Hasteko, gogoratu irudien tartako apur batzuk bakarrik ditudala hemen jartzeko moduan... Egun batean norbaitek nahi izanez gero, eskatu besterik ez du...
6.eguna: Ross > Greymouth > Arthur Pass > Akaroa > Little River (465km)
Beti bezain goiz jeiki, gure furgoneta zaharra martxan jarri eta iparralderuntz jarraitu genuen Greymouth "hirira" iritsi arte. "Hiria" diot bai, mendebaldeko errepide honetako herri nagusia izan arren Zumaia baino txikiagoa delako; 8 000 biztanle inguru. Pentsa nolakoak ziren beste herri guztiak...
Bertako kaleetan zehar bizpahiru buelta eman eta gugan oso ezohikoa den zerbait egin genuen: turismo bulegora sartu. Zertarako? Supermerkatua non zegoen jakiteko! jajaja (alegia, kar, kar) Beraz, furgonetako armairu guztiak jaki eta edariez bete, eta irla gurutzatzen hasi ginen.
Mendebaldeko errepide bakar hontatik ekialdera joateko bi bide nagusi bakarrik daude gaur egun. Wanaka eta Haast bidean egin genuena alde batetik, eta Arthur Pass mendartean zeharrekoa bestetik. Bigarren hau zegokigun oraingoan.
Arthur Passe inguruko bailaratxo bat
Urtean zehar eskiatzeko pistetako elurrezko mahai-zapian mahai lanak egiten ditu ingurune honek. Zuhaitz gutxiagoko lur garaiez ari gara beraz. Zingira baketsuak, margo zuriak bakarrik zapaltzen zituzten errepideak... Konturatzeko Arthur Pass erdigunean geunden eguerdirako.
Seinalez jositako ibilbideak, hotel bat, turista batzuk eta kea lotsagabeak zeuden han. Eta bai lotsagabeak ere! Beheko argazkikoa da honen irudikapen garbiena. Auto barnean bazkaltzen hasi zen turista familia asiar bat. Hauek zer egiten ikusi orduko inguratu zen bereziki babestutako hegazti mota hontako kuadrila bat eta kotxea biziki inguratu zuten! Nonahi ikus daitezke hauei jaten ez emateko eskatzen duten seinaleak, baina hauek gaizki ohituak nonbait, zerbait jaso zain jarri ziren autoaren gainkaldean. Ezer ematen ez zietela ikusi, eta motor gainean ere jarri zen beste bat... Familiak, izututa, klaxona jotzeari ekin zion; baina ez alperrik! Hauek harrotzea besterik ez zuten lortu...
Gauez kiwi (hego gabeko hegaztitxoa, Zelanda Berriko ikono nagusia) kantuak izaten omen dira hemen entzungai, baina oraindik goiz zen eta guk aurrera jarraitzea erabaki genuen. Familia gaisoak han jarraitzen zuen (literalki) keak gainetik kendu ezinda...
Keak ziren Arthur Passeko aparkalekuko jaun eta jabe
Lehendik ere ezagutzen genuen Christchurch hiriko bidean gindoazen beraz, aurrera eta aitzinera errepidean begiradek bi aldeetara ihes egiten ziguten bitartean... Azkenean hiri hau igurtzi eta Banks penintsulara joan ginen zuzenean (hurrengo egunean furgonetatxoa itzultzera joan behar genuen hona).
Euskal Herriaren antzeko parajeak ziren hemengoak. Trafikoko zeinu horiengatik ez balitz Elorriaga inguruan gidatzen nuela pentsatuko nuke... Eta honetan genbintzala urertzean zegoen Akaroa izeneko herritxo irtirin batera iritsi ginen. Gure harridurarako koloniatxo frantziar ohi bat zen! Hala zirudien behintzat. Edonon irakur zitezken oilarren erako kartelak...
Inguru honetan dohan eta legalki lo egitea ezinezkoa zen ordea, eta atzerabideari ekin behar izan genion... Oraingoan ordea beste nonbaitetik gindoazen, eta Little River izeneko eremu batera iritsi ginen. Ezkerretara begiratu eta atsedengune kuttun horietako bat ikusi genuen laku moduko itsasertz batean eta han gelditu ginen.
18.00 inguru, sekulako eguraldia, uretan antzar, ubarroi eta ahateak, lehorrean gure furgonetatxoa zelai baten erdian, Speight´s garagardotxoak eskuan... Ezin hobeto amaitu zen eguna!
7.eguna: Little River > Christchurch (53km)
Arratsaldean itzuli behar genuen gure ibilgailua eta presarik ez beraz. Gure oasitxoan lasai-lasai egon eta eguerdian abiatu ginen Christchurchera (Zelanda Berriko hegoaldeko irlako hiri nagusienetarikoa). Gaua pasatzeko ostatua topatu eta Tui Campers garajera beraz. Eta han nor topatuko eta egun batzuk lehenago handik ehundaka kilometrotara ezagututako Leyland aitona australiarra! Hau kasualitatea.
