2010/01/11

Kia Ora (III)


Hasteko, gogoratu irudien tartako apur batzuk bakarrik ditudala hemen jartzeko moduan... Egun batean norbaitek nahi izanez gero, eskatu besterik ez du...


6.eguna: Ross > Greymouth > Arthur Pass > Akaroa > Little River (465km)

Beti bezain goiz jeiki, gure furgoneta zaharra martxan jarri eta iparralderuntz jarraitu genuen Greymouth "hirira" iritsi arte. "Hiria" diot bai, mendebaldeko errepide honetako herri nagusia izan arren Zumaia baino txikiagoa delako; 8 000 biztanle inguru. Pentsa nolakoak ziren beste herri guztiak...

Bertako kaleetan zehar bizpahiru buelta eman eta gugan oso ezohikoa den zerbait egin genuen: turismo bulegora sartu. Zertarako? Supermerkatua non zegoen jakiteko! jajaja (alegia, kar, kar) Beraz, furgonetako armairu guztiak jaki eta edariez bete, eta irla gurutzatzen hasi ginen.

Mendebaldeko errepide bakar hontatik ekialdera joateko bi bide nagusi bakarrik daude gaur egun. Wanaka eta Haast bidean egin genuena alde batetik, eta Arthur Pass mendartean zeharrekoa bestetik. Bigarren hau zegokigun oraingoan.

Arthur Passe inguruko bailaratxo bat


Urtean zehar eskiatzeko pistetako elurrezko mahai-zapian mahai lanak egiten ditu ingurune honek. Zuhaitz gutxiagoko lur garaiez ari gara beraz. Zingira baketsuak, margo zuriak bakarrik zapaltzen zituzten errepideak... Konturatzeko Arthur Pass erdigunean geunden eguerdirako.

Seinalez jositako ibilbideak, hotel bat, turista batzuk eta kea lotsagabeak zeuden han. Eta bai lotsagabeak ere! Beheko argazkikoa da honen irudikapen garbiena. Auto barnean bazkaltzen hasi zen turista familia asiar bat. Hauek zer egiten ikusi orduko inguratu zen bereziki babestutako hegazti mota hontako kuadrila bat eta kotxea biziki inguratu zuten! Nonahi ikus daitezke hauei jaten ez emateko eskatzen duten seinaleak, baina hauek gaizki ohituak nonbait, zerbait jaso zain jarri ziren autoaren gainkaldean. Ezer ematen ez zietela ikusi, eta motor gainean ere jarri zen beste bat... Familiak, izututa, klaxona jotzeari ekin zion; baina ez alperrik! Hauek harrotzea besterik ez zuten lortu...

Gauez kiwi (hego gabeko hegaztitxoa, Zelanda Berriko ikono nagusia) kantuak izaten omen dira hemen entzungai, baina oraindik goiz zen eta guk aurrera jarraitzea erabaki genuen. Familia gaisoak han jarraitzen zuen (literalki) keak gainetik kendu ezinda...

Keak ziren Arthur Passeko aparkalekuko jaun eta jabe

Lehendik ere ezagutzen genuen Christchurch hiriko bidean gindoazen beraz, aurrera eta aitzinera errepidean begiradek bi aldeetara ihes egiten ziguten bitartean... Azkenean hiri hau igurtzi eta Banks penintsulara joan ginen zuzenean (hurrengo egunean furgonetatxoa itzultzera joan behar genuen hona).

Euskal Herriaren antzeko parajeak ziren hemengoak. Trafikoko zeinu horiengatik ez balitz Elorriaga inguruan gidatzen nuela pentsatuko nuke... Eta honetan genbintzala urertzean zegoen Akaroa izeneko herritxo irtirin batera iritsi ginen. Gure harridurarako koloniatxo frantziar ohi bat zen! Hala zirudien behintzat. Edonon irakur zitezken oilarren erako kartelak...

Inguru honetan dohan eta legalki lo egitea ezinezkoa zen ordea, eta atzerabideari ekin behar izan genion... Oraingoan ordea beste nonbaitetik gindoazen, eta Little River izeneko eremu batera iritsi ginen. Ezkerretara begiratu eta atsedengune kuttun horietako bat ikusi genuen laku moduko itsasertz batean eta han gelditu ginen.

