Debalde lortu genuen mapatxoa berriz heldu eta han abiatu gara, eta bidean honen inguruan pentsatzen egon naiz. Mapa. Hiria esku batean hartzeko modukoa. Nondik nora joaten den azaltzen duen bitartean distantzien balore erlatibo bat eskeintzen du. "B3 gunean nago eta A1 gunera noa. Orduan, B2ra iristea hainbeste kostatu bazait...". Baina harrigarria da entretenimenduak magnitudeak nola apurtzen dituen sentitzea. Zein azkar iristen den bat bere helmugara tartean The Domain eta Botanic Garden zeharkatzen dituenean!
The Domain delakoa, zelai zabal, zuhaitz sustraitsu, enbor zaintsu eta Hegaztien Orfeoi zoragarri batek jarritako soinu bandak osatutako zabalgune lasaigarria da. Auto ilarak, semaforoen koloreak, zebrabideetako marrak... denak ahazten dira hau gurutzatzen duen ibiltokian. Nahi gabe hasten da bat goruntz begira hostoak miresten besoak zabalduz nagiak ateratzen dituen bitartean. Euskal Herrian ohikoak ez diren txori lotsagabeak ere ia zapaltzen ditu nahigabean... Izenik ez dakigu, eta "loroa", "mokoluzea", "krestosoa", "txikiya" eta "ahata" deituko diegu oraingoz.
Eta begira zer aurkitu dugun bapatean! Belarra zapaldu, zuhaitzetara igo, picnicak txoriekin hitz egin baina jatekorik ez ematera gonbidatzen duen kartela! Sinpatikoa bezain berritzailea egin zaigu hemen parkeak zaintzeko duten modua. "Jendarteak eta naturak elkarbizitzeko beharrezko oreka mota ote da?".
Bestela harrigarria da parke hau. Hiriak dituen gune berde guztiak (eta asko dira) biztanleontzat oxigeno lasaigarria badira, hau morfina da. Gune batean Oihaneko liburua (El libro de la selva) istorioko pasarte batean sentitzen da bat landareen itzalpean dabilen bitartean. Arrosaz, fuksiaz, txuriaz eta morez margotutako loreek Txina gogorarazten dute beste batean. Aurrerago joan, eta "krestosoa" bezalako txoriekin jolasean hasi daiteke bat. Besoa zabaldu orduko "etorri hadi!" interpretatzen dutela dirudi, eta bertara igotzen dira harro harro.
Bitartean, txorien harro-ahotsak, uraren zarata, korrikalarien arnas-estuak eta jendearen irriparreak besterik ez dira entzuten. Ibilgailuak debekatuak daude (bizikletak ere bai, hemengo abiadurarako azkarregi dabiltzalako-edo), korrikalariak oinutsik dabiltzala dirudi, jendeak belarretan etzan eta isilik irakurtzen du, edo lo egiten du, edo jan, edo... ezer ez! Bertan egotea berez da ederra.
Eta horrela, itsasoaren bestaldera (Sydney iparraldera) begira dabilela bat, oharkabean iristen da Opera House famatura. Eta eraikuntza ederra da, polita, handia, forma erakargarri bezain modernoduna, jende ugari zegoen argazkiak ateratzen... Baina ez dit ukitu, gerturatu, miretsi edo antzeko ezertarako gogorik eman. Argazki, taza, toalla, poster, postal eta antzeko gehiegitan ikusi dudalako agian. Ezagutzen nuen gauza bakarra zelako bestela. Kontuak kontu, atera beharreko argazkiak atera dizkiogu, zigarro bat erre dugu eraikina miresteko modua(k) aztertzen gen(it)uen bitartean eta apur bat dokumentatu gara.
Sydney Opera House Jorn Utzon arkitektu daniarraren maisulana izan zen. Inspirazio iturrien inguruko hainbat teoria daude: laranja-atalak direla, barraskiloak ere hor nonbait, palmondo orrien eta maya tenpluen antza ere ba omen dute... Ni hala ere, tortoken festa sexualaren teoriarekin geratzen naiz.
Kontuak kontu, teilatua 67 metroko altuerara dago, eta azuleju suediarren 27 230 tona erabili zituzten hau estaltzeko (1 056 000 pieza alegia). Bere barnean lau auditorio nagusi ditu dantza, kontzertu, opera eta antzerkigintzarako; eta beste txikiago bat artista berrientzat. Sekulako akustika omen du (eskerrak! hainbeste baldosekin...) eta barnekaldeak bale baten sabelaren forma. Eta nire galdera... "Nor sartu da bale baten barrenera? Hura ez al zen Pinotxo?". Tontakeriak utzita, 40 milioi dolar gastatzen omen dira urtero organuaren 10 500 hodien mantenu lanetan.