Ezin sinetsita kontu-kontari egon ginen, berriz ere bere etxera joan behar genuela gogorarazi zigun... "Hau destinua da, eta joan beharko!" pentsatu genuen agurtu genuenean.
Hiriaren erdigunera iritsi ginen, gure maletak utzi eta oinez ibili ginen bertako kaleetan. Eta hango parke batean topatu genuen handik ordu batzuetara berriz! Sinesgaitza. Ikusitakoak ikusita, "geroarte" esan eta bikote bakoitza bere bidetik joan zen...
Afaldu eta berehala ilundu zen eguna, eta eskote, alkondara eta oihuz jantzitako disco-pub batera joan ordez (honelakoak ziren gehienak) ondoan zegoen irlandar batera joatea pentsatu genuen. Zerbitzariak eta gu bakarrik ginen han eseri ginenean, baina laster agertu ziren bi gazte gitarra bana eskuan hartuta...
Country kontzertu pribatua izan genuen orduerdi batez, jendea (gehienez ere 16 izan ziren) inguratu zen arte. Atsedenaldi bat egin zuten, eta gugana etorri ziren Sam eta Eric. Lehenengoa bertakoa zen. John Mayallen zaletu sutsua, kitarrarein erritmoa jartzen zuen ahots sendo zoragarri batekin abesten zuen bitartean. Hori gutxi eta, harmonikarekin egonaldia alaitu zidan... Eric berriz bertan 5 urte zeramatzan Txinatar fenomeno bat zen. Benetan diot sekula horrelako gitarristarik ikus-entzun ez nuela diodanean.
Hauek lanera itzuli zirenean kantu bat dedikatu ziguten, beranduago beste kiwi bat eseri zen "gure" mahaiean hitz egiteko...
8.eguna: Christchurch > Kaikoura > Blenheim > Randwick > Nelson > Ruby Bay (480km)
Relocationa eginaz Christchurchen hartu eta Auckland hiriburuan utzi behar genuen furgoneta jasotzea izan zen egin genuen lehenengo gauza. Egunean dolar bakarra ordaindu eta beharrezko lekuan behar bezala uztean datza... Eta gure harridurarako 7 metroko luzera eta 3.5 metroko altuerako ibilgailu berri-berri bat utzi ziguten (25.000km besterik ez).
Gure esku utzi zuten kamioia eta Maialen
Parretxoaz abiatu ginen uhartearen iparralderantz... Zuzenean Kaikoura herriraino. Baleak ikusteko eskeintzen dituen irteerengatik da ezaguna herri hau, baina asko ordaindu eta itsasoan lau ordu igaro ondoren zorte asko eta bista ona behar omen da, eta eskura genituen foken ondoan geratzea erabaki genuen. Argazkiek nahikoa diote...
Harro zegoen foka honek ez zuen ez, ihes egin
Foka eta kumea goxo-goxo lotan
Herritxo honek bestela ere eskeintzen zituen paisaiez gozatu genuen ordu batzuez, eta apurka iparraldera jarraitzea pentsatu genuen. Ehun kilometro baino gehiago egin genituen herririk ikusi gabe. Bidean Zumaia-Zarautz errepide moduko bat "a lo bestia". Eskuinetara mendi ederrak, eskuinetara pinguino eta fokak itsasbazterrean, tartean pelikuletakoa zirudien trenbide bat... Hondartzak, hondartzak eta haitzak. Eta etxerik ez! Zoragarria.
Lasai-lasai gerturatu ziteken fokengana...
Kostatik urrundu eta Blenheim eta zeharkatu genuen iparraldeko kostan zegoen Nelson hirira bidean. Bigarren honekin ere "pasa" egin (itzuleran ere derrigorrez pasa beharreko bidea zen) eta Ruby Bay inguruan gelditu ginen. Bi uharteen arteko padura bati begira zegoen kanpin antzeko bat zen aukeratu genuen lekua. Ikuspegi ederrak, lasaitasuna... Eta Abel Tasman National Parketik gertu.
Kosta eta menditzarrak elkarren ondoan, Kaikoura inguruan
aupa bikote!!! zemouz dijua dana?
ReplyDeletejoe esan berra dao gure herriko parajiak e earrak diala, baina argazki hauetan ikuste dianak pfff mundialak!!!1 jaj
bea ondo izan!! besarkada bat..
hi sesma! gardenen lan ta lan o?
ReplyDeletegutzat denboaik gabe!
hemen dena ondo, betiko martxan...ta hmn sartze naizn bakoitzen noabaitea alde iteko gogoakin...
esperoet dna ondo jutea ta zuen berrin zai geatze naiz...
nere barruko sentimendua adierazten dun filosofo ezagun baten esaldi batekin agurtze naiz:
"munduai su eman ta frantzia alde ingoit!"
Epa seƱores!!!!!!
ReplyDeleteIkusteiat, oso agobiauta bizi zeatela, jejejeje.
Nahikonike hor eon, unira jun berrian.
Zemouz dijuan biajia? Bertan bizitzen geatzeko asmoik?
Ondo Segi!!!!