2010/06/14

Bye bye Sydney, bagoazela!


Hiru egun exkax geratzen zaizkigu New South Wales estatua uzteko. Ia ezer ez berriz ere gela egonkorra izateari utzi, motxila jantzi eta ezezagunera ohitzeko. Ordu gutxi batzuk hemen hain ohikoak diren agurretan kateatzeko.

Dagoeneko hasi gara agurrekin, aspaldi hasitako prestaketak errematatzearekin, maletak prestatzearekin, txerto eta mediku-kontuekin, asmoekin, ilusioekin... Horrek esan nahi duen guztiarekin. Atzean geratuko dira Sydney hirian bizitako 9 hilabeteak, geroarte esan beharko diegu agian ikusiko ditugun lagunei... Eta 'agur betirako' gure egunerokotasunaren zati izan diren hainbati. Baina horrela da hau.


Bide zehatzik gabe

Ostegun hontan abiatzen garen arren, oraindik ez dugu gure ibilbidea erabat zehaztu. Egia esan, inprobisatzearen xarmak ere asko erakartzen baikaitu. Hala ere, hegaldiak prezio duinetan lortzearren hegaldi batzuk aspaldi erreserbatu behar izan genituen; eta beraz, badugu bozetoa:

· AUSTRALIAN: Sydney - Townsville - Cairns - Alice Springs - Ayers Rock - Darwin
· ASIAN: Singapore - Malasia - Bali (Indonesia) - Malasia - Tailandia - Laos - Cambodia - Vietnam



Txertoak

Esan bezala, gehienbat Asiako hego-ekialdean igaroko ditugu datozen 100 egunak; eta gure ohiturengandiko "des-itsaste" honi txertoekin genion. Hain zuzen ere hauek dira inguru hartako oihan eta herriskatara sartzekoak gareneoi ia derrigortu egiten dizkigutenak:
· Diphteria
· Tetanus
· Polio
· Pertussis (lehenengo lau hauek batean ditu txerto batek)
· Hepatitis A ('B' lehendik hartua genuen)
· Typhoid

· Malaria (gune batzutarako, pilula prebentiboak gomendatzen dituztenak; inguratu baino egun bat lehenago hartzen hasi, bitartean jarraitu, eta inguru hontatik irtetean astebete gehiagoz hartu behar omen dira)


Badaezpada, aseguro medikua ere kontratatu dugu. Internet bidez topatu genuen merkeenetarikoa da. Egia esan garrantzitsua da enpresa on bat kontratatzea, badaezpada (eta polizaren letra txikia ongi irakurtzea). Hala ere, ez dira batere merkeak, eta gehienek benetako arazoak aurkezten dituzte laguntza txikiena ere behar izaten den uneetan.


Zamak arintzen

Epe ertain-luze baterako etorri ginen Australiara, bapo puztutako maleta banarekin. Orain beste plan batean ibiliko gara ordea, eta ez dugu hemen gaur egun daukagunaren erdirik ere behar izango. Motxila bana eramango dugu barnean toallak, jantzi erosoak, oinetakoak, bainujantzia, kamerak, errepelentea, moskitera, koadernoa, arkatza, linterna eta beste tresna erabilgarri pare batekin.

Eta zer egin beste guztiarekin? Erabili izanaren ondoriozko desgastea dela eta zaborretara joan behar izan dute batzuk. Batenbat oparitzeko modukoa ere iruditu zaigu; eta motxilatan daude behar ditugunak. Gainontzekoa, Euskal Herrira bidali nahi dugu. 20kg hegazkinez bidaltzeagatik 350$ inguru eskatu zizkiguten...

Baina itsasoz bidaliko dugu gure zama! Iristeko bizpahiru hilabete behar izango dituenez (eta ez 10 egun hegazkinez bezala) 180$ da eskatzen dutena. Baina, zer axola digu guri horrek gu baino lehenago iritsiko baldin bada? Kontua zertxobait aurreztea da... Aldea ondo etorriko baitzaigu!

2010/05/30

"La plata amigo; la plata"


Udazkenak aurrera egin du azkenekoz idatzi genuenetik. Onenean ere nekez iristen da hotzberoa 20 gradutara, eta gutxi dira zuhaitzetatik jauzi egin eta naturaren legediak bultzata bere buruaz beste egin ez duten ostoak; orlegitasuna mantenduz euren egoskortasunean. Batzuen kalterako.


Lorazainek eta antzerakook geroz eta tarte zabalagoa eskeini behar izaten diogu etxeen inguruko suizida gorriska, hori eta marroiak lurretik jaso eta ehorzteari. Epailea bertaratu gabe gainera. Eta bitartean belar txarrak ere ez dira hiltzen; akabatu egin behar izaten ditugu. Edo oraindik ere nomadak ziren crasula, agapanta, silver spoon, new zealand christmas tree, chopstick, beste suculenta batzuk, eta abar luzeari hil arteko tokia eman. Zorionez, lanpetuta beraz.


Enpresako lan bat


Baina atsedenerako ere bada denbora; batzutan gehiegi ere dolarrak aurreztea helburu duenarentzat. Horietako batean, Peter Fudge Gardens enpresako langileek zuhaitzen haztegi erraldoi batera (30 urterarteko mota guztietako zuhaitzak zituzten milaka dolarren truke saltzeko prest) eginiko enpresako-giro-ona-mantentzeko txango lasaiaren ondoren gure gelako mahai aurrean eseri berria nintzen Ezequiel peruarrak atea jo zuenean: "Sesma, ¿quieres trabajar?" , "Sí... ¿ahora? Y... ¿eso?", "Un amigo que nos ha fallau. Es simple. Quieres?", "¡Vamos!".