Oinak indarberrituta, eta motxilak bizkarrean uzten duen marka desagertuta (bi hilabete t´erdi falta dira udarako eta 20ºC ditugu) Central Bussiness District ingurura abiatu gara. Hori bai; bidean Harbour Bridge famatuari begira pasatu dugu minutu bat. Gehienontzat argazki guztietan Opera Housen atzekaldean ageri den korapilo beltz bat besterik ez da, baina askoz gehiago dela ohartzen da bat hiria ezagututakoan. Pertxa Zaharra ere deitua, Sydney iparraldea eta hegoaldea lotzen ditu. 1932.urtean amaitu ziren 450-500 metro inguruko altuerako burnizko egitura erraldoi hau altxatzeko lanak, eta ordungo 20 milioi dolar ordaindu behar izan zituen hiriak (60 urte pasa zituen zorretan).
Bapatean, eguzki izpiak ez ziren guganaino iristen. Udaberriko haize freskoa somatu genuen gure udako arropen zuloetatik sartzen. Hotzikara sentitu dugu goruntz begiratu eta 50, 80, 100 edo 10000000 solairuko dorreen sabaia bilatu nahian genbiltzan bitartean. Lehen somatu dugun lasaitasuna han geratu da. Oraingoan, garatutako edozein lurraldetako hiri ultrakomertzial batean bihotzean gaude. Hala ere, esan beharra dago honen taupadak ez zaizkigula hain bizkorrak iruditu. Ez du takikardiarik probokatzen.
Baina bai, dendak dira. Denden ondoan mota guztietako fast foodak. Ondoan banketxeak, korbatak, zapatak, eskaleak lurrean, taxiak, autobusak, klaxon otsak, bizikletak, garajezulo erraldoietarako sarrerak... Oinezkoen semaforo gorri bakoitzak manifestaldi baten konbokatoria dirudi. Eta kontuz! Ezinezkoa da hemengo zebrabide bat (nahiz eta zuri-beltzezko marrarik ez duten) berdean gurutzatzea. Korrika eginda ere, dardarka dabilen gorri koloreak esango dizu "hemen horrela egiten da".
Azkenean, jet lag madarikatua oraindik motxilan daramagula ohartu gara, eta hosteleko bidea hartu behar izan dugu. Ea biharkoan zer gertatzen den...
jejej guapo.
ReplyDeleteTa ez altzeate animatzen zubi gora juten?
ustet al dala igo!
paseotxo polita, dudarik gabe!!
ReplyDeletebaño... ez al zeate Hondar Ekaitzan azpian ito?? hiria gorri gorri inda ikusi det!
http://www.boston.com/bigpicture/2009/09/dust_storm_in_australia.html
Eztek hainbesteako izan! Mediotan esageratu in duela ustedet.
ReplyDeleteEkaitzan zati gogorrena gauez izan huan, ta ni Maiak esnau ta txixa iteko jeiki nindualako bakarrik enterau ninduan. Zer huan? Ni puta idea. Zerua gorri-gorri...
Gero goizian oaindik zeruan hondar-hauts puta hori zitxon. Kaletik ibiltzia fundiziyuan ibiltzia bezela huan. Jendia maskarakin ta ola... baña ez huan hainbesteako.
Arratsaldeako ya hauts o mierda dana lurrea erori huan, ta kitto. Segituan antzemate huan zein eseri huan nunbaiten... jaja
Baña lasai e? Hondar Ekaitzan azpian lo earki itek eta!
Ta Xabi: hiria gehiago gorritzeko igual filtron bat ibili dute...
ondo ondo, hiriyak beintzat oso politta emateik.
ReplyDeletebakik mediotan nola flipatzeyen gauza gustiyakin, alare wapua izan ber dik zerua gorri gorri ikustia. pss emen eztek olako ezer gertatzen!!!
Ei! zemuz zabiltzate? ya instalauta? ikusiet bai diariyo earra iten ai zeatela...dana ondo ordun? ta inglesakin zemuz?
ReplyDeletegu hemen beti bezela, sin novedades egiya esan.
oain bakit behintzat zuen berri jakiteko nun beirau!
muxu pilla biyoi ta zaitu!
Eeii!!! ondo zabiltzete ordun¿? zuek betire hau aktualizau,, guk zuen berri jakiteko ok¿?
ReplyDeleteEskumiñek eta muxu haundi bana biyoi!!
iran