2009/11/19

Eguneroko ogia


Denbora aurrera doa, eta dagoeneko bi hilabete baino gehiago daramatzagu Sydneyn. Ordundik hiria eta inguruetan zehar hainbat kilometro egin ditugu, munduko bazter guztietako lagun ugari, elkarri lagunduaz ingelerazko saio asko eta asko... Lana, ikasi, lantxoak, surfa, parranda, irakurri, ezagutu, begiratu eta galdetu. Apurka, hiriaren udaberriko martxaren parte bilakatu gara; rutina batean sartzera iritsi gabe, erritmo baten elementu ttipi.


Maialen ekialde hurruneko ikaslez jositako hiru gelatako ukitu exotikoa bilakatu da. Korea, Japon, Taiwan eta Tailandiarrez betea dago klasea, eta bera izan ohi da "Europako" ilehori bakarra. Egunean eskola ordu asko eta janari mota ugari elkarbanatzen dituzte; hainbat irriparre. Ingeleran oinarritutako aurkezpen deserosoaren fasea igaro zutenetik ohitu dira elkarrekin zubi hori erabiltzera eta gustura dabiltzala esango nuke.


Imanolen martxa ez da hain erregularra. Ahal duen bakoitzean lorazain lanak egiten ditu baina zoritxarrez larunbat eta igandetara mugatu ohi dira bere lanegunak. Ingelera bere erara hobetzen saiatzen da, surfean ibiltzeko hiruzpalau saio egin ditu, webgunetxoa, bloga eta pare bat azal egiten saiatu da, bere gustuko irakurketa eta margolantxoentzat ere denbora apur bat izan du...


Hala ere, orokorrean ez dakigu hurrengo egunean zer gertatuko den; amaiera ezezaguneko oreka desorekatu batean gabiltza.


Kaosaren erdian etxea izaten omen da lau horma, zorua eta bertako kideak mantentzen dituena. Kaletik etxera sartu, eta sakonki ezagunak direnen artean zer gertatuko den jakin ohi da; nork zer eta nola egin duen espero da. Egoera guztiak kontrolpean izan ohi dira, batek kanpoan jasan ditzaken aldaketa guztiei amaiera jarriz... Baina gurean ez da horrela, eta gogoko dugu.


Flinders Street 58 etxe-backpacker moduko bat dela esango nuke. Norberak bere gelan edo elkarbanatzen duen gelan izan dezaken intimitatean datza etxe batekiko antzekotasuna. Hortik aurrera mila kontu eta aldaketa jasotzen ditugu gure etxearen atzealdeko patioa eta sukaldean... Bi leku horiek izan ohi dira gure elkargunea eta benetan aberatsa da. Egun batean hiru brasildarrekin hartu dezakezu kafea, hurrengoan italiarrekin garagardo bat eta hurrengoan zeuk bakarrik liburu bat irakurri saguzaharren eguneroko erromesaldia ikusten duzun bitartean.


Hauxe da gure etxeko taldea:


· 1 zenbakiarekin ate ondoko postontzia gepardo baten bizitasunaz zainduuuuuuz... Alexis perutik mundura! 21 urte dituen gay gazte hau Estatu Batuetan 10 hilabete pasa ondoren etorri zen Australiara, eta urtebete baino gehiago darama hemen. Hospitality ikasten ari da, eta zerbitzari bezala egiten du lan. Jendearekin harremantzen trebezia aparta du, komeni zaionean bereziki; eta hizkuntza guztiak gustatzen zaizkio. Gaur egun netherlandera ikasten ari da.


· 2 eta 3 zenbakiekin, hegaletik ihes egineeeez... Gokhan eta Alhem turkiarrak. Hirira ingeniaritza ikasketak amaitzera etorri omen dira, baina parrandan ederki ikasi dutela dakigu. Kosta zaigu ezagutzea (duela lau egun hasi ziren gelatik irteten), baino metal-zale jatorrak dirudite. Bigarrenak bazuen Euskal Herriaren berri; harrigarria.


· 4a 5a eta 6a, atzekaldea era sutsu batean zainduuuuuz... Nicola, Nicolo eta Gianluca italiako azzurrak! "Kaixo, zer moduz?", "Gay jendea ez zait gustatzen" da hauen ongietorria. Metal eta arte zale sutsuak, oso jende jatorra dira. Parrandazale eta sukaldariak, etxeari gatz apur bat ematen diote. Vatikano Hiriko ikutuengatik jaso dituzte gay munduaren antinaturaltasunaren inguruko pintzeladak, baina hortik aurrera besterik ez. Batek margolan bat baino gehiago egin ditu, eta beste bat diska bat grabatzen ari da. Bateria, gitarra, baxua, letrak, ahotsa eta portada bereak izango dira.


