Hiru egun exkax geratzen zaizkigu New South Wales estatua uzteko. Ia ezer ez berriz ere gela egonkorra izateari utzi, motxila jantzi eta ezezagunera ohitzeko. Ordu gutxi batzuk hemen hain ohikoak diren agurretan kateatzeko.
Dagoeneko hasi gara agurrekin, aspaldi hasitako prestaketak errematatzearekin, maletak prestatzearekin, txerto eta mediku-kontuekin, asmoekin, ilusioekin... Horrek esan nahi duen guztiarekin. Atzean geratuko dira Sydney hirian bizitako 9 hilabeteak, geroarte esan beharko diegu agian ikusiko ditugun lagunei... Eta 'agur betirako' gure egunerokotasunaren zati izan diren hainbati. Baina horrela da hau.
Bide zehatzik gabe
Ostegun hontan abiatzen garen arren, oraindik ez dugu gure ibilbidea erabat zehaztu. Egia esan, inprobisatzearen xarmak ere asko erakartzen baikaitu. Hala ere, hegaldiak prezio duinetan lortzearren hegaldi batzuk aspaldi erreserbatu behar izan genituen; eta beraz, badugu bozetoa:
· AUSTRALIAN: Sydney - Townsville - Cairns - Alice Springs - Ayers Rock - Darwin
· ASIAN: Singapore - Malasia - Bali (Indonesia) - Malasia - Tailandia - Laos - Cambodia - Vietnam
Txertoak
Esan bezala, gehienbat Asiako hego-ekialdean igaroko ditugu datozen 100 egunak; eta gure ohiturengandiko "des-itsaste" honi txertoekin genion. Hain zuzen ere hauek dira inguru hartako oihan eta herriskatara sartzekoak gareneoi ia derrigortu egiten dizkigutenak:
· Diphteria
· Tetanus
· Polio
· Pertussis (lehenengo lau hauek batean ditu txerto batek)
· Hepatitis A ('B' lehendik hartua genuen)
· Typhoid
· Malaria (gune batzutarako, pilula prebentiboak gomendatzen dituztenak; inguratu baino egun bat lehenago hartzen hasi, bitartean jarraitu, eta inguru hontatik irtetean astebete gehiagoz hartu behar omen dira)
Badaezpada, aseguro medikua ere kontratatu dugu. Internet bidez topatu genuen merkeenetarikoa da. Egia esan garrantzitsua da enpresa on bat kontratatzea, badaezpada (eta polizaren letra txikia ongi irakurtzea). Hala ere, ez dira batere merkeak, eta gehienek benetako arazoak aurkezten dituzte laguntza txikiena ere behar izaten den uneetan.
Zamak arintzen
Epe ertain-luze baterako etorri ginen Australiara, bapo puztutako maleta banarekin. Orain beste plan batean ibiliko gara ordea, eta ez dugu hemen gaur egun daukagunaren erdirik ere behar izango. Motxila bana eramango dugu barnean toallak, jantzi erosoak, oinetakoak, bainujantzia, kamerak, errepelentea, moskitera, koadernoa, arkatza, linterna eta beste tresna erabilgarri pare batekin.
Eta zer egin beste guztiarekin? Erabili izanaren ondoriozko desgastea dela eta zaborretara joan behar izan dute batzuk. Batenbat oparitzeko modukoa ere iruditu zaigu; eta motxilatan daude behar ditugunak. Gainontzekoa, Euskal Herrira bidali nahi dugu. 20kg hegazkinez bidaltzeagatik 350$ inguru eskatu zizkiguten...
Baina itsasoz bidaliko dugu gure zama! Iristeko bizpahiru hilabete behar izango dituenez (eta ez 10 egun hegazkinez bezala) 180$ da eskatzen dutena. Baina, zer axola digu guri horrek gu baino lehenago iritsiko baldin bada? Kontua zertxobait aurreztea da... Aldea ondo etorriko baitzaigu!