2009/09/22

Jet Lag


Deportistengan hitz ezaguna, inoiz baino gehiago pairatu dugu. Kontinente berria, ordutegi berria... Eta batere ezagutzen ez dugun hiri erraldoi bat. 4.500.000 biztanle erroldatuta (bi bider Euskal Herri osoa) eta erroldatu gabeko beste milaka.

Lotarako erreserbatutako lekurik ez, eta aterpe seguru bila sartu gara http://hostelworld.com helbidean. Irlanda, Eskozia eta beste hainbat lekutan emaitza onak eman dizkigu, eta hemen ere hiri erdian hostel txukun bat aurkitzen lagundu digu. Bertara joan, rezepzionistari erregate txiki bat egin eta bi gauerako gela bikoitza lortu dugu prezio erdian (20$ bakoitzak; 14€ inguru). Sydney izateko ondo dago. Janaria, lotarako lekua, garraiobide publikoak... Berehala ohartzen da bat orokorrean garestia den leku batean dabilela.


Esan beharra dago bidean kontu batek harritu gaituela: jendearen laguntzeko beharra. Eskatu gabe laguntza eskeintzeko joera erakutsi dute aussy batzuek. Maletekin ikusi, eta hostalak non dauden azaltzera eskeini zaizkigun amonak, tren ordutegiek nola funtzionatzen duten argitu diguten gazteak... Ezer galdetu gabe!



Hostaletik aireportuan hartutako mapatxoarekin abiatu gara. Oraindik 11.00 AM dira eta bi ordu eskas daramatzagu Australiako hiri handienean (hiriburu administratiboa Canberra da 300.000 biztanle pasatxorekin). Atearen eskuinetara Kings Cross auzo ezaguna dugu, parean Botanic Gardens eta Opera House-Harbour Bridge inguru famatua, ezkerretara Bussiness Centre zerua igurtziz dantzan dabiltzan eraikinez beteta... Eta eskuinetara jo dugu kafetxo bat hartzeko asmoz.


Kings Cross. Garai batean putaz eta juergazale desfasatuz jositako auzo entzutetsua. "Garbitzeko" intentzioz polizia eta New South Wales estatuko gobernuak hainbat kolpe eman ditu: kalean alkola 2011.urterarte edatea debekatu, txakurrekin buelta batzuk eman drugdealers batzuk eta hauen bezeroak harrapatzeko... Egia esan, hasiera batean ez dirudi aparteko ezer: kafetegiak, internet-gelak, disco-ak, hostel batzuk... Coco Cubano kafetegian sartu gara, edaria eskatu eta mahaia hautatzerakoan puro kaxa bat eman digute. Ondo hornitu dute. Bezeroa irentsiz lo egin eta kafea hozten uztera gonbidatzen duten sofa handiak, bost erpindun izar gorriak, plantilla batekin margotutako Che Guevara aupegiak, iraultzaren "aldeko" esaldiak (do your revolution, fight for what you want, bla,bla.). Jende jatorra da barraren beste aldekoa eta interneta doakoa.



Leihotik kalera begiratu eta lurreko baldosa artean "Gilmore lived at No.99 from 1933 until her death in 1962 at 92 years of age" irakurri dut. Kuriositatez, eserita nengoen lekutik kobre koloreko beste baldosa batean jartzen zuena irakurtzen saiatu naiz. Dame Mary Gilmore... zortzi hanka. Dame Mary Gilmore, radical thin... Lau zapata marroi, bi beltz eta sandaliak. Radical thinker, writer of poe... Beste dozena pare baten interferentziak. Eta azkenean: "Dame Mary Gilmore, radical thinker, writer of poetry and prose, journalist". Nonbait emakume hau ez zen edonor!


Aitzaki ederra iruditu zait zigarrotxo bat liatu (eta kanpoan erre, Australiako lokaletan ere ezin baita), kalean kuxkuxeatu eta berari buruzko baldosa gehiago irakurtzeko. Tamalez, bakarra topatu dut: "votes for women, better deal for aboriginal people". Kuriosoa iruditu zait ingelesen kolonia erraldoi honetan aurkiturikoa. Aborigenen eta emakumearen ongizatearen alde egiten zuen emakume erradikal bati omenalditxoa... Ez da oso ohikoa izaten. Eta beno, pare bat aldiz erretzen ari nintzena porro bat zela ukatu, azkenik nire zigarrotxoa erre, gauzak jaso eta hostalera joan gara. Burua, gorputza eta erlojua ez doaz bat, eta akordio bat erditzera. Hala ere, Kings Cross inguru hau ohetik gertu dagoenez iluntzean (18.30ean eguzki arrastorik ez) itzultzea erabaki dugu.


Auzoak fama irabazia duela ikusi dugu; itxura apur bat apaintzea bakarrik lortu dela. Argi arrosa, gorria eta laranja dira nagusi. Gazteak juergan dabiltza traje, korbata, takoi eta ileapaindegiko faktura oraindik poltsikoan gordeta. Helduagoak, bizardunak hauek, biseran oraindik lurreko kolillak itsatsita dituzte, eta loreak botatzen ari dira parean jartzen zaien edozein neskari. A ez, barkatu; bakarrizketan ari dira. Bitartean, jendea bragetak estutuz irteten da ateetatik, gona motzeko neskak beren melenak lau haizeetara zabaltzen ari dira poltsikoan oraindik 60$ baino gehiago dituen norbaiten besoetan noiz eroriko... SHOWGIRLS, ADULTS ONLY, PORKY´S, BACKPACKERS, FASTFOOD, KEBAP...Dena harmonia da. Ez dago deigarria den ezer; kuskuseatzen dabiltzan bi gazte baino.



Orain, Gilmoreren baldosak takoien eztenkadak jasotzen ari dira. Kalean zehar Roast beef with 1 free soft drink eta beste hainbat negozioren baldosak ikusi ditugu. Gilmoreren omenalditxokoen berdin-berdinak. Oso gustora genbiltzan, baina nekatu egin gara. Lehenengo egun hau itzaliz, bagoaz ohera. Baldosek gu zapaldu baino lehen...


4 comments:

  1. Bueno eztezue gauza gutxi in lenengo egunian, nik pentzatzenin jet lag-ak nahiko txoatuta ta nekauta utzitze ziala. Munduan bestaldea bizitzea jutiak sortzen diken zirrarak dana sendatzen dik, ez? kar kar.

    ReplyDelete
  2. jejeje egun guapua no? ta ze kurioso emakume horrei hindako omenajia.

    bea ondo segi bikote!

    urru

    ReplyDelete
  3. aber asmau diaten blog-a tien

    ReplyDelete
  4. Aix...kebap-a harare aiatu alda?
    Opera House Olimpiadetan ikustezan bezain politta da?? Aber barrura sartzeko aukerik izaten dezuen!!!
    Muxux!!!

    ReplyDelete