(All Hallow's Eve = "Santu guztien egunaren" bezpera)
Iragan astean lan dezente izan nuen "lorazain" moduan, orainarte astean behin edo bitan aritu izan banaiz, bapatean bost aldiz jardutea suertatu baitzait. Kontuak ateratzen jarrita bost bat astetako errenta ordaintzeko adina ematen du honek; gure poltsikoentzat oxigeno apur bat alegia. Ordainetan izerdia eta belarriak utzi behar izan ditut, baina beranduago deskribatuko dut arkitektura berdearen artea.
Pasa berri den larunbatean -hau da, urriaren 31.ean- xisko eginda nengoen gure etxeko patioan Maiarekin garagardo bat edaten ari nintzenean.
(Bezperan BBQ lasai bat izan genuen Wendy eta Gorkaren etxean. Gartxoten aurkezpena izan zen, berandutu egin zen... Azkenean hirurok eta ezagutzen ez genuen gitarra bat iritsi ginen etxera. Tontakeriatan hasi eta ordu gutxitxo egin nituen lo...jeje)
Saharako oasi batean aurkitutako sagardo kupel frexko bat bezala zen hura niretzat: bapatean oinutsik nengoen, eguzki izpiak ez zetozen laban moduan, eztarritik likido hotza jeisten zen... Saria! Dena ederra den une horietariko batean nengoen. Zeruan azeri hegalarien arratseko txangoa ikusten, nire azalak tenperatura gabeko haize fin bat bakarrik sentitzen zuen, garagardoa eskuan nuela ere ahaztua nuen, Maiarekin solasaldi polit bat...
Baina Halloween eguna zen, eta bapatean etorri ziren buruhausteak. Bi gonbidapen genituen; besterik ez. Ez mozorro, ez plan, ez juergarako gogo berezirik... Gainera, ez gara sekula anglosaxoiek hainbeste esportatutako kontu hauen inguruko filiarik sentitu dutenetarikoak izan. Baina, "behin Australian egonda eta bertakoen festa bat ezagutzeko aukera izanda, joan beharko, ezta?". Orduantxe, entzun izan baligu bezala, Micaelak ots egin zigun (bera izan zen bere anaien gonbitea helarazi ziguna): "G`day! ¿Quétal? ¡Oye, que esta fiesta ya se está calentando! Podéis venir sin disfrazaros, os pintamos un poquito, y ya está. La casa está a quince minutos de la vuestra...". Goazen ba!
Gu jantzi orduko Javi gure etxera etorri zen, 24 cage bat hartu genuen, 24 urtetako gidari indiar bakarti baten kotxean sartu... Eta han ginen, etxearen parean! Hura zen desmadrea... Hollywooden motz geratzen dira nonbait. Kalabaza ahohandi estandarrak, kalaberak, gona motzeko sorgin ugari, kupido metrailetarekin eta hildakoak. Sartzerako "Frida" bekainak, bibotea eta odola margotu zizkiguten, eta barrura!
Denetarik zegoen, baina gogoratzen dudana kontatzen hasita...
· Etxeko zelaia (kanpoaldea). Lehenengo garagardoa edan eta gauerdirarte alokatua zuen gaztelu "hintxablera" sartu ginen. Urteak neramatzan honelako batean saltoka eta mortalak egiten ibili gabe, eta egia esan ilusioa egiten zuen. Sorotan Bele taldearen kantuen falta somatu nuen ordea... Esan beharrik ez dago gaztelu barruan zegoen panorama nolakoa zen; erdi-arokoa. Handik irten eta "lorazaintzako katxarruak gordetzeko txabola" horietariko bat zegoen parean. Hori bai, barruan pin-pon mahai bat eta bikote bat zeuden.
Handik lorategiaren beste aldera abiatu ginen. Tartean mutil batzuk sofa batzuetan eserita zeuden, neska batzuk hauen gainean, beste asko dantzan, besteak edanean... Australia eta Txileko batzuk ezagutu, ingelera praktikan jarri eta azkenean iritsi ginen bazter batetara. Eta han izotz puska handi bat ikusi genuen mahai baten gainean. Bapatean koadrilatxo bat gerturatu zen, batek alde batetik sangria basokada pare bat hustu zituen, eta beste aldean makurtu ziren bi tipok trago batean amaitu behar zituzten "errekatxoak". Noski. Guztia edaten zuena txapeldun! Gero ohartu ginen puska handi hartako ibaitxoen meandroek emakumeen gorpua marrazten zutela eta 300$ ordaindu zituztela harengatik...
· Etxearen barrualdea. Erdia baino gutxiago zabaldu zuten ofizialki: egongelatxo bat, sukaldea eta kumuna. Egongelan DJ bat zegoen musika elektronikoa "a tope" jarrita, ta jendea dantzan denak emanda... Parean kumuna zegoen, eta bakarra zenez, sekulako ilara zegoen bertara sartzeko. Eta amaitzeko, sukaldea. Jende andana zebilen bertan, han ere dantzan, beste batzuk futbolinean zebiltzan pilota jo ezinda... Halako batean han ibili ginen gu ere; ezin aukera hura galdu!
· Jendea. Alkola eta sexua ziren party haren ardatza. Gehienak oso ondo mozorroturik zeuden, baina hori bai; neskak herizain, sorgin edo edozertaz jantzita ere gerrikoak baino apur bat zabalagoak ziren gonekin. Mozkorrak ere grabatzeko modukoak ziren (izotz-puskak zerikusia izan zuen hortan). Eta ondorioa... Neskak mutilengana sartzen ziren; mutilak neskengana... Baina ez bakarrarengana! Mutil bat baino gehiago ikusi genuen neska ezberdinekin musukatzen ("...bai, baina niri gustatzen zaidana hura da!" eta gero harekin ere ikusi genuen bat). Edonork edonori eusten zion... Pff! Ez dago gehiago esan beharrik! Guk Jendearekin berriketan, barrez, dantzan eta futbolinarekin ederki pasa genuen. Nahikoa.
Kontuak kontu, orduak aurrera joan ziren, eta geroz eta jende gutxiago zegoen han. Hortaz, taxi bat hartu, Oxford Streeteko Colonbian Hotelen espuela egin Micaela, Javi eta Iñakirekin, eta etxera joan ginen...
Buaaaa!!!! latza!!!!!!!!!!!!!!!! pelitan bezela, alare errealitatian ikustia inpaktantia izan ber dik ta parte hartzia..... pffff jaja
ReplyDeleteearra haloween party-a hori geo etxia garbiu ber dikena menudo curro jeje. bueno pareja ondo izan ario!!!
ReplyDeleteya esateyat nik-e farra earra botako nikek ufff
ReplyDeletebueno besarkada bat biyoi ta ondo segi!