2010/03/03

Mugak ixteko daude bisak


Esan bezala, kontu garrantzitsu pare bat konpondu beharra genuen ahal bezain laster. Bisarena zen horietariko bat.



Espainiar pasaportitisa


Euskal Herritar batzuk pairatzen dugun hau, sentimenduen mailatik kategoria praktikora pasatzen den gaixotasuna da Australiara gatozenean.


Dirudienez duela urte batzuk hemen izandako estafa-lapurreta batean dago Espainia eta Australiaren arteko harreman ez-onaren jatorria. Tranpatan diru mordo bat egin ostean Mallorca inguruan ezkutatu omen zen hemengo gizonezko bat. Australiak honen estraditazioa eskatu omen zion espainiar Estatuko gobernuari, baina onek ekarritako diruaren onurak ikusita ukatu egin omen zen eskakizuna. Gobernu hauen harremanak eskastu egin ziren orduan.


Ondorioz, espainiar pasaportea eraman behar dugunok ez ditugu Europako herrialde gehienetan, Asiako hainbat lurraldetan, Ipar Amerikan edo Txilen dituzten abantailak; Working Holiday Visa kasu. Bisa hau daramatenek errez lortzen dute hona oporretara etortzeko baimena; eta gainera, dirua egin nahi izanez gero Tax File Number (irabazitako dolarrak deklaratzeko zenbakia) delakoa dute lana legalki egiteko. Hori gutxi, eta fruta-biltzen hiru hilabetez jardunez gero bigarren urte baterako luzatzen zaie bisa.


Gaur egun beraz, espainiar pasaportea dugunok hiru bisa nagusi ditugu: langileena (sponsorship bidez lortzen dena; lortzeko konplexua), ikasleena eta turistena (3 edo 6 hilabetekoa).



Adibide gordin bat


Koadrila bereko bi mutili Australiara etortzea bururatzen zaie. Herrialdea ezagutu, lana apur bat egin diruak gehiago irauteko, sobratuz gero Asiara pasa... Bat Hendaian jaioa da ordea (frantziar pasaportearekin), eta Irundarra bestea. Lehenengoak guztia errez egiteko aukera izango du; lana legalki eta nahi duenean egin, bi urtez jarraian mugatatik irten beharrik izan gabe... Laguna aldiz, hiru edo sei hilabetez behin kanpora irten beharrean izango da bisa berritzeko, ikasle bisa batekin ikasten ari ez bada behintzat. Ikasten ari bada (oso garestia dena), legalki egin ahal izango du lana (astean 20 ordu) baina klaseen %80etara joan beharko du derrigorrez. Ikasten ez badu aldiz, lana ilegalki egin beharrean aurkituko da, eta harrapatuz gero etxera bidaliko dute!



Aavalongo koloniatxo euskalduna


Beraz, bidaiatzera etorri eta lan egin nahi duenak (klasera joan beharrik gabe) ilegalki egin ahal izango du, eta Aavalon (Sydneyren iparraldeko kostan hiritik autobusez 80 minutura dagoen herriska) da euskaldunon artean honetarako leku ezaguna. Bertako ostatu bakarra garesti ordaintzen da, baina lana egiteko zerrenda batetan izena idazteko aukera dago. Zerrendako postuen arabera lorazain, igeltsari edo etxe-garbitzaile postuak eskeini ohi dira (ondo ordainduta) ilegalki egiteko. Cash in hand!


Surfa maite dutenentzat aukera ona da beraz, eta hainbat euskalherritar elkartu ohi da bertan.


Hirian ere topatu ohi dira ilegalki egiteko moduko lanpostuak. Hala ere, esan beharra dago apurka-apurka estutzen ari direla hauen eremuak...



De facto bikoteen bisa


Panorama honen aurrean, inongo enbaxadatan jakinarazi ez eta lagun batzuk kontatu ziguten zerbait egin genuen. Maialen hilabete batzuez ingelera ikastekoa zen, eta nik ez nuen nahi klasetara joan baina bai lan egin Sydneyn egon behar nuen bitartean. Biok hainbat urte daramatzagu elkarrekin. Eta konponbidea?


Bikoteentzako ikasle bisa bat. Berak bost hilabetez ikasi behar zuenez, seigarren hilabetea oparitu ziguten 'oporretarako'. Bitartean, Maiak klasetara joan beharra dauka (astean behin besterik ezin du huts egin). Biok dugu legalki 20 orduz lan egiteko aukera; eta bera oporretan dagoenean 40 orduz. Hala ere, garrantzitsuena Tax File Number delakoaren jabe izatea da. Horrekin jardunaldi osoko lana ere errez topa daiteke...


Hori bai. Elkarrekin irekitako kontuaren agiria, familiekin ateratako hainbat argazki, hainbat eta hainbat erreserba (hegaldietakoak, ostatuetakoak, trenetakoak, etab.)... Denetik erakutsi behar izan genuen inmigrazio bulegoan 'de facto' bikotea ginela erakusteko!! Gutxienez, sinestu zuten, eta eskerrak!


Tramite luze batzuen ondoren lortu genuen beraz lana errazago topatu ahal izateko bidea... Ez da merkea hemen liburuxka granate puta hori eramatea!


1 comment: