Sydney (eta batez ere erdigunea) garestia dela esan bagenuen, logelak poltsikoko dirua xurgatzeko izan duen gaitasuna nabarmena izan da. Beraz, beranduegi izan aurretik lehengo webgune berean sartu eta hiriko hostel merkeenaren bila joan gara, eta bai topatu ere: 70$ aste oso bat (42€ inguru). Balmain auzoan dago, Bussiness District-etik oinez 35 minutu ingurura.
Munduko amorru guztienarekin gure hildako parea hartu (maletak, alegia) eta hara abiatu gara. Kalestu labur baten bazter batean zuen sarrera. Atea ireki eta garaje batean aurkitu gara, eta "rezepzioa" normalean honelakoetan kumun inprobisatua izan ohi den horietako bat izan da: 0,5 x 0,5 metro, 50 paper-zati txiki, fruta, ordenadore zahar bat, eta abar. Hori bai; "Visa txartelak onartzen dira".
Garajean barrena eskilara estu batzutara iritsi, gora igo eta sukaldetxo polit bat, terrazatxo pare bat, komuna... Eta azkenik gure gela erakutsi digu Kristy maiteak. Hura zen zabortegia! Bera ere lotsatu egin da, eta gure oheak zeintzuk ziren azaltzen zigun bitartean gelakideen ondasunak hauen ohe azpian ezkutatzen saiatu da. Beranduegi.
Maletak han utzi, eta gela txukundu bitartean auzoa apur bat ezagutzea erabaki dugu. Erdigunea baino askozaz ere pobreagoa. Elizatxo bat, kale nagusi bat (lorarik gabe, baldosa zaharragoekin, etab.), etxe txiki eta negoziotxo ugari honen bi aldeetan... Hori bai, bizi-bizia da. Pub eta jatetxe ugari dago (Australian etxeetako sukaldeak gutxi zikintzen dituztelakoan gaude), eta bigarren, hirugarren edo laugarren eskuko azoka bat Rozzellen. Dendari gehienak, edadetuak eurak, trofeoak erakusten ari balira bezala dabiltza: Bigarren Mundu Gerrako kasko bat, 40 urte lehenagoko txanpon bat, Australiako lehenengo punkyen txupa ajatu pare bat... Arropa zaharraren edo larruaren usainak erakarrita, edo etxerako bidea luzatzearren inguruan jende ugari dabil.
Bitxia benetan. Hori bai, supermerkatu merkerik ez dugu topatu. Bai ordea produktu ekologiko eta makrobiotikoen azoka moduko bat. Interesgarria iruditu zaigu (honelakoak jan-zaleak garenez); ez baikaude honen antzekoak ikustera ohituak.
Azkenean Balmain Backpackers hostalera itzuli gara gela eta gelakideak ezagutzera. Hostalak lehen bezain zikin jarraitzen zuen, gure gelako ondasunen bolumena disimulatzerik ez dute lortu... Eta hostaleko jendeaz ezer askorik ez dugu jakin ahal izan. Gehienak ingelesak ziren (beraien artean itxiak). Eta besteak Alemania eta Australia aldekoak. Gelakideen inguruan apur bat gehiago jakin dugu ohe azpian gainezka zituzten objektuei esker. British Passport, letxuga bat, iPoda, arropa, toaila, eta oinetakoak "ohe azpian" kabitu ezinda, pasta platerkada bat ohean, duela bi asteko erosketak lurrean, korbata gris bat, marroi koloreko ile kizkurrak, hortzeskuila lurra garbitzen, 90 tailako sostenak... Ez dago gehiago esan beharrik.
Gutxienez lo geunden bitartean errespetatu gaituzte, gosaltzeko kafea doanekoa izan da eta baita internet zerbitzua ere. Hori izanda gure kanpamendu basea astebetean, eta hortik hasi da gure Australiako proiektu hau forma apur bat gehiago hartzen. Bertatik abiatuta zurrupatu ditugu hiriaren lehenengo pintzeladak, eta bertatik abiatuta egin ditugu hemen epe luze batez egoteko ezinbestez egin beharrekoak: kontu korronte australiarra, telefono australiarra, informazio bilketa, bertako lagunak, bertan bizi diren lagun handiak...
Bitartean, hiriko hainbat zati, ezaugarri eta berezitasun ezagutzen joan gara. Hurrengo egunerako ahaztu ditugun hainbat pertsonaia zein izaki, eta begi-ninian gordeko ditugun beste pare bat.