18.00 inguru, sekulako eguraldia, uretan antzar, ubarroi eta ahateak, lehorrean gure furgonetatxoa zelai baten erdian, Speight´s garagardotxoak eskuan... Ezin hobeto amaitu zen eguna!


7.eguna: Little River > Christchurch (53km)

Arratsaldean itzuli behar genuen gure ibilgailua eta presarik ez beraz. Gure oasitxoan lasai-lasai egon eta eguerdian abiatu ginen Christchurchera (Zelanda Berriko hegoaldeko irlako hiri nagusienetarikoa). Gaua pasatzeko ostatua topatu eta Tui Campers garajera beraz. Eta han nor topatuko eta egun batzuk lehenago handik ehundaka kilometrotara ezagututako Leyland aitona australiarra! Hau kasualitatea.

Ezin sinetsita kontu-kontari egon ginen, berriz ere bere etxera joan behar genuela gogorarazi zigun... "Hau destinua da, eta joan beharko!" pentsatu genuen agurtu genuenean.

Hiriaren erdigunera iritsi ginen, gure maletak utzi eta oinez ibili ginen bertako kaleetan. Eta hango parke batean topatu genuen handik ordu batzuetara berriz! Sinesgaitza. Ikusitakoak ikusita, "geroarte" esan eta bikote bakoitza bere bidetik joan zen...

Afaldu eta berehala ilundu zen eguna, eta eskote, alkondara eta oihuz jantzitako disco-pub batera joan ordez (honelakoak ziren gehienak) ondoan zegoen irlandar batera joatea pentsatu genuen. Zerbitzariak eta gu bakarrik ginen han eseri ginenean, baina laster agertu ziren bi gazte gitarra bana eskuan hartuta...

Country kontzertu pribatua izan genuen orduerdi batez, jendea (gehienez ere 16 izan ziren) inguratu zen arte. Atsedenaldi bat egin zuten, eta gugana etorri ziren Sam eta Eric. Lehenengoa bertakoa zen. John Mayallen zaletu sutsua, kitarrarein erritmoa jartzen zuen ahots sendo zoragarri batekin abesten zuen bitartean. Hori gutxi eta, harmonikarekin egonaldia alaitu zidan... Eric berriz bertan 5 urte zeramatzan Txinatar fenomeno bat zen. Benetan diot sekula horrelako gitarristarik ikus-entzun ez nuela diodanean.

Hauek lanera itzuli zirenean kantu bat dedikatu ziguten, beranduago beste kiwi bat eseri zen "gure" mahaiean hitz egiteko...


8.eguna: Christchurch > Kaikoura > Blenheim > Randwick > Nelson > Ruby Bay (480km)

Relocationa eginaz Christchurchen hartu eta Auckland hiriburuan utzi behar genuen furgoneta jasotzea izan zen egin genuen lehenengo gauza. Egunean dolar bakarra ordaindu eta beharrezko lekuan behar bezala uztean datza... Eta gure harridurarako 7 metroko luzera eta 3.5 metroko altuerako ibilgailu berri-berri bat utzi ziguten (25.000km besterik ez).

Gure esku utzi zuten kamioia eta Maialen

Parretxoaz abiatu ginen uhartearen iparralderantz... Zuzenean Kaikoura herriraino. Baleak ikusteko eskeintzen dituen irteerengatik da ezaguna herri hau, baina asko ordaindu eta itsasoan lau ordu igaro ondoren zorte asko eta bista ona behar omen da, eta eskura genituen foken ondoan geratzea erabaki genuen. Argazkiek nahikoa diote...

Harro zegoen foka honek ez zuen ez, ihes egin

Foka eta kumea goxo-goxo lotan

Herritxo honek bestela ere eskeintzen zituen paisaiez gozatu genuen ordu batzuez, eta apurka iparraldera jarraitzea pentsatu genuen. Ehun kilometro baino gehiago egin genituen herririk ikusi gabe. Bidean Zumaia-Zarautz errepide moduko bat "a lo bestia". Eskuinetara mendi ederrak, eskuinetara pinguino eta fokak itsasbazterrean, tartean pelikuletakoa zirudien trenbide bat... Hondartzak, hondartzak eta haitzak. Eta etxerik ez! Zoragarria.


Lasai-lasai gerturatu ziteken fokengana...

Kostatik urrundu eta Blenheim eta zeharkatu genuen iparraldeko kostan zegoen Nelson hirira bidean. Bigarren honekin ere "pasa" egin (itzuleran ere derrigorrez pasa beharreko bidea zen) eta Ruby Bay inguruan gelditu ginen. Bi uharteen arteko padura bati begira zegoen kanpin antzeko bat zen aukeratu genuen lekua. Ikuspegi ederrak, lasaitasuna... Eta Abel Tasman National Parketik gertu.

Kosta eta menditzarrak elkarren ondoan, Kaikoura inguruan


2010/01/05

Kia Ora (II)


Gabon-tarte honen ondoren Aotearoa inguruko bueltatxoaren nondik-norakoak laburtzen jarraituko dut...

4.eguna: Mosburn > Queenstown > Lake Wanaka > Lake Hawea > Haast Beach (410Km)

Te Anau eta Mosburn artean, errepide bazterreko atsedengune hauetako batean esnatu ginen. Motorra dardarka jarri eta berehala abiatu ginen Queenstown aldera loaldia motzegia izan zenaren sentsazioarekin. Beraz, bideko lehenengo lakuko beste atsedengune batean hosto-hots eta lakutik zetorren haize frexkoaren artean lokartu ginen. Bigarrengoan bai, martxan jarri eta Queenstown "hirira" iritsi ginen. Leku txikia berau, hegomendebalde inguruko eremu garrantzitsuenetakoa da; turismoari dagokionean bai behintzat. 'Puenting', 'ala delta' eta honelakoak egiteko aukera ugari dago toki politt hontan, eta gazte asko erakartzen ditu. Gu ordea, zerutik erori berriak (Australian), ez gentozen hortara. Beraz, buelta bat eman, kafetxoa hartu, "aspaldiko partez" interneten surfeatu... Eta aio!

Wanaka parean bazkaldu genuen lekua

Hurrengo geltokia Wanaka lakuaren urertza izan zen. Leku ederra eta lasaia hau ere, mendia eta ura batera daudenean... Bertan bazkaldu eta honek eta Hawea lakuak ia elkar ikutzen duten ingurutik joan ginen zeru berde lasai hauek miresten jarraitzeko; non ibai, erreka eta urjauziak diren hodei bakarrak.

Haast bideko bailara zoragarri bat

Konturatu orduko Haast herrira iritsi ginen; hegoaldeko irlaren mendebaldeko kostako errepidearen behekaldera. Iluntzen ari zen, eta etorkizunean furgonetan argindarra eta ura nahi genituenez akanpaleku merke batean lo egitea erabaki genuen... Eta gure ondoan Osasunako kapitaina zen Krutxagaren berdin-berdina zen gizon bat zegoen bere bikotearekin. "Bera ote da? Futbola utzi ote du? Bah! Oporretan egongo da, eta ez diogu KK emango...".


5.eguna: Haast Beach > Jackson Bay > Fox Glacier > Franz Josef Glacier > Okarito > Ross (375 km)

Gauean zehar sekulako euri-zaparradak entzun genituen, eta goizalderako ez zuen hobetu. Arrantzale batzuekin hitz egin, eta bizpahiru egunean ez zuela hobetuko iragarri ziguten. "Eta orain zer?". Hegoaldera Jackson Bay ingururako errepidea besteik ez dago; hara joatea erabaki genuen (joan etorria bide beretik egin bear zen). Ea glaziarretara joaterako eguraldiak hobera egiten zuen! Jackson hau lau etxe eta sei itsasontziko herri arrantzale bat da. Handik basotxo bat igaro eta haitz batzutara iritsi ginen (lainotuta zegoen), eta han ikusi genuen lehenengo foka erabat aske! Gerturatzen saiatu ginen, baina abiada bizian egin zuen ihes... Motela zirudien ba!

Jackson Point inguruko basotxoa

'Lehenengo foka', ihes egin ondoren

Jackson Bayn ikus ziteken "guztia"

Handik berriz ere Haastetik pasa eta iparraldera jo genuenerako tarte urdinak zeuden zeruan. Hala, kostako errepidea (basamortu berde bat zirudien inguruak, ardi eta behiz josiak) jarraitu genuen Fox glaziarreraino. Bidearen amaieran "Hemen zegoen glaziarra 1750.urtean" eta "Hemen zegoen glaziarra 1975.urtean" kartelak ikusi genituen. Handik kilometro batzutara gaur egungoa... "Uffffaa. Tokita etorri da...". Bainera moduko hau, bertako ikuspegi hotza, izotz blokea... Sekula ez genuen pentsatu horrelakorik ikusi ahal izango genuenik, eta egia esan, garaiz ibili gara.

Fox Glacier bidean

Glaziarraren beheko aldea eta azpitik igarotzen den ibaia

Bidean zehar hainbat bidaiarirekin solasalditxo batzuk egin eta zerbait jatera joan ginen. Ondoren, eta ondoan geundela aprobetxatuz, beste glaziarra (Franz Josef) ere ikustea ohotu zitzaigun! Handixeagoa zen oraingo hau, baina panoramak tamalgarria izaten jarraitzen zuen izotz kopuruaren ikuspegitik. Honek ere kilometro batzuk atzera eginak zituen azken urteotan...

Glaziarrak atzera egitean utzitako zuloaren zati bat. Lehen guztia betetzen zuen...

Franz Josef Glacier gertuagotik

Glaziarren atzerakadak sortutako hotzikarak hezurrak ukitu baino lehen iparraldera jarraitu genuen. Okarito izeneko kostako herriska batera desbideratu ginen hango kostalde basatia ikustera. Itsasoak eta haizeak indarraz jotako hondartza batean eseri ginen honelako lekuak Europan zenbateraino lehertuko ote ziren pentsatuaz... Lo bertan egitea ere pentsatu genuen, baina ordaindu egin behar zenez, gure bidera itzuli eta Ross herrira inguratu ginen. Ikuspegi ederrak eta lehortu beharrekoak esekitzeko moduko monumentua zeuden leku bat aukeratu genuen lotarako... Ez zen txarrena, ezta?

Lo dohan egiteko aukeratutako lekua

2010/01/01

(harri)bitxikeria pare bat


Abenduak 26, aspaldiko partez Gartxot etorri zitzaigun hirira. Eguraldi kaskarra eta jaiegun ofiziala zenez ez zuen aparteko eguna izateko itxurarik, baina bi kontutxo gogoangarri geratu zitzaizkigun.


· Bizi garen tokiko atzekaldeko kalean musika entzun genuen aspaldiko partez. Denborapasa, zuzenean jotzen ari ziren, nonbait. Gartxotek kitarra jotzea maite du eta nik ezin izan nuen bateria honuntz ekarri... Hala, bizilagunen atea jotzea erabaki genuen. Gure egoera azaldu, eta berehala gonbidatu gintuzten barrura! Australiako bi gazteren etxetxoko estudio moduko batean zortzi sydneytarrekin musika sortzen genbiltzan bapatean. Saxoa, bibolina, teklatua, tinbalak, makilak, gitarrak eta bateria erabiliaz inprobisatutako hamar minutuko bi piezatan murgildu ginen... Pena eman zigun "gaurkoz nahikoa jo dugu" esan zutenean, baina hurrengotan atea lasai jotzera gonbidatu gintuzten! OZ eskuzabal eta jatorrak ezagutu ditugu...


· Oxford kaleko Doctor Pong jatetxean egiten du lan gure etxeko Jules bilbotarrak. Leku berezia da: underground pub erdoildu moderno itxura du, ez du inork jaten, DJ bat egoten da bazter batean, zerbitzari gehiegi elkarri begira... Garagardo pare bat dohan hartzera gonbidatu gintuen eta han agertu ginen irurok. Ah! Eta barra eta jateko mahaien tartean, lokalaren erdian ezetz asmatu zer dagoen? Pinpon mahai bat! Imaginatu egoera. Sydney hiriguneko jatetxe baten erdi-erdian sekulako pinpon saioa, algaraka eta tontakeriatan, izerditu arte... Bitxia bada, ezta?