezer ez...
Orain Hyde Park-en dagoen monumentuaren inguruan Dawn Service (egunsenti zeremonia) delako ospakizun espiritual eta irmoarekin hasten da eguna. Turuta batek erretreta tokea jotzen du eta bi minutuko isilunea egiten dute diana batek amaiera ematen dion arte. Ondoren, herri guztietako beteranoen desfileak egoten dira eta hiriburuetakoak telebistan emititzen dituzte. Ibilgailu militarren erakusketak egiten dira...Ordungo soldaduen semeak, semeen semeak, etab. haien dominekin irteten omen da kalera, jendeak negar egiten omen du kaleetan zehar... Gogoetarako eta gerra ezberdinetako hutsalkeriak zein basakeriak gogoratzeko eguna omen da.
· Kristau katolikoen kanpainak. Judaismoa, budismoa, islamismoa, kristau anglikanoak, protestanteak, katolikoak... Hainbat eta hainbat erlijio jarraitzen dira Australian. Baina niri, kristau katolikoek burutzen dituzten ekintzak egin zaizkit deigarriak. Elizatan krisiari aurre egiteko kurtsoak, yoga, ingelesa eta antzekoak antolatzen dituzte, eta positiboa iruditzen zait; gutxienik komunitateari (ez derrigorrez sinesteduna) laguntzen baitzaio. Harrigarria propaganda da: telebistan spot "moderno" bat, autobusetan grafikak, kaleetan adin guztietako jendea panfletoak banatzen eta biblia mikroa eta bozgoragailuekin predikatzen... Eta zeruan hegazkin bat bira eta bira "Jesus is life" idazten!
Ea hurrengoan zertarako gai diren...
Ba euskaldunak bezela apustu zaliak jejejeej
ReplyDeletejoe kurioxua ittuk beayen kultura ta oiturak no?
Gure ezberdinak ditukela garbi ziok, hori bai nik uste apustuan asuntua mundu osuan ziokela. Zeinei etzikok gustatzen noizian bein suertia tentatzia?
ReplyDeletejoe sesma artikulu hau hitzan publikatu die!
ReplyDelete