Hala ere, abendua bitartean hiri honetan izango gara. Orduan, visa kontuak direla-eta Zelanda Berri (batzuek ulertzeko: All Blacks-en lurraldea) aldera joango gara; gureak (eVisitor) hiru hilabeterako besterik ez baitu balio. Europa, Asia eta Ozeaniako lurralde askotan Working Holliday Visa erabiltzeko aukera dute Australiara oporretara etorri eta dirua lortu beharrean ikusten direnean lana egiteko. Espainiar estatua eta Australiaren arteko erlazioak direla eta, guk ez dugu horrelakorik lortzerik (agian 2010.urtetik aurrera bai). Berriz ere "todo por la patriaren" zama gainean... Ostia!
Berotu gabe, honi buruz hitz egingo dut beste batean.
Lehen esaten hasi naizen moduan, abendua bitartean Sydney eta inguruetan ibiliko gara. Eta beraz, denbora nahikoa izango dut hemengo kontuak xehetasunez kontatzeko. Baina beno, gutxi gora-behera Balmaingo hostel honetan igaro dugun aste honetan ikusi ditugun kontu batzuk labur-labur azalduko ditut. Hurrengo zazpi behatzek ea nola zapaldu duten ingelesek huarte honetan okupatutako lehen zati handia.
Sydney erraldoia da (gune urbanoak 1 687 kilometro karratu zituen 2001.urtean). Eta argi geratu zaigu. Apurka
ezagutzeko grina eta oraindik kontinentez mugitzeak sortzen duen resaka direla medio, egunero 6.00ak aldera esnatu eta oinez abiatu gara zerbait berria ezagutzeko asmotan. 22.00ak arte inoiz ez gara hostalera itzuli, eta hala ere, mapa honetan datorkizue ezagutu dugun eremutxoa.
Eta hemen hauetako apuntetxo batzuk:
· Newtown. Anzac zubia igaro eta beronen azpian hasten zen gure bidea. Urrutisamar, Fish Market usaintzen genuen bertatik. Sekulako itsaski aukera izate omen da bertan, kalitate onekoa gainera. Guk hala ere, leku honi ez diogu Getariako kofraiko usainik hartu, eta zuzenean Sydney Unibersity aldera joan gara Glebe eta Ultimo auzoak igurtziz.
Unibertsitateak sekulakoa zirudien, baina ikasletariko bakoitza puntual zihoan nonbait bere mahaitxora, eta ez gara bertan gelditu. Kings Street amaigabea jarraitu dugu Newtown auzoan bete betean sartu garen bitartean. Pertsonalki, Londongo Candem auzoaren zirriborro onenak gogoratu dizkit. Hiriko jende pijoagandik nahi gabe bereizten den jende makarra zazpi koloreko hamar tatuaje, bisera, kate eta guzti; lau tatoo & body piercing, arropa alternatibo dendak (gaur egungo estilora: kalabera, larrosa eta lentejuelen konbinazio politekin hauetariko batzuk)... Hala ere niretzat autentikoena bigarren eskuko liburu denda zahar kaotikoa (hondar eskukada hartu, ale bat gorriz margotu eta putz egitea da hauen estiloa. Beharra baduzu, bilatu), etxe zaharkituak kolore-bizi kapak petalo moduan galtzen, kale bazterretako yonkiak, lurreko pitzadurak, jantoki tailandes, txinatar eta japoniarretako usainak eta armiarma sareak izan dira. Hori bai, auzoa merkexeagoa da, eta itzuliko gara denbora gehiago dugunean.
· China Town. Munduko hiri handi garatu gehienetan bezala, hemen ere txinatarrek badute beren koloniatxoa. Egia esan, hiri osoan zehar jatorri ezberdinetako ekialde hurruneko jende andana ikus daiteke: Taiwan, Tailandia, Txina, Japon, Hego Korea... Batez ere Bussiness Districten. Gehienak bizitzan geldialdi bat egiten ari diren orain etorritako inmigranteak dira, beste asko bertan bizi dira, eta ugariak dira bertan jaiotakoak ere. Kontuak kontu, kale batean arku txinatarrak daudelako eta luminoso eta karteletan logografia txinatarreko ikurrak ikus daitezkelako ohartzen da bat China Townen dabilela. Hala ere, jatorri oriental guztietako jatetxeak daude hemen. Modu onean jaten da, eta azkar. Bestalde, Paddy´s Market famatua bertan dago. Ostegunetik igandera bitartean irekitzen dizkie ateak erosketa merkeak ehizatzera gerturatzen direnei. Meloi, mango, sandia, marrubi eta gerrikoak. Mandarina, letxuga, azenario, awakate eta linternak. Kandel, intzentzu, kamiseta, gurdi, betaurreko eta arrainak. Denetik eta merke erosi daiteke hemen, eta erregateak egite-zaleak direnek bizikleta eta kañeteak egiteko aukera ere izaten dute. Etxetik gertu dugu, eta sarri etorri ohi gara inguru honetara. Kontatuko ditut bertako kontuak.