Mudantza Martin Placen


Eta orduerdian han ginen hiriaren bihotzean, Martin Place kaleko dorre baten parean eseri eta Pueblo tabakoaz gozatzen. "Se trata de un proyecto grande. Es un edificio de abogaus que están remodelándolo planta por planta. Entonces, cuando ellos no trabajan vaciamos una, la reponen, y volvemos a las dos semanas a hacer lo mismo". Azalpenak ematen zizkidan bitartean iritsi ziren hegoamerikar itxurako beste sei gazte: Emanuelle, Andrés eta oroitzen ez ditudan izeneko beste bi kolonbiar, Ignacio txiletarra eta Kike peruarra.


Martin Place, gabonetan


Jende irekia zen, eta berehala hasi ginen Sydney, inguruak, lana eta asmoen inguruan jardunean; hortan ginela gure lankideak izango zirenak iritsi ziren arte: japoniar bat, 'Lukas' (Adams sendikoaren omenez), Elvis (ilea izenaren omenaldi moduan zeraman 180kg inguruko gizontzarra), irriparrea barra-kode moduan zeraman aitona bat... 12 ginen guztira.



Mantsoago, mantsoago, mantsoago...


Elkar ezagutzen ari ginela iritsi zen Justin australiarra. Gure managerra. Orainartekoak baino itsura dotoreagoa zuen. Guztiei aurkeztu zen, denoi eskua eman zigun, enpresako poloa, eta bere atzetik joan ginen dorre barruko 7.solairura. Lana azaldu zigun Margaret arduradunaren aurrean, eta taldeka (esperientziadun gizon argi bat eta bi mozolo) berehala hasi ginen 'New Police Force', gaizkile, jipoitu, zordun, banku eta abarren kasuetako orrialde guztiak apalez apal, gelaz gela eta solairuz solairu mugitzen. Berdin aulkiekin, mahaiekin, armairuekin...


Tontolana zen; nahiz eta bererano batzuk beren lanari meritua ematearren gauzak alfer-alferrik nahasi. Nahiz eta esperientzia zutenek akatsak egin eta zuzenketak ez onartu. Oinarrizkoa: pegatinan gelaren zenbakia zuten gauzak zegozkien gelatan uztea ("ufffa!"), edo karpeta ezberdinen barruan zeuden orrialdeak elkarrekin ez nahastea ("eeeeeemm??")


Bi ordutan erdia baino gehiago egina genuen Justinek afaltzera gonbidatu gintuenean. 'Hungry Jacks' apur bat 'Pizza Hut' ikuttuekin. Ia ordubete pasa genuen mahaiaren inguruan, eta Margaret falta zenean argi utzi zigun enkargatuak: "Oso azkar ari gara. Bai zuei eta bai niri orduka ordaintzen digute. 25$ orduko. Mantsoago egingo dugu, ados?".


Eta saiatu ginen bai, baina ez genuen lortu nonbait. "Mantsoago". Mantsoago???? Txandaka sukaldean lo egin behar, edo artxibategietako folioak banan-banan mugitu, edo eskorgatxoak hiru gizasemeren artean bultza...



¿Cuánto llevas aca?


Elkarri begira, denbora nola galdu ez genekiela elkar ezagutzeko aukera izan genuen. Nire kasuan gehienbat hegoamerikarrak eta hauen asmoak. Emmanuele kolonbiarra arkitektoa omen da: "Vine aquí porque independientemente de lo que hagas siempre ganas más. No he podido ejercer por la crisis mundial, pero bueno, trabajo limpiando barcos y ya veremos...".


Andres eta Kike dentistak. "Allá no ganaríamos mucha plata amigo, asique nos vinimos. Pero acá, tenemos que hacer un examen, y ahorrar para poder pagarte tus gastos mientras estudias, y la matriculación para el examen... te hacen falta al menos 30.000$. Por ahora ahorramos para luego invertir, pero después de 3 años me estoy cansando de obras, demoliciones, limpieza... y tanta conplicación... Porque un diente es un diente, ¿no?".


Ezequiel ING enpresaren aseguruen bulego bateko zuzendaria omen zen krisiagatik Peruko ofizina guztiak itxi zituzten arte. "Nunca pensaría que después de 10 años allá trabajaría en obras, limpieza, de camarero... ¡Lo que sea!". Orain berriz postu berera itzultzeko deitu diote, eta gaur bertan joan da bere hirira. Bere alabak izango ditu han zain.


Gauza batean denak ados: "¿Dónde ganarás tanto haciendo estos trabajos de mierda? Son trabajos fáciles, de tontos... Es un sitio caro y haces trabajos malos. De inmigrantes, pero si trabajas, ahorras. Y la plata es la plata amigo... Allá nunca ganaría tanto haciendo esto..."



Hurrengoan zer izango da?


Ingelera ikasketak etxe-garbitzaile lanekin konbinatzen ditu Maialenek. Euskal etxean euskara klaseak ere eman ohi zituen, azterketaren gertutasunagatik utzi behar izan zituen arte. Ni berriz, lorazain, altzari-banatzaile, bikoiztaile, igeltsari, mudatzaile, eta orain irakasle gisa bere ordezko lanetan nabil...


Ez dio axola zer zaren (tamalez jatorriak apur bat bai). Kontua zertarako prest zauden da... Azken finean, "la plata es la plata, amigo!"