2009/11/10

Azaroak 8. Newtown Festival


Urtez-urte bezala urteko azken-aurreko hilabeteko bigarren igandean ospatu zen Newtown Festival; itxuraz zein famaz Sydneyko suburbio "alternatiboeneko" festa. Australiako jaialdi gehientsuenen -edo denen- moduan goizeko 9.30etan hasi eta 17.00 puntuan amaitzen zen, eta gauza bat zela eta bestea zela Gartxot, Maia eta hirurok xirimiri txepel baten azpian 12.30 aldera Town Hall parean elkartu ginen. Onenean iristeko moduan beraz.


Auzora bideko trenean usaindu genuen zer nolako jendea topatuko genuen; eta Newtown geltokiko gure nasa zapaldu, polizia, polizia-txakur eta antzeko guztien ilara artetik igaro eta kaleen janzkera ikusi genuenean zer esanik ez. "Tribu urbanoak" deituriko ia guztiak zeuden han errepresentatuak: metaleroak, emoak, hip-hoperoak, punkarrak, rastafari, retroak... Bakero ajatu-zulo-kate-txapak. Galtza erori-tela-marrazki-pirzinak. Krestak eta rastak. Spray, arraultz-zuringo, laka, tinte eta rapatzeko makinak. Betaurreko txapel eta zapiak... Ez dakit benetako izaera zuten edo modelo autentikoak ziren, baina hori bai; ileapaindegi eta denda "alternatiboek" lan ugari izan zutela garbi geratu zitzaigun.


Kontuak kontu, urtero 80.000 pertsona gerturatzen omen dira jai honetara, eta edizio honetan ez nuke esango gutxiago izan ginenik. Gu iritsi orduko, kale-bazter guztietan jende andana zebilen. Errepideak itxi ez baziren ere, oinezkoek agintzen zuten. Balkoi, aterpe eta txoko guztietan aurki zitezken gazteak edanean. Etxe batzuetan mozorro-festak ikusi genituen, han-hemenka kontzertu alternatiboak... Hala, mila koloreko oihan hura zeharkatu eta -telefono dei batzuen laguntzarekin- iritsi ginen azkenik 'eremura'.


Kontzertuentzako hiruzpalau eskenatoki, jaki ete edari postuak, arropa salmenta guneak, kumun-kabinak... Euri eta guzti, australiar erako gure Kilometroak ospatzen genbintzala zirudien. Alkola sartu ez nezan motxila begiratu zidaten, eta "Enjoy the festival!". Parke handi batean zegoen zalaparta haren arrazoia. Jendea zelai bustian etzanda jaki eta edariak kontsumitzen, batzuk kontzertuetako lehen lerroetan saltoka... Iritsi bezain laster talde gazte baten kontzertuaren amaiera ikusi genuen (beste munduko ezer ez), eta ondoren, lehenengo garagardoa edateko barrara gerturatu ginenean... Adarra ez zigutela joko erabaki genuen. 6.50$ trago bakoitzeko (4€ inguru).


Beraz, jende zaparrada eta euri apurrari geroarte esan eta atzerabidea egin genuen bottleshop batetara. Bidean giro ederrez inguratutako batukada batzuk eta kontzertu alternatiboen prestaketak ikusi genituen, zerua garbitzen ari zela konturatu ginen... eta ohiko preziotako garagardo botilak erosi eta bertan murgiltzea erabaki genuen. Kalean bazen "antzoki" urbano moduko bat, eta bertan jarri ginen talde instrumental baten saioa ikusteko. Hauek askozaz ere soinu lortuagoa zuten; eta hori gutxi balitz, jendearen berotasuna erakarri zuen didgeridoo baten laguntza izan zuten. Ez zuen meritu makala gizonak; beso ortopediko bat baitzeraman. Kontzertuaren inguruan jendearen artelanak ikus zitezken, gizon bat xaboizko puxikak sortu eta haurren arratsaldea borobilduz... negozio kutsu apalagoa eta giro intimoagoa somatu genituen hemen; eta bertan gelditu ginen. Bertan elkartu zitzaigun Aitor azpeitiarra ere.

Halako batean, 'Juji Colective' taldearen emanaldia hasi zen. Ska eta funk ukituak zituen talde honek ahotsik altxa gabe zoro moduan saltoka jarri zituen gerturatutakoak. Mota guztietako jendea zegoen han eserita. Halako batean polizia gerturatu zen. "Hemen ezin duzue edan" esan zidan hori garbi zioen seinalea erakusten zidan bitartean. "OK... Eta non bai?" galdetu nion. "Ezin dizut esan, baina hortik joan eta kitto". Jatorra tipoa. "Bai,bai" esan eta alde egiteko keinua egin genuen bizkarra ematen ziguten bitartean, baina gure ingurukoek bezala, han jarraitu genuen. Eta jendeak saltoka (edo dantzan) jarraitzen zuen...


Halako batean, Javiren dei bat jaso genuen. Eremu garrantzitsuenaren atzekaldean bizi da, eta bere etxean festa bat zegoela gogorarazi zigun. Handik gutxira bertan geunden, eta han zeuden Gorka, Wendy, Camile, Carlas, IƱaki eta gure beste hainbat lagun, backyardean garagardo batzuen konpainian. Ilundu orduko zuhaitzetan zeuden zigalak kantuan hasi ziren, eta musika falta zitzaigula ohartu ginen. Orduan, bi etxe eskuinetara zegoen beste festa batetara mugitu ginen. Bertan musika, gay koadrila bat, neska ero bat... Bestelako giroa zegoen. Hala, bi etxeen artean amaitu zen gure lehen Newtown Festival.


12.30 inguruan Gartxot, Aitor, Maia eta laurok etxera abiatu bitartean algara, solasaldi, barre eta aberia ugari izan ziren bertan... Baina ez dago guztia kontatu beharrik. Ezta?



3 comments:

  1. JODE EARAKI hai zeate pasatzen e?
    bea ba ola segi!

    ReplyDelete
  2. australiako kilometroak

    FARRON!

    aitzol

    ReplyDelete
  3. betire parrandan jaja

    ReplyDelete