· 7a... Ez dakit nor jarri, eta SesMaia Euskal Herritik.


· 8a eta 9aaaaa... Marcos eta Bernardo joga bonito aurrelari brasildarrak! Etxe honetan beteranoak dira biak ala biak. Egunero eskua eman, bi musu, zer moduz, dena ondo... Oso jatorrak eta alaiak dira hauek, eta edozertara gonbidatzen gaituzte. IELDS azterketa egin dute eta urduri dabiltza azken egunotan, baina gaindituz gero "residence" delakoa lortuko dute, eta bi urte gehiago egongo dira bertan. Hori bai, bat bi hilabetetarako Brasil eta Patagonia aldera doa. Ez da plan txarra.


· 10arekiiiiiin... ez dut uste inork merezi duenik. Goazen hurrengora.


· 11aaaaaa... Paristik datorren artista: Albo! Gazteleraz zein ingeleraz mintzatu ohi gara 24 urteko frantziar honekin. Mutil argia dela antzematen zaio; denetik egitea gustatzen zaion horietariko bat. Ariketa fisikoa egin, egunkaria irakurri, marraztu... Gaur egun filosofiaren inguruko eleberri bat idazten ari omen da. Laster ordea hegoamerika aldera doa bidaiatzera. Familia omen du Kolonbia eta Argentina aldean, eta aprobetxatzeko.


· Entrenatzailea: Julio Java. Etxeko teknikoa dugu hau. Eguna etxeko puntu garrantzitsuenean dagoen bere gelan ematen du, ordenagailuaren aurrean. Webmasterra omen da, eta etxetik egiteko moduko lan onak errez topatzen ditu. Mutil alaia, beti dago prest solasaldi entretenigarri batzuetarako. Bertan erresidentzia du, eta 2 urte pasa daramatza hirian, eta ez du itzultzeko asmorik. Laster pasaporte germano-brasildar-australiarra izango du barre kutsakorra (zentzu onean) duen honek.


· Delegatua: Jules; bilboko beteranoa. 34 urteko gazte hau hiri honetako bigarren etapan dago. 13 urte lehenago ibili omen zen hemen urte batzutan zehar, gay mundua borborka zegoenean. Ordundik mundu osoan bizi izan da duela bi urte hona iritsi arte. Dagoeneko Sydney ez omen da berdina. Orain tourism ikasten du lana egin ahal izateko, eta jatetxe berri batean ari da beharrean. Bere esperientzia dela-eta, ordundik goruntz doa, eta gaur egun jantokiko arduraduna da. Bere lantoki xelebrearen erdian pin-pon mahai bat dago, zerbitzariak jolasean... Berak ere ez du sinesten hango giro surrealista.


· Aulkian: Nino, Kerem eta beste indiar bat. Hauek kriketa nahiago dute, baina taldean ditugu. Ingeniaritza eta finantzak ikasten dabiltza Quatar aldean batxillergoa amaitu zutenetik (ez dira edozein familiatakoak izango). Beren bikotekidea aukeratzeko "modu bereziaz" hitz egin izan digute: oraindik Indiako kastek eta gurasoek mugatzen diete hontan... Nadia atlantikoan galdutako irla frantziar batean bizi omen da. Gaur egun Europa aldera joana da. Bernardoren bikotekidea hemengo boladan, beti irriparrea zeraman aurretik. Tsarisa tailandiarra eta bere bikotekide japoniarra. Etxean arratoiak sartzen diren bezala sartzen ziren, kasu egin gabe. Noizean behin burua altsa eta "Hi!" esaten zuten; eta beraz, ez dugu hauek ezagutzeko paradarik izan. Orain beste nonbait joanak dira. Beren lekua Vincent eta beste bi neska frantziarrek hartu dute, baina atzo iritsi ziren, eta ez ditugu ezagutzen.


· Armailetan bisitak: Mila taiwandarra (Alboren neska), bizilagun indiarrak, gurea lagunak, besteenak... Ikustekoa da gure aterpea... Gonbidatuta zaudete.



PD. Hurrengoan jarriko ditut etxekideen argazkiak. Ea nor den nor asmatzen duzuen.


2 comments:

  1. jejeje etxe beriziya dakazue e? aber hurrenguan argazkitatik ezautzen diteun.
    Bueno bestela ondo segi!
    ta ondo pasa!

    ReplyDelete
  2. Hori dek hori gran hermanua txo!!!! De todo un poko... kar kar kar

    ReplyDelete