2010/03/03

Santa Claus hondartzan


Gabonak iritsi aurretik itzuli ginen Sydneyra. Urtarrila bitarteko etenaldian zegoen Maialenen ikastaroa, eta eten beharreko langabezian geunden biak ala biak. Zeregin garrantzitsu bat edo beste bagenuen beraz, baina egun erdi-ero 'berezi' hauetan egunerokotasunera bideko erorketa motel bat aurrikusten genuen.


Elur malutik gabe halako sentsaziorik sortu ez ziguten gabonak ziren protagonista beraz bolada honetan. Beso gabeko eta ehun finetako kamisetek hartua zuten jaka lodi berrien erakusketaren lekua. "Opari-eskatzeko oinetako dizdiratsuen lekuan txankletak jarriko ote dituzte?" ohotu zitzaidan. Ahotik lurruna isurtzen zuenik ere ez genuen topatu; ez eta pinu edo eukaliptorik ere denda hornituen parean. Gezurrezko zuhaitz erraldoi pare bat besterik ez. Eta zer egiten zuten panorama honen erdian Santa Claus, Bizarzuri edo direna direlako haiek?


Bazter guztietan ikus zitezken panpinak; eta jendeak sekulako ohitura du eguna joan eta eguna etorri txano gorri ponpoidun ridikuluak jantzita ibiltzeko... Hala ere irudi bat geratu zitzaidan begi-ninian: errepide bazterretako Santa Claus ibiltari publizitarioak. Beroaren beroz ikasita daude, eta autobus geltokien itzalpean ezkutatzen dira. Jaka erantzi, manga motzeko niki zuria jantzi eta praka zein txapel gorria besterik ez dute ibiltzen noizean behin bizar zuriaren azpian ezkutatzen diren indiarrek. Ez dakit zergatik, baina lanpostu hau berezkoaren antzik ez zuten hauek betetzen zuten nagusiki...



Giro ezberdina


Kontuak kontu, ez familiarik; ez hango barraskilo, arkume edo bixigu-janik; ez lagunarteko polboroiz bustitako parrandarik; ez hotzik... Gabon zelebreak izan ziren gureak eta gu bezala beste hainbatenak. Bidaiari eta inmigrante ugari dago Sydneyn. Familia milaka kilometrotara duen jende asko. Egun hauetako hutsunea betetzeko lankideekin edo lagunekin elkartzen den pertsona andana.


Gorka eta Wendyren gonbitea jaso, eta hauen etxean ospatu genuen gabon gaua (abenduak 24) bigarrenaren senide batzuekin. Eguzkiak ihes egin aurretik hasi ginen jaten. Ostrak, kroketak, zerrikumea, champagne apur bat... Tertulian gustura aritu ginen. Kanturik ez. Azkenean, hiriaren geldotasuna ikusita errepide hutsetan zehar bizikletan egin genuen etxerako bidea.


'Eguberri eguna' bezala ezagutua ere ez zen batere berezia izan guretzat. Jai genuen ostiral buruzuri alfer euritsu bat besterik ez. Berdin gertatu zen hilaren 26an ere. Hemen Boxing Day ospatzen da, eta ez du zerikusirik boxeoarekin; opari-kaxak irekitakoan jasotakoarekin gozatzearekin baizik.



Urtea uretan hastea


Urtezaharretakoa izan zen guretzat gabonetako egunik onena. Mundu osoan hain ezagunak diren su artifizial ezagunen zatitxo bat ikusi eta milioi inguru pertsonen artean itotzetik ihes egin genuen. Egun oso batean leku on batean kokatu eta bi metroko garaiera izan ezean zaila omen da ezer ikustea; eta ez genuen egun hau hosto-tarteko zerbaiti begira igaro nahi.


Hamar lagun elkartu ginen Micaelaren etxean afai-merienda baten inguruan. Aitor, Miren eta Maialen azpeitiarrak, Imanol azkoitiarra, Gorka gasteiztarra, Wendy, Micaela eta beste bi australiar, eta nire arteko giroa ederra izan zen mahaian geunden bitartean. Baina festa La Perousse (Sydney hegoaldea) inguruko hondartza batetan zen izatekoa, eta taxi pare batean joan ginen gehienak...


DJ, malabarista, sutondo eta guzti ederra zen festa klandestino hura. Gonbitea ahoz-aho luzatzen den horietarikoa. Eguraldiak eta jende kopuru ez-gehiegizkoak ere lagundu zuten, eta gustura ibili ginen. Ederrena? Gaueko lauak inguruan gozatutako bainu epela.


No comments:

Post a Comment