· Darling Harbour. Bussiness District inguruan, ur bazterrean Olinpiaden sukarraren inguruan sortutako gunea. Oinak busti eta haizea hartzeko berez leku ederra dena, jendez gainezka eon ohi da. Aquarium, Maritime Museum eta koala, kanguro, talantula, eta abarrekin argazkia ateratzeko gunea dira honen arrazoia. Inguruan eseri eta kaleko artistak, showmanak, monorail trena, submarinoa, belaontzi zaharra eta aberatsen menuak ikus daitezke tupper bat ireki eta Paddy´s-en erositako fruta fresko ezinobea dastatzen den bitartean.
· Iparraldeko kosta. Manly, Dee Way, Avalon... Hondartzak, surfa eta sekulako etxeak. Jendez gainezka dauden kaleak eta erdi hutsik edo erdi beteta dauden hondartzak daude inguru hauetan. Ibilaldi politak egin ditugu inguru hauetan, pare bat bainu hartu ditugu nahiz eta uda oraindik urrun dagoen... Bale bat ere ikusi dugu! Harrigarria.
· Guretzako moduko lekuak. Egia esan ez daukagu dirua porron-porron gastatzeko gogorik. Eta hori sahiesteko moduak aurkitu ditugu. Jaki eta edariak merke erosteko lekuak, interneta debalde erabiltzeko lekua (State Library of New South Wales oso ondo dago), edateko lekua (kale ezberdinetan eseri izan gara garagardoa eskuan hartuta bertakoen parrandarako ohiturak aztertu eta tertulian jardute genuen bitartean)... Honek ere mamia du, eta izango dugu denbora sakonki kontatzeko.
Bitartean kabi baten bila ibili gara. Non bizi garen galdetzen diguten bitartean zerbait erantzun ahal izateko gela finko baten bila. Hala, Strand hostalean igarotako gauak Sydneyen asentatzeko lehen bi behatzak baziren, eta aste honetan zazpi gehiago jarri baditugu Australiako lurraren gainean, bi oinak jartzeko azkena falta genuen: gela egonkor bat. Topatu dugu!
kontxo kontxo kontxo!!australiadak ere tolosara iritxi dira.itxak txibatu dit eta hemen ainaiz zuen granhermanoa irakurtzen...
ReplyDeletehemen jada asi dia ta gran hermano, pekin expres ta pollada guztioik, ta zuena interesgarriagoa da..ajja
bueno ba ondosegi ta zaindu pareja
Aupa pareja!!! Peaso nauk!!! Eskumiñak Larretxo aldetik. Blog-a oso ona dek eee... benetan! Hemen asuntuak beti bezela segitzeik, ze kontaukoiu ba... Blog-a irakurri ta baba daiola geatzenauk. Buenoba hurrengo (txapada) arte jajaja!!!
ReplyDeleteIeup!ikusi dezaketenez dena primeran doakizue a ze enbidia zuek ere!kostau zait blog-a bilatzea baina azkenean lortu det!pozten naiz dena ain ondo joateaz!ementxe eukiko nauzue ordenadoreari itsatsita! ondo ondo pasa da eskuminak URRETXU da AMAIAN partez!muxu andi 1!
ReplyDeletebueno pareja ementxe nauk berriro zuen bizi berriko azken kapitulua irakurtzen.
ReplyDeletesesma idazteken bakoitzian ikiarrizko inbiriya emateyak, portzierto oi dek kapazidadia olako artikulu o narraziyo o denadelakuak idazteko.
Hasi al aiz surfa ikasten? ni gaur sartu nauk lenengo aldiz, katuak utzi ziak tabla jej ori dek pena eman gañea ura ya otza ziok.
ta maialen ai al gea inglesa pixkat ikasten? orrenbeste turismo indageo moldauko zea ez?jeje
bo eskuminak ta urrengo kapitulo arte!!
Apa pareja!!!
ReplyDeleteYa biajeruan resaka pasatzen aikoala pentsatzet ta asentatzen aizeatela... paraje earrak ikustiaz gain eguraldi ona daola emateu ta aprobetxau paradisu haiek ezautzeko!!!
Ei, irailak 30 Itzurunen bainaunaiz...Oindik zuen pare; baino azkenengua izangozala seguru; ta zuen kasuan hasi besteik etzeate in...
Zorte on ta besarkada eder ederra hemendik mattiak!!!